euskaraz · español · english · français  map du site Contacter  
Vous êtes ici:   Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxak eta Eudelek hitzarmena izenpetu dute euskararen erabileraz

Quoi de neuf ?

« Retourner à la page des nouvelles    

24/04/2007 - 17:05

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxak eta Eudelek hitzarmena izenpetu dute euskararen erabileraz

kutxa.jpg

Gipuzkoa Donostia Kutxak, Euskadiko Udalen Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkar hartu dute hiru erakundeen artean, alde batetik, eta Gipuzkoako herrietan, bestetik, euskararen erabilera sustatzeko.

Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Kutxako presidente Carlos Etxepare eta, Eudelen izenean, Tolosako alkate Jokin Bildarratz (argazkian, ezker-eskuin) pozik agertu dira hitzarmenaren egokieraz eta edukiaz. Xedearen babesle, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika ere izan da izenpetze ekitaldian.

Hiru erakundeok bat egingo dute, hemendik aurrera, elkarren arteko harremanak euskaraz izan daitezen, eta Gipuzkoako herrietan euskararen erabilerari hedakuntza sozial zabalagoa emateko, eta sarean arituko dira jardun horretan. Xede horri begira, hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko herri aginteek hitzartutako eta landutako tresnez baliatzen da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) esparruaren barruan. Bestalde, hitzarmenak aintzat hartzen du LanHitz ekimenaren barruan Eusko Jaurlaritzak EAEko hiru aurrezki kutxekin (Bilbao Bizkaia Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Caja Vital Kutxa) euskararen erabilera sustatzeko 2007ko martxoaren 28an sinatutako lankidetzarako akordioa.

Izenpetutako hitzarmenak bost urteko iraunaldia du. Beraz, hiru erakundeen elkarlana molde egonkorren barruan antolatzerik izango da hemendik aurrera.

Hitzarmena gauzatzen hasteko, Gipuzkoa Donostia Kutxak akordio xeheak proposatuko dizkie aurki Gipuzkoako udal nagusiei, finantza eta zerbitzuen esparruan euskararen erabilera hedatzeko lankidetza proiektu zehatzak adosteko.

Argibide gehiago:
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxak eta Eudelek izenpetutako hitzarmenaren testua (PDF formatuan)