euskaraz · español · english · français  map du site Contacter  
Vous êtes ici:   Sare hizkuntzak eta hizkuntza sarea

Quoi de neuf ?

« Retourner à la page des nouvelles    

12/08/2005 - 13:18

Sare hizkuntzak eta hizkuntza sarea

lurra.gif

Sareari esker, gure hizkuntzak munduko hizkuntzak dira egun; hori da informazio aroko berrikuntza soziolinguistiko nagusia. Gure hizkuntzek balio sinbolikoaren zati bat galdu dute (bazen garaia, konpentsaziozkoak ziren-eta!) eta, orain, balio funtzionalak soilik dituzte. Katalana eta euskara, sarean, ez dira gizarte jakin bateko kide izatearen marka nolabait metafisikoak; komunikatzeko, esateko eta entzuteko tresna dira. Erabiltzaileok zer esateko eta idazteko gai garen horrek emango die balioa hizkuntza horiei; sortzeko eta sortutako hori zabaltzeko gure gaitasunak.

Ezin dugu ahaztu hizkuntza dela erabileraren poderioz hobetzen den munduko tresna bakarra. Hizkuntza, zehazki, elkarreragin sare bat da, harreman, negoziazio eta gatazka sare bat, eta hizkuntzak bideratu eta mantendu ditzakeen erlazioen konplexutasunean datza hizkuntza horren aberastasuna. Horregatik, jada hartu dugu erabakirik garrantzitsuena: Interneten sartzea.

«Sareetatik kanpo gelditzea da gure ekonomia eta gure kultura baztertuta geratzeko modu larriena», dio ziurtasun osoz Manuel Castellsek. Gure eginkizuna egoera berriari erantzuteko gai izatea da. Hori guretzat aukera handia da, baina, aldi berean, baita arriskua ere. Hain zuzen, berehalako arriskua hizkuntza apaingarri (ber)bihurtzea da; hau da, Basil Bernstein-ek zioen bezala, kode mugatua izatera murriztea. Kode mugatu horrek erabiltzaileak mugatzen ditu eta, horrez gain, kode horren komunikazio erabilerak zehazten ditu.

Espero dut gure hizkuntzek tradizioko identitate balioak alde batera utzi eta sarean kode landuak izango direla. Horretarako, hizkuntza horien balio praktikoa, instrumentala, erabilgarria eta, batzuetan, beharrezkoa landu behar dira. Horregatik da garrantzitsua gure internauten ekoizpena, geure hizkuntza komunitateen aitzindari talde aktiboenaren ekoizpena; eta, noski, horiek sarean behar bezala sustatzea.

Interneten kultur eragina berria da, eta komunikazio eragina du gizarte talde aktibo eta dinamikoenetan. Ortega y Gasseten hitzak erabiliz, Interneteko erabiltzaileak oraindik «gutxiengo hautatuak» dira; hain zuzen ere, internauten masa kritikoa (barkatu hau esatea) gu baino askoz ere gazteagoa da: ac (after computer) deituriko belaunaldia dira, eta gu, berriz, bc (before computer) deiturikoa. Internauta sarearen funtsezko ezaugarri bat lurralde gabetua eta indibidualista izatea da. Juan Luis Cebriánek arrazoi du honako hau esaten duenean: «zibernauta ez da interneten ibiltzen den nabigatzaile soila, baizik, gainera, nabigatzaile bakartia». Nabigatzaile bakarti horrek, Melianan nahiz Berastegin, *New Yorker":http://www.newyorker.com/ irakur dezake edo Kaliforniako irrati bat entzun dezake. Internet munduko sare bat da, baina horren erabilera gizakiaren mailakoa da; hori du handitasunetako bat. Hau da, gizakiak, bere banakotasun mugatu horretatik, eskura du unibertsaltasunaren zati bat.

Gure internauten sareak ez du zerikusirik inolako lurralde jarraitutasunarekin, eta, askotan, dituzten harremanen dentsitatea lurraldetasunak ezartzen duen logikatik harago doa. Sarea gizabanakoaren askatasunaren eta libreki aukeratutako elkartasunaren herrialdea da. Ferdinand Tönnies-en binomioari jarraituz, elkartasun hori hurbilago dago elkartetik, komunitatetik baino. Dagoeneko, beraz, badakigu zerbait geure buruaz: globalak (mundukoak) eta elkartekoak gara, aldi berean lurralde gabetuak, indibidualistak eta gazteak. Dimentsio horri esker, gure hizkuntzak dituen aukeretan sinets dezakegu. Baina, egoera berriari erantzuteko gai izango al gara?


Toni Mollá
Kazetaria eta Manual de sociolingüística liburuaren egilea