Quoi de neuf ?
« Retourner à la page des nouvelles
Euskara Zuzendaritza Nagusiaren hausnarketa estrategikoa eta etorkizuneko ikuspegiak

Euskara Zuzendaritza Nagusiak bere hausnarketa estrategikoaren emaitzak aurkeztu dizkie euskararen normalkuntzaren esparruan Gipuzkoan lanean ari diren elkarte eta erakundeei. Horrekin batera, beheraldi ekonomikoak herri erakundeon aurrekontuetan izango dituen eraginen berri ere eman die.
Ekitaldia Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izan da, eta bertara elkartu dira Gipuzkoako elkarte, enpresa eta udaletako 120 bat ordezkari.
Beheraldi ekonomikoaren eragina
Kultura eta Euskara Departamentuko foru diputatu Maria Jesus Aranburuk azalpen xehatuak eman ditu krisi ekonomikoak Gipuzkoan duen eraginaz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera horri aurre egiteko eman dituen erabakiez. Erabaki horien zehaztapena diputatu nagusi Markel Olanok eman zuen Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean, 2009ko irailaren 17an, politika orokorrari buruzko eztabaidan.
Aranburuk eskatu die euskararen erabilera soziala sustatzeko lanean ari diren elkarte, enpresa eta erakundeei egoera korapilatsu honetara egokitzeko ahalegin bat egin dezatela, herri erakundeon aurrekontuak murriztu beharra izango baita epe laburrean.
Euskara Zuzendaritza Nagusiaren hausnarketa estrategikoa
Euskarako zuzendari nagusi Estibaliz Alkortak Euskara Zuzendaritza Nagusiak 2008ko urriaren 21ean hasita, landu duen hausnarketa estrategikoaren emaitzak aurkeztu ditu. Azpimarratu du hausnarketa prozesu hau ez dela ekintza isolatu edo bakan bat, baizik guztiz txertatzen dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2007-2011 Kudeaketa Planaren barruan.
Euskara Zuzendaritza Nagusiak 15 helburu eta 71 ekintza definitu ditu, sei ardatz estrategikotan banatuta, datozen bi urteetarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak garatzen duen hizkuntza politika sendotu eta indartzeko, EBPNren barruan. Estrategia horren oinarrian izango dira elkarrizketa, partaidetza eta lidergo partekatua.
Argibide gehiago:
Euskara Zuzendaritza Nagusiaren hausnarketa estrategikoaren emaitza txostena
