Quoi de neuf ?
« Retourner à la page des nouvelles
Zinema katalanez?

Polemika mahai gainean dago. Generalitat de Catalunyak sustatutako Zinemaren Legea da azken aitzakia. Hollywoodeko "nagusiek" eta horien Europako ordezkariek ez dituzte pantailako hizkuntza-kuotak onartzen. Merkatu librean dituzten eskubideak dira haien argudio errepikaria. Funtsean, merkatuarekiko konfiantza eza eta legeak Europa eleaniztun batean domino-efektua bultzatzeari beldur izugarria besterik ez dela dirudi.
Zinemako jaunen moral bikoitza oso agerikoa da. Eta dirua biltzeko irrika lukurreriaraino iristen da. Azken finean, Hollywoodek kostuak amortizatu eta merkatu anglofonoan, hau da, Hollywoodek eragindako herri globalizatuan, irabaziak izan ohi ditu. Gainerako estatuek -Europakoak buru direla- bigarren mailako merkatua osatzen dute, baina produktu horientzat oso eskuzabala da, izan ere, kontsumo-maila altua eta demografikoki indar handia dute estatuok. EBren datuen arabera, azken 15 urteotan zinema europarraren merkatu-kuota, esaterako, gainbehera etorri da merkatu iparramerikarraren onerako, % 35etik % 80ra pasatu baita.
Aldi horretan, produkzio iparramerikarrek 420 milioi ikus-entzule inguru izan dituzten bitartean, europarrak 600 izatetik 120 izatera pasatu dira. Europako Ikus-Entzunezko Behatokiaren arabera, esaterako, 2007. urtean EBren lurraldean gehien ikusi ziren hogei film europarren artean, El Orfanato izan zen Espainiako film bakarra. Bestalde, 2007an Europan gehien ikusitako filmen artean, 20tik 18 film iparramerikarrak ziren. Zerrendako buruan 38,40 milioi ikus-entzule europar inguru erakarri zituen Harry Potter and the Order of the Phoenix (Harry Potter eta Fenixaren Ordena) filma dago. Soilik Mr. Bean's Holidays (Las vacaciones de Mr. Bean) eta La Môme (La Vida en Rosa) kokatu ziren 20 horien artean.
Hori horrela izanda ere, sekula ez naiz merkatuaren disimetriak zuzentzeko xedez, kuota edo inposizioen aldekoa izan. Hizkuntzen eta euren industrien etorkizuna ez dago protekzionismo politikoen ezta kultura salbuespenen menpe ere. Guztiz alderantziz, bere truke-balioa kultura merkatuan bertan "balio erantsi" mota bat lortzean datza. Sortzaileek, ekoizleek, banatzaileek eta kontsumitzaileok dugu azken hitza. Baina, egiaz, merkatu libreak berdintasuneko gutxieneko baldintzak eskatzen ditu sarbidea izateko orduan.
Aurrebaldintza hau izan ezean, apostolu interesatuek aipatzen duten liberalismo ekonomikoaren oinarria bera gaitasunik gabe uzten da. Entretenimendu-kartelek (FOX, MGM, Paramount, Sony, Universal eta Warner Bros "nagusiak" buru direla) jarrera nagusi bati esker herri globalean euren produktuak inposatzearekin batera, merkatu gatibu eta argudiorik gabekoa ziurtatuko duen hizkuntza-monopolioa dute xede. Ez dakit gobernu katalanak nahi duena lortuko duen, ezta neurriak katalanaren erabilera publikoetan eragina izango lukeen ere. Nolanahi ere, ikus-entzuleek produktu amerikarrekin nahi dugun hizkuntzan alienatzeko -gure nahia bada, ergelkeriara iritsi arte- dugun eskubidea erabili beharko genuke. Ez al genuen adostu ordaintzen duenak agintzen duela?
Toni Mollá
Kazetaria eta Manual de sociolingüística liburuaren egilea.
