euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Abbadia saria »  www.armiarma.com - 2005 »  Zuzendariaren hitzak

Zuzendariaren hitzak

Joseph Haydn-en eskutik ekarri gaituzte Mirari Irurtzunen biolinak, Mikel Emezabalen klarineteak eta Iñaki Alberroren biolontxeloak -goxo asko ekarri ere- lagun arte honetara.

Fernando Tapia, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua, agintariok, andre eta jaunok, lagunak:

Hamar urte badira Arantzazuko Frantziskotarrei lehen Abbadia saria eman geniela beren egutegiagatik.

Ordutik hona zenbat pauso!... Zenbat ibili!... Zenbat aldarri... Geuk hamar sari... Hamar sari dagoeneko... Hamar sari baino ez... Den-denak, ordea, Anton Abbadiaren «Bizi bedi euskara» leloari atxikitako ahaleginak, zinez.

Izan ere, horixe baita Abbadia sariaren bidez pertsona nahiz elkarteei eskaini nahi diegun txaloa: lelo horrek mugiarazten dituen «oinezkoen» jardunaren aitorpena. Errege, zaldi, gurdi, zidor... bideetan eta askotan sasi artean, biderik ere ikusten ez dela saiatzen direnen aitorpena da Abbadia saria.

Ahalegin hori jende aurrean goratuz eta eredugarri izan daitezkeen jokabideak sustatuz hamargarren urtez ekitaldi publiko honetan agerian utzi nahi ditugunak.

Aurtengo, 2005eko Abbadia sariaren aldarria egin dezan emango diot hitza Fernando Tapia foru diputatuari.