euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Soziolinguistika eta hezkuntza: balear uharteetako hizkuntza eredua

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2007-08-07 / 07:20

Soziolinguistika eta hezkuntza: balear uharteetako hizkuntza eredua

haurrak_eskolan.gif

Ez da gauza harigarria, baizik argi ikus daiteke elebakartasunerako joera handiagoa dela hiztun komunitate batzuetan beste batzuetan baino: hiztun asko eta egoera soziolinguistiko egonkorra duten hiztun komunitateetan elebakartasunerako joera sakonagoa izaten da arazo soziolinguistikoak bizi-bizirik direnetan baino. Ingelesez edo gaztelaniaz hitz egiten dutenen artean, esaterako, elebakartasunerako joera larriagoa da, ez bakarrik euskal hiztunen eta katalan hiztunen artean baino, baita suediera eta danieradunen artean baino ere. Hizkuntza bat oso zabalduta dagoenean, hizkuntza horretako hiztunek beren hizkuntzarekin nahikoa dela uste dute, eta horregatik, beste hizkuntzarik ikastea zentzu gabekotzat ez ezik, alferrikakotzat jotzen dute.

Joera horrek, ordea, badu arrasto sakonagorik. Oso zabalduta dagoen hizkuntzaren batean hitz egiten dutenek, egokitzeko zailtasunak izan ohi dituzte egoera soziolinguistiko konplexuko komunitateetan daudenean, eta orduan ere, elebakartasunerako joera izaten dute. Gai horretan, hain zuzen, ikerketa bat egin zen Andorrako ikastetxe frantses batean (irakaskuntza frantsesez; ikasleen artean katalan hiztunak, frantses hiztunak, gaztelania hiztunak, beste hizkuntzarik ere bai; ingurune frantsesduna...). Ikerketak erakutsi zuen atseden garaian gaztelania egiten zutela gehien, gaztelania hiztunak baitziren hizkuntza aldatzen ez zuten bakarrak, inguruko egoera bat zein beste izanagatik ere.

Balear Uharteetan Alderdi Popularra agintean izan zen aldian (joan den maiatzaren 27an amaitu zen), hiru hizkuntzako hezkuntza eredua abian jartzen saiatu ziren. Eredu horrek proposatzen zuen hezkuntzaren herena katalanez, beste herena gaztelaniaz eta beste herena ingelesez izatea. Era horretara, elebitasun ofizialari ingelesa irakats hizkuntza gisa gehituta, uharteko biztanleen beharrak asetzea zuen asmoa.

Berehala agertu zen, ordea, eredu horren arazoa: hiru hizkuntzako hezkuntza eredua ezarriz gero, katalanaren normalizazio prozesua izugarri geldotuko zen Balear Uharteetan, zalantzarik gabe. Eta hori zergatik? Bada, ingelesa irakasteko prestatuta zeuden irakasleak katalana irakasteko prestatuta zeuden irakasle berberak zirelako; gaztelaniaz hitz egiten zuten eta katalanez irakastera egokitu ez ziren irakasleen artean, berriz, ia inor ez zen gai ingelesez irakasteko.

Europar Batasunak joan den urtean egindako ikerketa batek dioenez, espainiarrak azken aurrenak dira norberarena ez den beste hizkuntzarik ongi hitz egiten dutenen artean (betiere kontuan hartuta, ofizialki espainiartzat jotzen diren biztanleen artean hamabi milioi pertsonak hitz egiten dugula euskaraz, galegoz edota katalanez).


Bernat Joan i Marí
Soziolinguistikan aditua eta Europako Parlamentuko diputatua