Patxi Baztarrikaren mintzaldia
Zalantzarik gabe ohore eguna du gaurkoa Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkarteak. Anton Abbadia saria jadanik euskaltzaleen munduan onarpen eta prestigio zabala eskuratuak dituen saria baita, egunero lortzen ez dena, eta irabazi ere edonork irabazten ez duena, egin ere ez baititu edonork egiten irabazteko behar beste merezimendu.
Gehiagorentzat ere bada, ordea, gaurkoa ohore eguna. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko arduradunen baimenarekin ausartuko naiz esatera Anton Abbadia sariarentzako berarentzako ere ohore dela bere saridunen artean Ttakun Elkartea izatea. Izan ere, sari batek saridunen merezimenduen hein berean eskuratzen baititu prestigioa eta onarpen soziala, eta alde horretatik begiratuta bistan da bete-betean asmatu duela aurtengo Abbadia sariaren epaimahaiak.
Sari hau dela-eta Ttakun Elkartearen merezimendu eta ibilbideari buruz azalpen bat eta hausnarketa labur bat zuen aurrean gaur hemen, ekitaldi honetan, azaltzeko eskatu zidan orain egun gutxi Anton Abbadiako epaimahaiak. Hasieran aurpegia zimurtu nuen; badakizue, betikoa, bestela ere nahiko lan banuela eta gaizki ibiliko nintzela. Hala ere, berehala, ordu gutxitara eman nuen baiezkoa.
Baiezkoa eman nuen eredugarria iruditzen zaidalako gizarte-mugimendu gisa Ttakunek urraturiko bidea; eredugarria, gero esango dudanez, ikuspuntu askotatik begiratuta. Baina baiezkoa eman nuen, gainera, Ttakun elkartearen berri aspaldidanik dudalako. Ez alferrik lagun zaharra dut elkarte horretan hainbat eta hainbat ahalegin eta lanordu eman dituen Iñaki Arruti. UETS-en (Udaletako Euskara Teknikarien Sarean) elkar ezagutu genuen, eta hainbat urtetan elkarlanean jardunak gara, askotan Ttakunekin lotura zuzena zuten eta berritasunez beterik zetozen proposamenen inguruan.
Bere oinarriak lehenagokoak badira ere, 1991. urtean eratu zen Ttakun Kultur Elkartea, bi helburu nagusi hartuta: batetik, euskararen erabilera bultzatuko duen dinamika sozial berria sortzea, eta, bestetik, euskal kultura indartzea. Bazeukan galtzak bete lan, lasartearren artean euskaldunak % 32 bakarrik ziren garaietan. Azaroan sortu eta abendurako 175 bazkide zituen.
Gaur arteko bederatzi urte luzetan, lana gogotik egin dute Ttakun elkarteko kideok: udaleku irekiak eta euskal txokoak moldatu dituzte haur eta gaztetxoentzat; bertso saio eta jai ugari antolatu dituzte; Euskararen Maratoia, etenik gabe 40 ordu euskaraz jarduteko ekintza gero eta arrakastatsuagoan biltzen dituzte urtero lasartear eta kanpotar asko; Txintxarri aldizkaria, hasieran hamaboskari eta gaur astekari, egiteko eta argitaratzeko lantaldea osatu dute; 1997an Jalgi kafe antzokia sortu zuten, euskaraz egiten den kultura indartzeko azpiegitura paregabea; 175 bazkiderekin hasi zen elkartea ia 500 bazkide izatera iritsi da, eta aurtengo uztailaz geroztik Herriaren onurarako elkartetzat aitortua du Eusko Jaurlaritzak.
Ttakunek urraturiko bidean nire iritzian behinik behin oso aintzakotzat hartu beharko genituzkeen hiru elementu ageri dira nabarmen: erabilera, elkarlana eta anizkoiztasunak eskatzen duen irekitasuna. Hiru elementuen inguruan apunte bat edo beste egitera noakizue segidan.
Ttakunek euskararen erabilera indartzera jarri ditu ahaleginak, ez horrenbeste euskaraz ez dakitenak ikasten bultzatzera. Gauza jakina da hizkuntza jakitea eta erabiltzea ez datozela bat askotan. Urteotan euskaraz dakitenen kopuruak gora egin badu ere, ez da gauza bera gertatu erabilerarekin. Autore asko dira arazo horrekin kezkatuta. Esate baterako, Bernardo Atxagak idatzia da pasarte borobil hau: «Abdetfattah Kilitok behin idatzi zuen bezala, hitzak ez du antzik xaboiarekin. Zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta gastatuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago (...) horregatik dabil bizkor gaztelera eta makal euskara: jendeak berealdiko gauza pila egiten dituelako euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egin».
Beste gauza askotan bezalaxe, honetan ere kontraesankorra da gure gizartea. Egia da, orain urte batzuk etxe eta lagun girotik kanpora euskaraz aritzeko jarrera tinkoa eduki behar zen bezala, aldiz, gaurko belaunaldi gazteenek aurrekook baino askozaz era naturalagoan darabiltela euskara. Inoiz ez bezalako gazte saila dago euskaraz hazi, hezi eta bizi dena. Baina, hala ere, gazteen artean ere, euskaraz dakitenen kopuruetatik urrun dago erabileraren proportzioa, eta are urrunago beste hainbat sektoretan. Gauza jakina da ugari direla honetan eragiten duten faktoreak, baina ez al da bistakoa eragiten duen faktore bat, niretzat oso kezkagarria, hizkuntzarekiko leialtasunarena dela?
Ttakunen ibilbidean nabarmendutako beste elementu bat elkarlanarena dela esan dut. Balio garrantzizkoa da hau, batez ere askotan faltan izaten dugulako gure artean. Ttakunek jakin izan du herriko elkarte, ikastetxe eta era guztietako taldeen artean euskararen erabilera bultzatzeko elkarlana sustatu eta bideratzen. Eta jakin izan du, herri erakundeen eta gizarte mugimenduen arteko lana uztartzen. Ttakun, hasiera-hasieratik, elkarlan estu eta sakonean aritu da Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordearekin, eta gorabeherak gorabehera Udalarekiko harremana etenik gabe gordetzen jakin izan du. Elkarlanaren predikatzaile ez ezik praktikatzaile izan da Ttakun.
Hirugarren elementu bezala anizkoiztasunak eskatzen duen irekitasuna nabarmendu dut. Alderdikerien gainetik jarduten ahalegindu da Lasarteko elkarte hau. Izan ere, bai baitira inolako arazorik gabe onartu beharko liratekeen oinarri-oinarrizko gauzak: alde batetik, onartu beharko litzateke euskararen alde jarduteko modu bat baino gehiago dagoela, eta euskararen alde jarduteko ez dela beharrezkoa pentsaera politiko jakin batekoa izatea, pentsaera batekin hala beste hainbatekin egin daitekeela hizkuntzaren alde, guztiak behar dituela hizkuntzak. Beste alde batetik, euskararen aldeko lana ez dela izan behar inoren eta ezeren aurkako lana, ez dela gaztelaniaren aurkako borroka, are gutxiago hizkuntzaz erdaldun direnen kontrakoa. Ttakun oso kontzienteki saiatu izan da euskararen erabileraren aldeko lana euskaldunenganako ez ezik erdaldunenganako ere modu irekian eta integratzailean egiten. Ahulena denari luzarora irabazi gutxi ekartzen dion tentsiorik gabe, kontrako jarrerarik eragin gabe, euskararen erabilera susta daitekeela ikusi da.
Nire iritzian, asko dira euskarari oso era ideologizatuan begiratzen diotenak, alde nahiz kontra, Koldo Mitxelenak esan zuen hura ahaztuta, «euskara ahulegia da armatzat hartzeko» alegia. Ildo beretik salatu zuen hil berri den Aita Villasantek ere euskararen «tresnakeria» deitu zuen hura. Euskararen normalkuntzan aurrera egiteko oso garrantzizkoa da Aita Villasantek behin baino gehiagotan errepikatu zuen hura bene-benetan aintzat hartzea: alegia, «euskara guztion ondarea da», pentsamolde guztien gainetik denona, euskaraz dakigunona nahiz ez dakitenena. Eta guztiona bada guztiok dugu zeregina. Esate baterako, inork ez dio uko egin behar euskararen jabetzari, bai ordea euskara norberaren jabetza esklusibokoa bailitzan kontsideratzeari. Tentazio hori, jakina, abertzaleek izan dezaketen tentazioa da. Abertzale ez direnen tentazioa, berriz, euskararena arazo propiotzat ez kontsideratzea da. Alde horretatik bat nator Ramon Saizarbitoriak idatzitakoarekin. Hauxe zioen donostiar idazleak: «Euskara ez dadila izan inoren monopolio, herriaren hizkuntza besterik (...) Euskara eta nazionalismoa banandu, bai, baina nazionalistek euskarari uko egin gabe, alegia, besteek bereganatu behar dute euskara».
Euskara guztion ondaretzat benetan aintzat hartu gabe ibili izanaren errua, euskara liskarrerako armatzat erabili izanaren erantzukizuna, neurri ezberdinetan bada ere, hein batean behintzat guztioi dagokigun zerbait dela uste dut. Alegia, guztiok dugula zer aldatua. Euskararen inguruan gertatzen ari dena ikusita, galdetu beharra dago dena ongi egin ote dugun euskalgintzan azken hogei urteotan. Orain gutxi Euskaldunon Egunkaria-n irakurri ahal izan genuen Nafarroako «Oinarriak» mugimendukoek ziotena: euskararen inguruan diskurtso berri baten beharra aldarrikatzen zuten. Euskararen mundua anizkoitza dela, joera bakar bati ez baizik eta ugariri lotua dela: hori euskararen munduak uneoro aldarrikatu eta azpimarratu behar luke. Pragmatikotasuna, Anjel Lertxundiren hitzetan «garenaren neurria» zein den ongi jabetuta aritzea ezertan behar badugu, euskalgintzan behar dugulakoan nago ni.
Euskarak batu bai, batu behar gaitu, baina berdindu ez, ez gaitu berdindu behar. Diferenteak euskaraz ere diferente izan gaitezkeen neurrian balioko digu gure hizkuntzak. Kolore eta mota guztietako jendea behar du euskarak: bestela, luzarora, jai dute bai euskarak eta baita elkarbizitza lasaiak ere. Ni behintzat iritzi horretakoa naiz, eta komenigarria genuke euskararen arloan orain arte egindako bideaz eta etorkizunaz lasai, askatasun osoan, hitz egitea, euskalgintzaren barruan eta kanpoan.
Gaurko egoera politiko bihurri eta latzak kaltea eragiten dio euskarari. Esate baterako, gaur zenbaitek bitarteko asko jarri ditu bai abertzaletasuna, baita euskara bera ere indarkeriarekin identifikatzeko. Bistakoa da hor manipulazio nabarmena gertatzen dela, euskararen kaltetan. Baina, manipulazioak manipulazio, horrek lehenik eta behin adierazten du, edonola ere, berealdiko kaltea egiten diola indarkeriak euskarari ere.
Hizkuntza ?eta, jakina, euskara ez da salbuespena? zerbait baldin bada elkargunea da, eta hizkuntza kontuek zuzen-zuzenean ukitzen dute elkarbizitza. Anizkoiztasunaz ari gara, eta anizkoiztasuna inolako erreserbarik gabe defendatu beharreko balorea dela pentsatzen dut. Baina esan behar da, baita ere, pluraltasunaren izenean eta modernitatearen eta unibertsaltasunaren izenean manipulazio asko egiten dela. Balore hauek zenbaitek hizkuntzarekiko interes politiko soila ezkutatzeko erabiltzen ditu, eta beti ere euskararen kaltetan. Euskara unibertsaltasunaren kontrakoa balitz bezala. Anjel Lertxundik ohiko argitasunez salatu izan du hemen lehian ari direnak ez direla unibertsaltasuna eta partikulartasuna, baizik eta unibertsaltasuna eta uniformitatea. Bere hitzak dira hauek: «uniformitatea vs unibertsaltasuna da jokatzen ari dena, partikularren sintesi gisa ulertu behar baita unibertsaltasunaren kontzeptu eder hori, identitateen suntsiketa da uniformitatea. Lehia horretan, ordea, uniformitatezaleak bezain arriskutsuak dira etxeko leihoak adreiluz ixten dituztenak».
Azken boladan gero eta indartsuago eta sarriago agertzen ari dira euskararen kontrako jarrerak, jarrera irrazionalak, herritarren eskubideen aurkakoak. Mendeku usaina darien jarrerak, esango nuke nik. Euskararen erabilera ideologizatua egiten ari dira, Villasanteren «tresnakeria», euskara liskar politikorako tresnatzat hartu dute. Nafarroakoa da, seguru asko, kasurik argiena: Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza kentzetik hasi eta administrazioko eta hezkuntzako euskararen erabilera murrizten duten neurriak hartzera iritsi dira. Autonomi Erkidegoan ere ez gara salbu: bat aipatzearren, euskarazko hezkuntzari buruzkoak ikusi besterik ez dago. Eraso honi ataka jarri behar zaio, noski. Eta gaurko legeriak aurreikusten duen euskararen aldeko diskriminazio positiboa baliatu beharko da.
Baina beste guztien gainetik kontu bat iruditzen zait behar-beharrezkoa: gutxienez 1982an Euskararen Legea onartzerakoan izan genuen kontsentsuaren neurriko adostasun berri bat landu beharko litzatekeela euskararen inguruan. Liskarraren bidetik etorkizun eskasa luke euskarak, baita elkarbizitzak ere. Badira hamar urte, euskararen egoerak onera egingo ez balu zer gertatuko litzatekeen hausnartuz Bernardo Atxagak hauxe idatzi zuela: «Talde batekoak, euskara jakin eta normalki erabili nahi dutenak, kasu, baztertu eta mesprezatuak sentitu eta zapuztu egingo dira euskaldun itxurazaleekin eta erdaldunekin. Itxurazaleak, beren aldetik, tranpan harrapatua dagoenaren amorrazioa hartu eta errudun bila hasiko dira bere inguruetan; erdaldunek, berriz, gehiegizkotzat joko dituzte aurrekoen joerak, eta gorroto hartuko diote azken batean beraiena ere baden kulturari».
Euskararen osasunerako eta elkarbizitza ontzeko beharko genukeen hizkuntza adostasun hori zertan oinarritu? Hori da hurrengo kontua. 1982an Gobernu zentralak Euskararen Legearen aurka jarritako inkonstituzionaltasun errekurtsoa zela-eta idatzitako testu batek oinarri batzuk behintzat badituela uste dut. Testua gaztelaniaz idatzia da eta gaztelaniaz irakurriko dizuet:
«Las objeciones por supuesta inconstitucionalidad que plantea el Gobierno a algunos artículos de la Ley del Euskera (...) son de una cicatería estrecha y alguacilesca. (...) Pero no son estos aspectos políticos los que quiero tratar aquí, sino el caso de la lengua misma y de los motivos culturales de la defensa de lo minoritario. Así como también los límites culturales de esta defensa.
A estas alturas del siglo parece imprescindible aceptar que un idioma no es sólo un instrumento de comunicación, sino el vínculo identificador de determinada comunidad, la sede de su tradición (que en buena medida, como siempre, puede ser memoria inventada) y el refugio del simbolismo mítico que le brinda sus nociones referenciales. Ninguna lengua puede ser descalificada por el número de sus hablantes, la cuantía y calidad de las obras literarias en ella escritas, sus aptitudes para vehicular la ciencia moderna, su extensión geográfica, etc., porque no se trata de eso. Pero tampoco basta concederle una «tolerancia represiva», como diría Marcuse, es decir, reconocer su peculiaridad para museizarla y conservarla en formol. Surge, como siempre, un conflicto entre derechos de un grupo y la arrasadora y maquiavélica noción de la eficacia estatal. Porque lo cierto es que no son las lenguas las que tienen derechos, sino sus hablantes. (...)
Se dice que en Euskadi no sólo se habla euskera, ni siquiera se habla mayoritariamente euskera y que la realidad histórica del castellano en Euskadi Sur y del francés en Euskadi Norte debe ser aceptada con regocijo cultural. Estoy de acuerdo. Las invasiones y los mestizajes, el intercambio forzoso y la pluralidad inevitable me parecen siempre muy preferibles a la mongolizadora pureza étnico-cultural. Es mejor tener dos lenguas que una y mejor conocer tres que dos. Pero esto no impide afirmar justificadamente que el euskera es la lengua de los vascos: y lo es, no porque sea la única que tienen, sino porque ellos son los únicos que la tienen. Si deben identificarse, reconocerse, encariñarse por alguna, será por el euskera: si deben defender prioritariamente la normalización cultural de alguna, el euskera tendrá que ser (...) Tampoco hay en ello agresión alguna contra los vascos que hablan castellano o francés, pues éstos están lógicamente respaldados por el enorme vigor de estas lenguas multinacionales. La tarea difícil es rescatar y consolidar el euskera, no proteger al castellano y a sus usuarios de la supuesta revancha lingüística: en esto, como en todo, el respeto fomenta el respeto, mientras que la intransigencia suscita intransigencia.
(...) Las lenguas no se odian entre sí, sólo los fanáticos que las manejan (...) Quien ama el misterio poético de las palabras, ama también la diversidad irreductible de las lenguas y considera empobrecimiento cultural todo lo que se haga contra ella. No es verdadero amor al castellano lo que mueve a algunos a intentar convertirlo en fundamento de una concepción monolítica de España; ni tampoco es auténtico amor al euskera el de quienes quisieran utilizarlo como coartada aislacionista para practicar una cultura hecha no tanto de peculiaridades como de exclusiones, en la que su torpe cerrilismo se arropase como «casta». Pues la razón habla por igual en todas las lenguas, pero no todo lo que se dice en cada lengua es igualmente razonable...»
Nire iritzian, euskaldun guztion arteko elkarbizitza hobetuko badugu derrigorrez hizkuntza kontuetan eta, zehazki, euskararen auzian berehala, gerorako utzi gabe, berregin beharko genukeen kontsentsu politiko eta soziala berregiteko oso baliozkoak izango liratekeen oinarri mordoxka azaltzen da testu honetan. 1982an Euskararen Legearen inguruan lortutako adostasun maila bederen lortu beharko genuke. Testua, esan bezala, ez da gaur goizekoa. Hamazortzi urte baditu. Fernando Savaterrek idatzitako hitzak dira.
Eta besterik ez. Zorionak Ttakuni. Zorionak Anton Abbadia sariaren arduradunei. Eta eskerrik asko epaimahaiari hitz hauek zuen aurrean esateko aukera eman izanagatik.
Patxi Baztarrika
