euskaraz · espaņol · english · franįais  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Euskararen erabilera Gipuzkoako Foru Aldundian

Euskararen erabilera Gipuzkoako Foru Aldundian

Administrazioaren hizkuntza normalizazioaren alorrean Euskara Zuzendaritza Nagusiaren helburua da euskara izatea Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu eta lan hizkuntza.

Alor honetan, herri-administrazio guztiek bete behar dituzten eginkizun nagusiak 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak biltzen ditu, EAEko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak hain zuzen.

Aldundiaren esparruan, 2009ko urtarrilaren 27ko 3/2009 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundian Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzen duena 2008-2012 aldirako dugu araubidea. Lanpostuen hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak zehaztearekin batera, Aldundiko administrazio atal guztientzat hizkuntza helburu zehatzak ipintzen ditu.

Planaren bigarren zutabea da 2009ko urtarrilaren 27ko 4/2009 Foru Dekretua, hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera esparruan 2008-2012 aldirako. Alderdi asko arautzen ditu: euskararen erabilerak izan behar duen trataera, ahozko nahiz idatzizko erabileran, herritarrekin nahi beste herri erakundeekin; jende aurreko ekitaldietan, argitalpenetan, hizkuntza paisaiari lotutako gaietan, eta orobat Foru Aldundiaren jarduera esparru guztietan, berari dagozkion hizkuntza helburuak betetzeko beharrezkoak direnak.

Berariazko neurriak xedatzen ditu administrazio kontratazioaren esparruan, herritarrarekin harreman zuzena duten zerbitzuetan, baldin eta beste hirugarrengoen bidez kudeatzen badira, ziurtatua egon dadin Foru Aldundiak berak eman izan balitu bezala emanak direla hizkuntzaren trataerari dagokionez. Hain zuzen ere, kontratazioak egin behar dituzten organoei tresna lagungarriak emateko asmoz, Diputatuen Kontseiluaren Erabakia eman du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera esparruan administrazio kontratuak gauzatzeko orduan bete behar diren hizkuntza baldintzei buruzkoa.

Oinarrizko xedapen horien osagarri, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek euskara ikastaroetarako joateko baldintzak arautzen dituen dekretua ere onartu du Aldundiak.