3 eguneko egonaldiaren programazioa

Sarrera
Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Gazteria Zerbitzuek egitarau bat dute DBHko B eta D ereduetako ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko.
Egitaraua Orioko Txurruka aterpetxea du oinarri, bost eta hiru eguneko egonaldien bidez. Ongi pasatuz euskararen erabilera sendotzea eta euskara testuinguru berrietan ezagutzea eta erabiltzea da gure helburua. Horrela, egonaldi hauetan gazteek gogoko dituzten eta normalean egiten ez dituzten jarduerak eta kirolak egiten dituzte euskaraz: piragua, orientazioa, txangoak, internet, tailerrak...
Egonaldiak 2008ko urriaren 1etik 2009ko ekainaren 19ra bitartean egin daitezke.
Oinarria
Hire esku! egitarauaren antolaketa eta exekuzioa, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu duen Hezitzaileek asko egin dezakete izeneko txostenean dago oinarrituta.
Taldeak
Hire esku! egitarauan gutxienez 20 neska-mutilentzat eta gehienez ere 50entzat dago tokia. Muga horretarainoko oheak ditugu programa honetarako, ez gehiago. Erreserba egiteko garaian libre geratzen diren oheak aterpetxearen ohiko eskaintzari gehituko zaizkio.
Egonaldiak DBHko B eta D ereduetako Gipuzkoako ikastetxe guztiei zuzenduta daude. Gipuzkoaz kanpoko ikastetxeek ekainaren lehen astean bakarrik dute aukera. Ikasleak bi adin taldetan banatzen dira: 12-13 urte eta 14-15 urte.
Ekintzak eta helburuak berdintsuak izango dira bi adin taldeetan, baina hezitzaileen jarrera eta ekintza bakoitza egiteko modua desberdina izango da, adinak horrela eskatzen duelako.
Egonaldiak: 3 egun
Bi aukera proposatzen ditugu Txurruka aterpetxeko egonaldietarako: bost edo hiru eguneko egonaldiak izango dira. Bost eguneko egonaldiek erabateko lehentasuna dute.
Prezioa
2008arako prezio hauek dira indarrean:
- 3 eguneko egonaldia: 43,50 euro pertsona bakoitzeko (irakasleek ere ordaindu egin behar dute egonaldia).
2009ko prezioa ez dago oraindik erabat finkatua, baina ziurrenik aurtengo prezioari KPI gehituko zaio.
Hezitzaileak
Hire esku! programan lau hezitzailek egiten dute lan, eta horietako bat zuzendaria da. Hezitzaile horiek irakaskuntzari eta aisialdiari buruzko ikasketak dituzte.
Hezitzaileen ordutegia hau izango da:
- Goizez: 10:00- 13:00
- Arratsaldez: 16:00-19:00
Ordutegi horren barruan gazteak hezitzaileen ardurapean egongo dira; gainontzeko orduetan, irakasleen ardurapean. Gauean, aterpetxeak zaintzaile bat izaten du.
Taldeen arduradunak
Gazteekin datozen irakasleek ekintzetan parte hartzea komenigarria da: gazteen ondoan egon, haiekin ekintzetan parte hartu... Gazteen arduradunen eta proiektuaren arduradunen arteko komunikazioa guztiz zabala izango da, eta gutxienez egunean behin elkartuko dira bazkaltzeko garaian.
Ekintzak
Ekintzak euskara suspertzeko eta euskaraz bizitzeko daude prestatuta. Aldi berean, ekintzak giro atsegin eta dibertigarri batean eramango dira aurrera, eguneroko bizitzan sortu daitezkeen arlo desberdinei erantzuna euskaraz emateko asmoz.
Ekintzak lau multzotan banatzen dira:
- Teknologia berriak : internet, irrati digitala...
- Kirolak : Orientazioa, piragua (urritik azarora eta apiriletik aurrera),
- Herri bizitza eta ohiturak: Orio, Pagoeta edo Zarautzera bisitaldiak.
- Kultura eta jakintza, hainbat jolasen bidez (hizkuntzazko jolasak, SMS kutxa, esamoldeen jokoa, bikoizketak, eta abar)
Instalazioak
Txurruka aterpetxeak, logela eta jantokiaz gain, baditu beste azpiegitura interesgarri batzuk: kirola egiteko tokiak (futbola, saskibaloia, ping-pong, frontoi txikia), toki estaliak aulkiekin eta balio anitzeko gelak. Horietaz gain, internet gela ere badago.
Kirola egiteko behar den materiala, aterpetxeak utziko dio taldeari.
Jarduera programa: astelehenetik asteazkenera

Oharra: Egitarau hau behin-behinekoa da eta urtaroaren edo eguraldiaren arabera aldaketak izan ditzake.
Jarduera programa: asteazkenetik ostiralera

Oharra: Egitarau hau behin-behinekoa da eta urtaroaren edo eguraldiaren arabera aldaketak izan ditzake.
Eguraldi txarra
Eguraldi txarra egin eta kanpora atera ezin garenerako hiru jarduera hauek proposatzen ditugu:
- Telebista saioa.
- Altxorraren bila aterpetxean zehar.
- Ginkana.
Ordutegia
08:30 Ohetik jaiki
09:00 Gosaria
10:00-13:00 Goizeko ekintzak
13:30 Bazkaria
16:00-19:00 Arratsaldeko ekintzak
17:00 Askaria
20:30 Afaria
23:00 Ohera
23:30 Isilik
Lehenengo egunean taldeak 09:30etarako iristea komeni da. Modu horretan, 10:00ak alderako jarduerekin hasteko aukera emango luke.
Arau orokorrak
Egonaldi guztietan arau orokor hauek bete behar dira nahitaez:
- Debekatuta dago erretzea aterpetxearen toki guztietan.
- Hezitzailearen baimena behar da aterpetxetik ateratzeko.
Jantokia
Jantokian arau hauek ditugu:
- Arduradun bana izendatu behar da mahai bakoitzeko.
- Arduradunak janariak hartu, banatu eta mahaia jaso behar du.
- Erratza pasa behar da.
- Debekatuta dago janariak eta edariak jangelan sartu edo ateratzea.
Logelak
Logeletan arau hauek ditugu:
- Txukun egon behar dira.
- Atseden orduetan ezin da sartu (gomendioa).
- Debekatuta dago logeletan jatea eta edatea.
Materiala
Ekintzetarako erabili behar den materialari buruz, arau hauek ditugu:
- Ongi zaindu behar da.
- Ekintzetako materialaren ardura hezitzaileena izango da: ordenagailuak, unean uneko materiala eta abar.
- Denbora libreko materialaren ardura irakasleena izango da (30 euroko fidantza jarri behar da horretarako).
Ekintzak
Ekintzetan arau hauek bete behar dira:
- Nahitaezkoa da denek parte hartzea.
- Sakelako telefonoak, mp3ak, walkmanak, diskmanak... ekintza orduetan erabiltzea debekatuta dago.
Euskararen erabilera lantzeko oinarriak
Hezitzaileek asko egin dezakete metodologian abiapuntu hartuz, euskararen erabilera lantzeko oinarri hauek erabiltzen ditugu.
Hizkuntza erabiltzea ezinbestekoak diren jarduerak
Jarduera gehienetan hizkuntza erabiltzea ezinbestekoa izango da, modu horretan erabilera nahiko erraz ziurtatuko da. Batzuetan, jarduerak berak eskatzen du euskara erabiltzea (hizkuntza jolasak, SMS kutxa, esamoldeen jokoa, bikoizketak, eta abar). Beste batzuetan, dinamikaren arauak moldatuko dira euskara erabiltzea ezinbestekoa izan dadin (pista jolasean eta abar).
Produkzio elebakarra eta ulermen elebakarra
Hezitzaileek beti erabiliko dute produkzio elebakarra. Ulermen elebakarra ere asko erabiliko da, baina kasu bakoitzean ikusi beharko da noiz erabiltzea komeni den.
Erabilera adostua espazio eta denbora tarte jakinetan
Gazteekin hainbat espaziotan eta denbora tarteetan euskara erabiltzea adostuko da. Gaztetxoak izatean, zaila ikusten da jardun osoa euskaraz egitea adostea. Onartu dezaketen arren, kasu askotan oso zaila izango da hori betetzea. Txanden hasieran ez da estrategia hau erabiliko, eta, taldeen ezaugarriak direla eta, txandan zehar erabiltzea egoki ikusten bada, orduan txertatuko da.
Hezitzailea zentro eta parte jardueraren ia denbora guztian Beste hiru oinarriak benetan eraginkorrak izan daitezen, hezitzaileek jarduna dinamizatzen duten ordutegian, ia denbora guztian zentro edo parte izango dira. Hau da, ekintza arautuetan beti izango dira zentro edo parte, eta tarte libreetan, parte izango dira ia beti. Erabilera adostuaren estrategia erabiltzen den kasuetan, hezitzaileak zentro eta parte gutxiagotan izango dira, hezitzailea ez dagoenean ere erabilera ohiturak indartu daitezen.
Beste zenbait helburu eta haiek lantzeko oinarriak
Teknologia berriak erabiltzea
Teknologia berrietan euskara erabiltzea garrantzitsua da, gazteentzako erakargarria baita eta askotan ez baitute euskararekin lotzen. Teknologia berriekin lotura zuzena izango duen jarduera honakoa izango da: bikoizketak egitea.
Inguruneko aberastasun kulturala eta etnolinguistikoa ezagutzeko ekintza asko
Ingurunea ezagutzea eta herritarrekin harremanetan jartzea lortu nahi da. Noski, jarduerak harreman hori euskaraz izan daitezen bideratuko dira. Horretarako programatutako jardueretan hezitzaileak gazteekin batera arituko dira jolas eta dinamiketan. Helburu horretara bideratutako jarduera honakoa da: Orio ezagutzeko pista jolasa.
Gazte hizkera lantzeko tarte handia
Euskarazko gazte hizkera lantzeko dinamikak eta jolasak egingo dira. Hire esku! aisiako programa bat izatean, euskararen erabilera lantzeaz gain, hizkera informala lantzeko jarduera aproposa da. Horri begira egingo dira honako jarduerak: hizkuntzazko jolasak, SMS kutxa, esamoldeen jokoa, bikoizketak, eta Wazemankeko bideoak.
