Juanba Berasategi - 2006

Juan Bautista Berasategi Luzuriaga (Pasaia Donibane, 1951) animazioko zinemagintzaren aitzindaria izan da Euskal Herrian. Marrazki bizidunen munduan hemen sortu, landu eta ekoiztu diren proiektu guztien atzean, zuzenean nahiz zeharka, Juanba Berasategi egon izan dela esan daiteke. Aitzindari izateaz gain, Euskal Herrian bere atzetik etorri den marrazki bizidunen egile soka luzearen maisu edo irakasle ere izan da.
Gazterik hasi zen marrazki bizidunetan lanean, eta lehen filma, Ekialdeko izarra hura, bere dohainen erakusle garbia izan zen.
Harrezkero egin dituen lanen zerrenda, hona laburturik:
| Zuzendaritza eta ekoizpena | ||
|---|---|---|
| Ekialdeko izarra | 1977 | Marrazki bizidunetan egindako lehen euskal film laburra. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian eman zen estreinakoz. |
| Fernando Amezketarra | 1979 | Marrazki bizidunak. Euskal zinemaren lehen saria Bilboko Zinema Labur eta Dokumentaleko Nazioarteko XXI. Lehiaketan. |
| Ikuska 6 | 1980 | Dokumentala, Javier Agirresaroberen argazkiaz. |
| Kukubiltxo | 1983 | Marrazki bizidunak. Euskal zinemaren sari nagusia Bilboko Zinema Labur eta Dokumentaleko Nazioarteko XXV. Lehiaketan. |
| Kalabaza tripontzia / La calabaza mágica | 1985 | Marrazki bizidunetan egindako lehen euskal film luzea. Espainiako Kultura Ministerioak kalitate berezikotzat, zinema interes berezikotzat eta haurrentzako berariazkotzat hartu zuen. Ohorezko aipamena jaso zuen Donostiako Nazioarteko XXXIII. Zinemaldian. |
| Ipar haizearen erronka / La leyenda del viento del norte | 1991 | Marrazki bizidunetan egindako bigarren euskal film luzea. Donostiako Nazioarteko XXXIX. Zinemaldian eman zen estreinakoz. Houston-eko Nazioarteko Film eta Bideo Jaialdian (1993) urrezko domina. Lehen saria lortu zuen Salamancako Espainiar Zinemako Astean (1993). Zilarrezko karabela eman zioten Itsasoko Zinemagintzaren Nazioarteko XXIII. Astean (1994). |
| Sorkunde | 1992 | Telebistako 16 espazio labur, 45 minutukoak, Emakunderentzat eginak, Antonio Fraguas «Forges»-en diseinuaz. |
| Sport man | 1992 | Telebistako 25 espazio labur, 15 minutukoak, olinpiar kirolei buruz. |
| Ahmed, alhambrako printzea / Ahmed príncipe de la Alhambra | 1996-97 | Marrazki bizidunetan egindako film luzea. Espainiako Kultura Ministerioak diruz lagundua. Musika saria jaso zuen V. Keoskemét Animation jaialdian (Hungaria). Goya sarietan animazioko film hoberenetarako izendatua. |
| Lazkao Txiki | 1998-99 | Marrazki bizidunak. 7na minutuko 104 ataleko seriea. |
| Karramarro uhartea / La isla del cangrejo | 1998-99 | Marrazki bizidunak. Film luzea. Muntaia. Animazioko Goya saria. |
| Guay y los ladrones de señales | 1998 | Marrazki bizidunak. 10 minutuko film laburra, bide hezkuntzako kanpainarako. |
| Txirrita | 1999-2000 | Marrazki bizidunak. 7na minutuko 52 ataleko seriea. |
| Alhambrako giltza / El embrujo del sur | 2001-2002 | Marrazki bizidunak. Film luzea. Goya sarietan animazioko film hoberenetarako izendatua. |
| Otra condición | 2005 | Ortzadar Guraso Elkartearentzat egindako bideo korporatiboa. | Ekoizpena |
| Hautsi zure marka | 1986 | Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz euskara sustatzeko egindako dokumentala. |
| Conóceles | 1987 | APDEMA (Asociación de Padres de Deficientes Mentales de Alava) elkartearentzat egindako dokumentala. |
| Flanery eta bere astokiloak | 1987 | Marrazki bizidunak. Bernardo Atxagaren gidoiaz. |
| Bizkaia un país para la inversión | 1986 | Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egindako dokumentala. |
| Fernando Amezketarra | 1994-1995 | Marrazki bizidunak. 15na minutuko 13 ataleko seriea, Euskal telebista SArekin eta Euskal Media SArekin koprodukzioan. |
| Txirri, Mirri eta Txiribiton - Pailazokeriak | 2004-2005 | Marrazki bizidunak. Film luzea. Gidoigilea besterekin batera. 2005eko abenduak eman zen estreinakoz euskarazko bertsioa. Gazteleraz 2006ko abenduan emango da. |
Gaur egun (2006ko azaroa) Barriola, San Adriango azeria izeneko marazki biziduneko film luzea egiteko lanetan dago murgildurik buru-belarri.

Publizitate lan ugari egin ditu, telebistarako nahiz zinemarako, marrazki bizidunetan eta fikzioan. Entidad de Gestión de Derechos EGEDA ikus-entzunekoen egile eskubideak kudeatzen dituen erakundearen sortzaileetako bat da, eta gaur egun bertako administrazio kontseiluko kide. Baita ere, Animazioko Filmaren Nazioarteko Elkarteko ASIFA sortzaileetakoa da, eta Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko IBAIA sortzaile eta lehendakaria.
IBAIAren lehendakari gisa, besteak beste, Pirinioez Haraindiko Koprodukzio Foroaren sustatzaile nagusietako bat da.
Marrazkilari eta ilustratzaile gisa, lan ugari egina du Juanba Berasategik aspaldidanik. Besteak beste, 1979. urte amaieratik aurrera, Ramon Saizarbitoriaren eta Koldo Izagirreren inguruan eratutako literatur lan taldeko kide izan zen, Oh! Euzkadi aldizkarirako ilustrazioak egiten: aldizkariak kaleratu zituen 16 zenbakietatik bostean ageri da Berasategiren izenpea ilustrazioetan. Lehenago, «Oh! Euzkadi» Zeruko Argia aldizkariaren barne atal gisa argitaratu zenean, 1979ko ekainetik azarora, maketa eta ilustrazioak Berasategik berak eginak ziren.
Garai bertsuan, 1970eko hamarkadan, Donostian argitaratzen hasi zen Ustela saila literatura bildumako bi aleren zaletan (Koldo Izagirreren Oinaze zaharrera eta Joxe Austin Arrietaren Termitosti) ilustratzaile lan bikaina egin zuen.
Trantsizio politikoaren urte haietan Berasategik lan ugari egin zuen, literaturaren esparruaz gain, han-hemengo konpromiso sozial edo politikoen harira. Gogoan izatekoak dira, besteak beste, Urrestilla herri da (1976) kanpainarako sortu zuen logotipoa, eta Pasaian nahiz Azpeitian euskal jaiak iragartzeko marraztu zituen horma-irudiak.

Literaturaz kanpoko lan profesionalen alorrean, Ramon Saizarbitoriak idatzitako Nacer en Guipúzcoa (1981) liburuaren maketa eta ilustrazioak egin zituen Berasategik.
Azken denboretan zinemagintzara emanago egon arren, Juanba Berasategik ez dio inoiz liburu-aldizkarien ilustrazio lanari utzi. Horren adibide da, besteak beste, EHUko ILCLI logika institutuak 2001az geroztik argitaratzen duen Gogoa aldizkariko ilustrazioak.
Berriki, Gaztelupeko Hotsak disko etxearen barruan, Ilargiak Baleki izeneko bilduma egin du, Koldo Izagirrerekin batera, euskal poesia haurrei aurkezteko bide berritzaile batean abiatuta.
Donostian kokatuta dagoen Lotura Films SA zinemagintza enpresa kudeatzen du gaur egun.
