Bi hizkuntzetako mintzaira
Antton Olariagak Zeruko Argiako atea jo zuenean, aro berri bat zabaldu zitzaion euskal umoreari. Euskaldungoak bere burua aurkitu zuen marrazki haietan, noiz samurtasunez ikusia, noiz mingostasunez, ironiaz beti. Umorearen ispilua jarri zigun Olariagak aurrean. Urteen joanean, ispilu horiek ugaldu egin dira: Marizikin, Juana Bixenta, Hormasprayko, Igelio eta Axerio, Ipurbeltz, eta batez ere Zakilixut. Euskaldun baten umorea zen, euskaraz sortua. Bere lanaren bi adarretatik tira eginaz, bi hizkuntzetatik, grafikoa eta hitzezkoa, garatu du Olariagak bere obra, hogeita bost urte oparootan.
Hainbatek Antton Olariaga kazetaritzat hartzen du, prentsako orrietatik egunean egunekoari ziria sartzen dionez. Beste batzuk idazletzat dute, euskarari gutxik bezala astindu dizkiolako hauts zaharrak, bere moldeetara ekartzeko, umore kritikoaren beharretara: euskara, trinko, zorrotz, adarjolea behar zuen, eta idazle askorekin, idazle onenekin agian, jardun du ahalegin horretan. Batuan beti, idazlearen diziplinaz eraiki du mintzamolde urbano, erotiko, irreberentea. Ez du tradizioa hankaz gora jartzeko beldurrik, tradizioa ezagutzen, maitatzen eta baliatzen duenez. Hitz jokoak, errefrauak, esamoldeak, bertsoak eta koplak maisuki erabili izan ditu beti. Koldo Izagirreren hitzetan, Olariagaren lana literatura da, ?egunerokoa, baina ez egunerakoa?.
Baina Olariagaren benetako mintzaira marrazkia da, irudia. Prentsako ilustrazio nahiz txisteetatik abiaturik, mundu grafiko zabal eta joria landu du. Haur eta gazteentzako literatura ilustratu beharrak mundu emankor bat zabaldu zion. Olariagak, irakurle finaren baliabideak zorrotz erabiliz, testuarekiko harreman sare aberatsa ehundu du urteotan, eta testuetan oin eginik, marrazkigintzaren estilo eta teknika ugari landu du, mundu eta grafismo oso bereen baitan. Zuri beltza nahiz koloreak baliatzen trebea da oso, estilo anitzen eragina jakin du biltzen, hausnartzeen eta arnas-berritzen. Ilustrazioetan bezainbat erakutsi du hori kartelgintzan, komikigintzan eta liburuen diseinuan.
Olariaga nor den ez dakienak ere badu haren jardunaren berri. Egunkarietako irakurleak, egunero izan du bere pertsonaiekin topo egiteko aukera. Euskal munduan, edonork ikusi ditu, norenak ziren jakin gabe ere, haren kartelak, liburu azalak, logotipoak, ilustrazioak. Lan isila da, euskal kulturan erabat sustraitua. Eredu bat izan eta izango da, euskal marrazkigileentzat bezala, idazle nahiz kazetarientzat, eta oro har, barrea ere euskaraz egiten haren txisteetan ikasi genuen euskaldun guztiontzat. Ongi merezia du beraz, Anton Abbadia Saria.
Joxan Muņoz
