euskaraz · español · english · français  map du site Contacter  
Vous êtes ici:   Abbadia saria »  Juanba Berasategi - 2006 »  Juanba Berasategiren hitzak

Juanba Berasategiren hitzak

Gabon. Mila esker handi bat guztioi. Aldundiari, sari eder hau jarri zuelako. Epai-mahaikoei, ni saritu nautelako. Etorri zaretenoi ez dizuet eskerrik emango, urduri jartzen nauzuelako.

Motela naiz hizketan, eta euskaraz motelago.Horregatik eman didazue saria. Motela bai, baina egoskorra.

Nire entziklopedia pertsonaleko izen batzuk proposatuko ditut. Hauetako askori ere eskerrak eman behar dizkiet. Egia esan, bide luze samarra egin dut eta jende askok lagundu nau. Lagun guztiak ez ditut txarrak. Etorri zaretenak ere ez.

Hauxe da nire entziklopedia txikia.

Amezketarra, Fernando

Laburmetraia izan zen aurrena. Gero telesaila izan zen, Amatiñoren erabaki pertsonal bati esker.

Andaluzia

«Ahmed Alhambrako printzea» egin genuen andaluzekin. Komunitateen arteko lehen koprodukzioa izan zen. Gero beste luzemetraia egin genuen elkarrekin, «Alhambrako giltza».

Arieta, Eugenio

Errenterian zegoen optikoa, bere laguntzarik gabe ez zen izango posible marrazki bizidunen hasiera.

Azetatoa

«Triacetato de celulosa», horren gainean marrazten genituen pertsonaiak. Baina tinta, garai hartan bakarra zegoena tinta txinatarra zen, eta ez zen itsasten azetatoan, isuri egiten zen. Arazo handia.

Bartzelona

Espioitza egin genuen Bartzelonan. Han bazen marrazki biziak egiten zituen tailer inportantea. Diputazio honek egindako sasi-kontratu batekin sartu ginen tailer hartan, produkzio handi bat egin behar genuela esanez. Dena erakutsi ziguten. Horrela jakin genuen tinta txinatarra azetatoan itsasteko azukrea bota behar zitzaiola. Puntako teknologia, garai hartan.

Bertsio orijinala

Bai, marrazkiek badute bertsio orijinalik. Niretzat behintzat bai. Hauxe da: lehenbizi dialogoak grabatzen ditugu, eta gero dialogo horien bokal eta kontsonante jokoen arabera mugitzen ditugu pertsonaien ezpainak. Ikus ezazue gure edozein film gaztelaniaz: ezpainak ez dute esaten entzuten duguna. Bertsio orijinalean ari dira.

Diputazioa

«Fernando Amezketarra» sartu ahal izan genuen Donostiako Zinemaldian, Internazionalean, film luze baten aurretik emateko. Festibalekoak esan ziguten ezin zela euskara hutsez eman. Borroka gogorra izan zen. Azkenean, Diputazioak mehatxu egin zuen: edo pasatzen zen «Fernando Amezketarra», edo Zinemaldiari ematen zion dirua kenduko zuten. Zuzendaritzak onartu egin zuen filma euskaraz. Xabier Aizarna zen orduan diputatu nagusia.

Disney

Ez da nire eredua.

Dolby

«El pago se efectuara en libras esterlinas y por adelantado».

Ekialdeko izarra

Gure lehen lana, 16 milimetrotan.

Elosegi, Edorta

Ni baino egoskorragoa, zorionez. Berari zor diogu teknologia berria tailerrean sartu izana. Lagun leiala, langile handia, beti bide berriak asmatzen.

Emakunde

Zintzoagoak gara «Sorkunde» mini telesaila egin ondoren.

Euskara

Hizkuntza. Istorioak kontatzeko kamera konplikatua. Hizkuntza, ez euskara.

Festibalak

Lekeitio eta Zarautz.

Goya, Goya sariak

Beti gaude hautagai. Joxan Muñozek eta Txabi Basterretxeak zuzendutako «Karramarro uhartea» filmari eman zioten, duela bost urte. Gure tailerrean egin zen.

Goya, Luis

Zinemaren abenturan sartu zen, marrazki bizidunen bidetik.

Ibaia, elkartea

Badirudi ezinezkoa errebindikatzen dugula. Ikus-entzunezkoa, beti berdin.

Ikuska

Dokumental saila, euskaraz, Antxon Ezeizak bideratua. Nire lehen esperientzia irudi errealetan. Maisu ona, Antxon.

Ipar Haizearen erronka

Bigarren film luzea. Abokatuak, perituak, epaitegiak, errekurtsoa, Auzitegi Gorena, epaia. Film polita, bazkide gaiztoak.

Izagirre, Koldo

Ez da etorri, buruko mina omen du.

Japonia

Ez gara behin ere bertara joan. Zerbitzu onak eskaini dituzte beti, eta merke, oso merke. Guk tailerra mantendu nahi izan dugu.

Kalabaza Tripontzia

Gure lehen film luzea. Pelikula fundazionala. Barkatu harrokeria, baina hala da. Especial para la Infancia. Especial calidad. Declarada de especial interés Cinematográfico. Hori Ministerio de Culturak. Mención Honorífica Nuevos Realizadores CIGA sarian, Donostiako Zinemaldian. Zinemaldian euskara hutsez pasa zen.

Kodak

«El pago se efectuará por adelantado».

Lan taldea

Ospatuko dugu.

Lazkao Txiki

Telesailik errentagarriena politikoentzat: bi interpelazio parlamentario probokatu zituen. Bata UArena, bestea PPrena.

Madril

Bidai asko, bilera asko, hitz asko, ezer gutxi.

Magan, Alberto

Montadore jeniala, laguna, maisua. Gazterik hil zen.

Marrazki biziak

Lan astuna.

Mujika, Iñaki (Ezkerra)

Asko lagundu zigun.

Muñoz, Joxan

Eskerrik asko Joxan, laguna izateagatik.

Murua, Imanol

Premio bat eman genion Kulturako diputatu zela. Premioa, gainera, Bizkaitik ekarri genuen, euskal zinemaren Mikeldi bat. Zor genion: Jaurlaritzak zinemaren konpetentzia beretzat hartu aurretik, Diputazioak asko lagundu zigulako.

Nazabal, Juan Carlos

Lagun ona, marrazkilaria bikaina. Azken bost filmak marraztu ditu, eta hala ere beti umore oneko dabil. Inbidia ematen dit.

Oskorri

«Kalabaza Tripontzia»-ren musika egin zuen Oskorrik. Natxo de Felipek erabaki zuen ez zigutela kobratuko.

Pasai Donibane

Jaietako portadak, kartelak, beste portadak, kartelak, kartelak, kartel gehiago? Nire herria.

Peñalva, Gurutze

Gure idazkaria, tailerra kontrolatzen duena. Marrazkiak egitea baino lan gogorragoa da berea.

Telebista

Gure bezero naturala izan behar luke.

Telebista, Euskal

Problemak. Hala ere partea izan du nire pelikula guztietan.

Txirri, Mirri eta Txiribiton

Film luzea egiteko proposamena egin nien. Baietza eman zidaten. Beren irudiak erabiltzeko baimena eman zidaten xentimorik eskatu gabe.

Zinema

Istorioak kontatzeko tresna ederra, eta oso zaila. Dena da zaila zineman.

Zinema, Euskal

Dena da zailagoa. Galdutako borroka dela uste dut.

Zinkunegi, Imanol

Gure marrazkilaria eta margolaria, bikote beldurgarria egiten duena Juan Carlos Nazabalekin. Ironia handia dauka. Adarra jotzen didate biek ederki.

Zuri-beltza

Kartelak egiten hasi nintzenean hauxe zen dialogoa:

  • Nola egingo dut?
  • Txuri-beltzean!

Ez zegoen dirurik kolorerako. Orain zailagoa bihurtu da zuri-beltzean lan egitea koloretan baino. Asko gustatzen zait zuri-beltza. Ekonomia txiki batekin edertasuna nola sortu, erronka polita da.