Aire, aire, euskarari!
Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina bat antolatu du izen horrekin, euskararen erabilera soziala sustatzeko helburuaz. Irudiak, mezuak eta bitartekoak bereziak izango dira, euskara zernahi girotan erabil daitekeela adierazteko.

Gizarteratzeko asmoz egina
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatua izan arren, kanpainaren aurkezpenean Gizarte tea Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatu Fernando Tapiak argi utzi nahi izan du kanpainaren ikurrak eta elementuak gizarterako eskaintza. Enpresa, elkarte, kirol talde eta abarrei dei egin nahi die Aldundiak, «Aire, aire!!! Euskarari» aldarria aintzat hartu eta erabil dezaten.
Hastapeneko hilabeteotan, publizitate bidez emango da aditzera mezua, bai telebistako iragarkietan (ETB1en eta ETB2n), bai irrati-zirietan. Aurrerago, publizitateaz gaindiko ekintzak eta jarduerak ere antolatuko dira, batik bat Gipuzkoako udalekin batera.
Aurpegi ezagunak
Telebistan ikusiko diren iragarkietan, aurpegi ezagun asko agertuko dira «Aire, aire!!! Euskarari» esanez, besteak beste Maider Lopez donostiar artista, Pedro Migel Etxenike nafar fisikaria, Naroa Agirre pertika jauzilaria, Karlos Argiñano eta Martin Berasategi sukaldariak, Elena Irureta aktorea, Ander Vilariño pilotua, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak, Edurne Ormazabal irrati esataria, Ainhoa Arteta sopranoa, Josune Bereziartua eskalatzailea, Pello Ruiz Cabestany ziklista izandakoa, eta Adela Gonzalez telebistako aurkezlea.

Ikurra, hauspo modernoa
Kanpainaren sortzaileek adierazi dutenez, haizagailuaren ikur nagusiak «hauspo modernoa» irudikatu nahi du, gizartearen zirrikitu guztietara euskararen aire freskoa sarrarazi nahi lukeena. Koloreak ere ikurraren lagungarri izan nahi du: aire garbi eta hezearen irudia eman nahi izan diote, urdin berezi hori erabilita.
www.aireaire.net
Kanpainak irauten duen bitartean, webgune propio bat izanen dugu. Oraingoz, irrati-telebistetako irtagarkiak eta kanpainako gainerako material grafikoa hemen ikus daiteke:
