euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Ipu po ma mua

Ipu po ma mua

Ipuinaren parkea, Asteasun

«Etor daitezela eskolak programa baten arabera, eta etor daitezela larunbata hipermerkatu batean pasa nahi ez duten familiak».
Joseba Irazu (Bernardo Atxaga)
(Ipupomamua aurkezpena. urtarrila, 2002)

Nor

Ipupomamua du egitasmo honek izena. IPUina, POema, marrazkia eta mamua biltzen ditu hitz bakarrean Joseba Irazuri (Bernardo Atxaga) zor diogun izen eder horrek.

Zer

Ipuinaren inguruko parke bat da Ipupomamua, ipuinak entzuteko, antzezteko, irakurtzeko, ikusteko eta bizi izateko gune berezi bat.

Jolaserako leku bat da, ipuinak aitzaki hartuta. Ipuinak maitatzeko leku bat da, jolasa aitzaki hartuta.

Kalitatezko atsegin-tokia, ikastetxeetarako lanabesa eta sortzaileentzako antena da Ipupomamua.

Aisialdirako eskaintza berezia egiten du: kontsumoaren estandar inportatuetatik landa, jolasa, sormena eta parte-hartzea bultzatzen ditu.

Ikastetxeentzako lanabesa da, ipuinak eta narrazioak ulertzeko eta maitatzeko bideak eskainiko dituena, programa didaktiko landu baten arabera.

Topalekua da ipuin egileentzat, idazle, irudigile, antzezle eta kontalarientzat, editore, irakasle, gurasoentzat.

Erreferentzia-gunea izango da bere jardunean, kalitate berezia bermatuko duelako.

Antena bat izango da bat mundu zabalean egiten denaren berri jasotzeko eta euskaraz egiten dugunaren berri munduan hedatzeko.

Ipupomamua du parkeak izena. Eta euskaraz mintzo da.

Non

Asteasun, herriaren sarreran, Lamiategi izeneko zelaian. Jolas-toki bihurtuko dugu zelaia; zelaiaren ertz batean eraikiko dugu ipuin-etxea. Baina ez da etxe bat. Mendi bat eraikiko dugu, muino bat. Belarrezko estalki horren babesean antolatuko ditugu Ipupomamuaren txokoak (antzokia, erakusketa-aretoa, lantokiak, jolas tokiak, irakurtzeko txokoak?).

Ageriko leku bat eta babeseko bat. Jolas librerako toki bat eta jolas antolaturako guneak. Zelaia eta etxea.

Norentzat

Familia osoarentzako eskaintza egingo du Ipupomamuak jai-egunetan eta oporraldietan.

Ikastetxeentzako lanabesa izango da, lan egunetan.

Erreferentzia gunea izango da sortzaileentzat, irakurleentzat, hezitzaileentzat, bere praktikan, bere informazio zerbitzuan eta gogoeta mailan.

Nola

Jolasaren bidez. Zuzeneko harremanetan. Euskaraz. Eta kalitatearen bermeaz.

Kalitateak izan behar du Ipupomamuaren ikur nagusia. Txikia delako, euskara hutsean egiten duelako eta sormenari garrantzi handiagoa ematen diolako kontsumoari baino, Ipupomamuaren eskaintzak nolakotasunean nabarmendu behar du.

Kalitatearekin batera, berritasuna eta berotasuna dira Asteasun egiten dugun eskaintzaren ezaugarri nagusiak.

Norako

Asteasun dago Ipupomamua baina Euskal Herri osorako erreferentzia izan nahi du euskarazko aisialdian, didaktikan, sustapenean eta haurrentzako zerbitzuen eremuan. Baionatik Bilbora.

Zergatik / zertarako

Ume -eta familia- askok aisialdia euskaraz bizitzeko lekuak eta aukerak behar dituztelako.

Sortzea eta jolastea kontsumitzea baino erakargarria izan litekeela frogatzeko haur, nerabe eta gurasoei.

Euskara atseginaldiarekin eta jolasarekin identifikatzen dituen guneak behar direlako.

Euskal kulturak kalitatearekin loturik agertu behar duelako.

Literatura eskolatik jolasaldira atera beharra dagoelako, ikasgelatik bizitzara.

Euskal idazleen, marrazkilarien, antzezleen, ipuin-kontalarien nahiz irakasleen jarduna hobetzeko, koordinatzeko eta biziagotzeko erreferentzia-gune baten premia ikusten delako. Mundu zabaleko erreferentziak guregana ekartzeko eta gure kulturaren emaitzak mundura hedatzeko.

Nork

Gorringo taldeak bultzatu zuen hasieratik egitasmo hau. Asteasuko Udalak erabateko laguntza eskaini zion. Joseba Irazuren lankidetza ezinbestezkoa izan da, egitasmoaren izena eta izana erabakitzeko orduan. Tipula ekoizpen etxeak (Txabi Basterretxea eta Joxean Muñoz) landu du egitasmoa. Diana Gorostidirena eta Ana Sistiagarena da proiektu arkitektonikoa.

Erakundeak

Asteasuko Udala da egitasmoaren aurreneko babeslea. Gerora, erabateko babesa eta laguntza eskaini diote bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusia, bai eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Sustapen Sailak ere.

Laguntza eman diote baina eskatu ere egin diote egitasmoari: erakundeen bultzadari esker, bereziki landu dira Ipupomamuaren bideragarritasuna, jardunaren kalitatea eta euskal kulturarekiko emankortasuna.

Norekin

Hezkuntzaren alorrean, ikerketa taldeekin, irakasleekin eta literatur sustapenerako taldeekin lankidetza bilatu beharko du.

Kidetasuna bilatuko du euskal ipuingintza -ipuin, poema, marrazki eta mamu- posible egiten duten guztiekin. Haien zerbitzura egoten asmatu beharko du Ipupomamuak; haiengandik jasoko du, ordainetan, sormen etengaberako kezka eta kemena.