euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Hizkuntzak badu lekurik Europako merkatuan?

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2008-05-06 / 16:33

Hizkuntzak badu lekurik Europako merkatuan?

europako_batasuna.gif

Europak, batasun bidean, merkatua hartu zuen abiapuntu, herrien arteko batasun estuago eta sendoago bat lortu nahian. Merkatua batasunaren oinarri. Askoren beldurra da batasunaren bidean merkatua ez ote den xede bihurtu, soilik oinarri izan behar zuenean.

Nolanahi ere, aitortu behar dugu merkatu batuaren beharrak izan direla, bilakabide honetan, jaun eta jabe, haiek ezarri baitute egin daitekeenaren eta egin ezin daitekeenaren arteko muga.

Baina Europa horren oinarrian badira nortasun politiko indartsuak; eta badira, era berean, hainbeste kultura eta hizkuntza, askotan babesa eskatzen dutenak.

Europako batasun bidean ez da beti erraza izan merkatuaren beharren aldean kultura berezien beharrak babestea. Kasu bakan batzuetan bakarrik ipini zaizkie mugak merkatuaren beharrei. Salbuespenak besterik ez dira izan. Gehienetan, merkatuak bere indar ahalguztiduna erakutsi baitu, mugarik gabeko indarra.

Europako batasun bidean, epaileak izan dira, oro har, lan handiena eta erakargarriena egin dutenak. Haiek izan dira, duda gabe, iritsi denaren eragile handienetakoak. Gogoko ditugun emaitzetan nola nahigabetzen gaituztenetan ere. Ibilbide horretan merkatua egin baitute jaun eta jabe.

Kontu horiek hala izanik, erraz ulertuko du irakurleak, leku berezia gorde behar diogula duela hilabete batzuk, abenduaren 13an, hain zuzen ere, Luxenburgon, United Pan-Europe Communications Belgium auzian (C-250/06 auzian), Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak emandako epaiari.

Brusela eskualdeak bi hizkuntza ofizial ditu. Horren ondorioz, agintariek ezinbesteko betebeharra ezartzen diete kable bidez telebista zerbitzuak eskaini nahi dituzten enpresei: bi hizkuntza erkidegoekin lotuta diren telebistetako saioak nahitaez eskaintzearena, eta, baita, must carry estatusa eskuratu dutenetakoenak ere.

Auzi horretan, telebista pribatu batzuek kolokan jartzen zuten Brusela eskualdeko agintariek ezarritako betebeharra, zerbitzuak eskaintzeko askatasuna urratzen omen zuelako; beraz, Europako erkidegoetako merkatu batuaren oinarri sendoenetako bat urratzen omen zuelako. Luxenburgoko Auzitegiak, aldiz, leku egin dio, kasu honetan, Bruselako eskualdeak -erregioak- duen izaera elebidunari.

Halako izaera duen eskualde batean zilegi dira, esaten digu Justizia Auzitegiak, hizkuntza erkidegoen izaera eta berezitasun kulturala babesteko ezartzen diren betebeharrak, enpresaren askatasuna mugatzen badute ere. Telebista zerbitzuak eskaini nahi dituenari botere publikoak ezarri diezaioke, ezinbestez, hizkuntza erkidego biekin lotuta diren saioak. Horren bidez bermatzen baita gizartearen berezitasun kulturala eta izaera elebiduna.

Badirudi, Europako batasunaren bidean hizkuntzek lekurik izan dezaketela, horretarako merkatuaren behar aseezinak egokitu behar badira ere. Etorkizunak argituko digu Justizia Auzitegiak bide hau jorratzen jarraituko duen ala merkatu ahalguztidunaren magalean egokituko den, behin betiko.


Alberto López Basaguren
EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna