Diputatuaren hitzak

Jaun-andreak, arratsalde on.
Aurtengo Anton Abbadia saria baloratu eta proposatzeko lana hartu duen epaimahaiak irizpide hauek hartu ditu kontuan 2005eko Anton Abbadia saria armiarma.com webguneari emateko proposamena egiterakoan:
- armiarma.com literaturaren inguruko jakintza eskumen publikoan jartzeko ahalegin bat da.
- Estrata Liburuak SLk (Susa argitaletxearen eta armiarma.com-en atzean dagoen enpresak, alegia) ez du Internet erakusleiho soil gisa edo salmenta gune gisa hartu; aitzitik, hastapenetik paperak irakurleari eman ez diezaiokeen balio erantsi bat eskaintzeko xedez jokatu du sarean.
- Proiektuaren jatorrian argitaletxe pribatu bat dagoen arren, proiektua ez da ikuspen komertzial batera lerratu.
- Aitzitik, euskal literaturaren ondarea eskumen publikoan jartzeko ahalegin jarraitu eta koherentea izan da armiarma.com hasieratik. Ondare horren zati bat, argitaletxeak bere baratzetik emandakoa da. Beste zati handi bat, paperean eta eskuragaitz zeuden literatur aldizkari asko digitalizatuta sortu dute. Eta beste atal handi bat, han eta hemen sarean sakabanatuta zeuden iturriak modu sistematikoan bertara bilduta.
- Lan hori egiteko, armiarma.com-ek unean uneko laguntzaileak eta bitartekoak aurkitu eta kudeatzeko trebetasuna izan du: herri erakundeen diru laguntzak eskuratu, egile nahiz argitaratzaileen eskubide arazoak konpondu, literatur iturri elektronikoak zituztenekin adostasuna lotzea eta abar. Egile zuzen izateaz gain, eragile ere izan da.
- Literatur testuak formatu elektronikoan ematearekin batera, sarearen eta eskumen publikoaren ikuspegia ongi landu izan du armiarma.com-ek. Testuari balio erantsia eman dio beti: digitalizatutako testuen eta hitzen bilatzaile indartsua, literaturaren albo-inguruetako informazio kualifikatua (literatur kritiken hemeroteka, euskal idazleen fitxa elektronikoak eta argazkiak), literatur albisteen hedakuntza (asteroko «emailuak») eta abar.
- Oro har, armiarma.com bere bost urteko ibilbidean euskal literatura paperaren mundutik sarearen mundura eramateko saio antolatu, zentzuzko eta sendo bakarra izan da, ekimen pribatuak sortua, baina ikuspen publiko argiz garatua.
- Orain arteko bost urtetan egindako lana goraipatzeaz gain, etorkizunari buruz armiarma.com-en langintza indartzeko hauspoa izan daiteke Abbadia saria.
Epaimahaian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari garen Xabier Huitzî, Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusiarekin eta neronekin batera izan ditugu Mari Karmen Garmendia andrea, Joseba Balerdi jauna eta Joxean Muñoz jauna, eta aurreko bi urteetan Abbadia saria jaso duten Elay Taldeko Juan Jesus Alberdi jauna eta Tinko Euskara Elkarteko Marian Galarraga andrea; idazkari lanak egin ditu Euskararen Normalkuntza eta Sustapen Zerbitzuko buru Gotzon Egiak. Guztioi eskerrak eman nahi dizkiet, Abbadia saria ongi bideratzen lagundu digutelako.
Epaimahaiak aurkeztutako proposamenari jarraituz, eta 2005eko irailaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen deialdiaren arabera, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatu naizenez
ERABAKI DUT
- Alde batetik, 2005eko Anton Abbadia saria ematea armiarma.com webgunearen arduradunei ematea, literaturaren gaineko jakintza eskumen publikoan jartzeko egiten duen lan eskergagatik.
- Eta bestetik, sariari dagokion domina oroigarria eta hamabi mila eta ehun euroko diru saria ematea armiarma.com-en ardura duen argitaletxeari.
Hauxe izenpetu dut gaur, Donostian, 2005eko abenduaren 1ean
