euskaraz · español · english · français  map du site Contacter  
Vous êtes ici:   Euskarazko bost telebista elkarlanean hasi dira Gipuzkoako albistegia eskaintzen, Foru Aldundiak lagunduta

Quoi de neuf ?

« Retourner à la page des nouvelles    

08/10/2012 - 08:13

Euskarazko bost telebista elkarlanean hasi dira Gipuzkoako albistegia eskaintzen, Foru Aldundiak lagunduta

Gurean gaur.jpg

Egunero, gaurkotasunari lotutako albisteak, elkarrizketak eta erreportajeak eskainiko ditu "Gurean gaur" saioak

Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta, Gipuzkoako albistegi proiektua aurkeztu dute euskarazko bost telebistek. Elkarlanean, Gipuzkoarako albistegia martxan jarri dute. Goiena, Goierri, Erlo, 28. Kanala eta Hamaika telebistek "Gurean gaur" izeneko albistegia ekoiztu eta emititzen hasi dira egunero.

Bakoitzak ekoiztutako saioak partekatu izan dituzte orain arte. Urriaren 1ean, baina, albistegi bera emititzeari ekin zioten, bost telebistetan, prime-time orduan. Gaurkotasunari lotutako albisteak, elkarrizketak eta erreportajeak eskaintzen ditu "Gurean gaur" saioak.

Euskarazko toki telebistek egiten duten lana mesedegarria dela nabarmendu du Zigor Etxeburua Aldundiko Euskarako Zuzendariak. Azken batean, "ikusleek aukera gutxi dute egungo telebistaren bidez informazioa, entretenimendua, formazioa, publizitatea eta abar euskaraz jasotzeko", gogoratu du. Tokiko euskarazko telebistek egiten duten lana goraipatu du, "lan duina eta txukuna" egiten ari direlako. Euskarazko telebistei eusteko eta laguntzeko konpromisoa berretsi du Etxeburuak.

Euskarazko telebistak beharrezkoak direla iritzita, eta haien garrantzia kontuan hartuta, Aldundiak eskatu zien toki telebistei indarrak biltzeko eta elkarlanean jarduteko. Horregatik sortu dute Gipuzkoako albistegia. Aldundiak 207.000 euroko laguntza emango dio aurten proiektu honi. ETBrekin lehian jardungo duen telebista izatea ona dela uste du Etxeburuak. "Azken batean, lehiaren bidez, sorkuntza handituko da", uste du Etxeburuak. "Eta euskaraz gehiago sortzea positiboa da". Era berean, Gipuzkoako lurraldearen kohesioan lagungarri izateko tresna dela adierazi du.

Argazkia: Goiena.net