euskaraz · español · english · français  mapa web e-mail  
Estás aquí:   Premio Abbadia »  Grupo Elay - 2003 »  Iñaki Irazabalbeitiaren mintzaldia

Iñaki Irazabalbeitiaren mintzaldia

Diputatu nagusi jauna, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako diputatua, Euskarako zuzendari jauna, omenduok, jaun-andreok, lagunok, arratsaldeon.

Lehenik eta behin, eskerrik zintzoenak eman nahi dizkiet ekitaldi honen antolatzaileei gaurko sarituen laudorioa egiteko eman didazuen egokieragatik. Ohore bat da niretzat, zinez eta horrek ematen duen ardurarekin hartu dut gaurko lana. Kezka bat dut hasteko. Neroni ote naiz Elay taldearen normalizatze-jardueraz aritzeko pertsonarik egokiena? Seguruenik ez. Izan ere, hemen gure artean, areto eder honetan, esperientzia hori gertuagotik ezagutzen dutenak badaude, protagonista ere izan direnak eta, neurri batean bederen, prozesuaren ardura izan dute une batean edo bestean. Elhuyarreko nire lankide ohiak Tere, Agurtzane, Agurne edo Miel hain zuzen ere, ziratekeen neroni baino aproposagoak zuei gaur hemendik berritzeko. Haien tokia hartu dut nik, ohore bat baita hori ere.

Atariko hitz hauen ondoren aitortza batekin jarraituko dut. Zuen aurrean bekatu bat aitortuko dut: bekatu larri samarra gainera euskararen normalizazioa lanbide eta militantzia duen batentzat behinik behin. Elayn euskara-plan abiatu zenean Hiztegi Entziklopedikoa lantzen ari ginen Elhuyarren eta nik haren koordinazio-ardura neukan. Horren ondorioz Eusenor proiektu malapartatuaren erditze-lan neketsutan eta kalapitatsutan ari ginen, halaber. Bestetik, Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari nintzen artean eta lau urtetarako hartutako konpromisoa amaitzear nire ondorengoa bideratzen niharduen. Burua nahikoa okupatuta neukan zeregin horiekin beste hainbati taxuz kontu hatzeko.

Elhuyarren bazebiltzan Tere Barrenetxea eta Mariaje Jauregi, orduko gure lehendakaria zen Andoni Sagarnarekin batera, MOPI, LAKET eta antzeko izen nahasgarriak zituzten ekimenak bideratzen. Gauza bat bakarrik nuen garbi langile-jendea eta euskara uztartzen zituela sigla-zopa hark. Gaineratzean zapo-hizkera zen niretzat. Horrelako ideien haritik, Elhuyarrek Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sinatu zuen, euskara lan-munduan txertatzeko esperientzia pilotuak burutzeko alegia. Hitzarmenaren inguruko gora-beherak oso gauza urruntzat neuzkan. Hitz lauz esanda, Tereren kontuak ziren, besterik ez. Gainera, Elhuyarrek horrelako lanik egin behar ote zuen duda handiak nituen neronek. Jaurlaritzak ematen zigun diruari begi onez begiratzen nion, jakina, baina beste bide batetik ikusten nuen nagusiki gure Elkartearen geroa. Horixe izan zen nire bekatua gaur zuen aurrean aitortzen dudana: Tereren kontu horiek euskararen gizarte-normalizazioan zuten garrantziari eta proiekzioari ez niola erreparatu. Parada horretan nengoen Elay Taldeko Euskara Plana abiatu zenean: 1991n, zehatz-mehatz.

Elay taldea bera geroago ezagutu nuen, hainbat urte geroago. Ez nuke jakingo esaten zehatz noiz izan zen. 1990eko hamarkadaren erdi aldera izan zen, hala ere. Ordurako Elhuyar Kultur Elkarteko lehendakariaz gain, kudeatzailea ere banintzen, hainbat urtetan nire bulegoa izan den tokian jarrita nengoelako jada. Terek, lan-munduko proiektuen arduraduna bera, Elayko gerenteak Elhuyar ezagutu nahi zuela eta bisitan etorriko zela adierazi zidan. Hitzordua jarri eta Xanti Zabaleta eta Anaje Narbaiza agertu ziren gure etxean. Anaje ezagutzen nuen, UEUn edo horrelako tokiren batean topatuta, baina Xantirekin lehen aldiz egin nuen topo. Bere ibilera, gorpuzkera eta, bereziki, bibotea ikusi orduko iruditu zitzaidan Pancho Villa izateko bularrean zehar kartutxera soilik zuela faltan.

Jarduera, proiektu, ekipo eta lan guztietan bada, besteen gainetik gailentzen den laguna, doan berezia duena, arima eta lider papera jokatzen dituena. Halako traza hartu nion Xantiri. Jakina, Elay proiektuan eta Elayren euskara-planean beste pertsona inportante batzuk, beste lider batzuk, ere baziren eta badira: Jose Luis Elkoro bera edo oraindik orain aipatu dudan Anaje esaterako. Alabaina, nire sentimenduen barrenetik Elay Xantirekin identifikatuko dut beti. Hasiera-hasieratik eragin zidan inpresio handia: gauzak ikusteko baikortasun kutsagarri hori, argi hitz egiteko gaitasuna, umore-puntua kontakizunean, ausardia eta, guztien gainetik, xalotasuna. Sinpatia naturala sortu zitzaidan berarenganako. Gustura egoten nintzaion entzuten eta, gehienetan, lezioren bat ikasten nuela iruditzen zitzaidan. Berak esandakoak maiz izan ditut kontuan nire eguneroko jardunean, gerora.

Iaz kukuak makur jo zigun eta Xanti joan zitzaigun duela urtebete pasatsu. Bera hemen ez egotea da gaurko festak duen ments bakarra. Apika, berandutxo etorri da Elayri eginiko omenaldi hau, hirugarrenean agi danez, eta horrek tristatu egiten nau. Penatu egiten nau hau duela hiru urte gertatu ez izana, lehen aldiz Elay taldea hautagai aurkeztu genuenean elhuyartarrok Abbadia sari hauetara. Beste kutsu bat izango zukeen gaurko egunak eta malenkoliak ez zukeen zipriztinduko nire jarduna. Xantik merezi zuen. Gogoan dut oraindik, gorago aipatu dudan, xalotasunaren lekuko Elay Abbadia sarietara aurkezteko baimena eskatu genionean eman zidan erantzuna: «saria! Egin behar genuena baino ez dugu egin eta». Ez zen intsentsu eta mirra artean agertzeko oso zalea, gauzak apaltasunez egitearen aldekoa izan zen, Elay taldearen oinarrizko filosofiari dagokion moduan, konturatu izan naizenez. Gerora jakin dut, euskararen aldeko lanaz gain gizarte-alorreko beste hainbat ekimenetan protagonista izan dugula Elay: Venezuelako lanbide-eskoletarako makinak bidaliz esateko.

«Zuek horrela ikusten baduzue aurrera» edo antzeko zerbait esanez eman zigun baimena.

Elay taldearen apaltasun horren lekuko izan zen euskara-planaren beraren hamargarren urteurrenaren ospakizuna: etxe barrura egindakoa eta su artifizialak alde batera utzita. Egun hartan bertan, Elayk bere aitzindari-lanaren beste erakusgarri bat jaso zuen: Bai Euskarari ziurtagiria: lana eta zerbitzua euskaraz. Ziurtagiria jaso duen lehen enpresa industriala; euskalgintzakoa ez zen lehen erakundea. Baina, Elay euskalgintza ez al da?

Ospakizun horien karian ikusi nuen Xanti azkenekoz. Elkarren ondoan bazkaldu genuen Bergarako Zumelaga jatetxean, umore onean eta lagun giroan. Barre-algarak egin genituen Mexikon negozioak egiteko manerak kontatu zizkigunean, Celayako planta abiatzeko gora-beherak, gobernadorearen aurrean jotako hordagoa,? Xanti erretiroa hartzen ari zen, orduak Elayri kenduaz eta familiari emanez. Otorduetan zaintzen ari zela, kiloak jaitsi egin behar zituela,? Ilusioz egiten zuen hitz etorkizunaz eta ilusio hori transmititu egiten zigun. Irudi hori dut gogoan eta egun hartan oroigarri legez oparitu zigun kartera nirekin soinean.

Jokalari batek ez du ekipoa egiten. Gaur ospatzen ari garen festan Elay taldeko zuzendaritza eta langile guztiak dira protagonistak. Beraiek dira gaur gu hemen egotearen arrazoia eta erantzuleak. Zuek izan zarete Elayko euskara planak aurrera egitea posible egin duzuenak. Zuen oniritzirik eta engaiamendurik gabe, nekez bultza dezake inork zuek egin duzuen tamainako aldaketa. Barka egidazue beraz, orain arteko jardunean, pertsona bakar bati eman badiot protagonismo nagusia. Ulertuko duzuelakoan nago.

Hizketaldi honen atzen txanpan utz egidazue, mesedez, har ditzala nire ofizio berriaren armak eta politika egin dezadala, profitatuz Gipuzkoako diputatu nagusia eta beste arduradun politiko batzuk gure artean direla. Ez kezkatu. Mitinik ez dizuet jaulkiko ezta aldarri partidistarik egingo ere. Euskararen normalizazioaz jardungo naiz, ez beste eta, hori, politika da, sarriegi, gurean.

Atzera begira hogeita bost urte egiten baditugu, euskararen gizarte-normalizazioaren alorrean aurrerapauso nabarmenak egin ditugula ikusiko dugu, nahiz eta urrun gauden, agerikoa da hori, batzuek orduko giro itxaropentsuan amesten zuten Euskal Herri euskaldunetik. Bi alor bereziki azpimarratuko nituzke nik aurrerapen horren etsenplu moduan: komunikabideena eta hezkuntza-sistemarena.

Jakina da komunikabideena ozeano erdalduna dela non euskal irlatxo ñimiño batzuk sakabanatuta dauden, baina euskarazko irrati eta telebista nazionalak, egunerokoa, era askotako aldizkariak eta tokiko komunikabide-sare indartsua dauzkagu. Ez dira munduko onenak izango, euskaldunak ez du gustuko komunikabidea aukeratzeko eskaintza handia izango, baina munduan eta Euskal Herrian gertatzen denaz euskaraz informatzeko aukera du.

Hezkuntza-sistema euskalduntzeko egin den ahalegina mirestekoa da guztiz. Erdara eta erdaldunak nagusi ziren esparru batean euskara nagusitu da. Ikastola-mugimenduaren inguruan bildutakoak genituen orduan euskararen arnasbide bakarrak. Gogoan al dituzue duela hogeita bost urteko eskola nazionalak? Antzik ba al dute, euskararen ikuspegitik bederen, egungo eskola publikoekin? Hezkuntza-sisteman euskara guztiz normalizatuta egoteko bidea ez da oraindik bukatu, baina gaur arte ibilitakoa baino laburragoa izango da ibiltzeke dagoena, hain segur. Gizartearen ahalegin osoa egon da itzulipurdikatze horren atzean. Gurasoek euskarazko ereduen alde egin dute, beharra mahai gainean jarri dute eta eskaera tinkotu egin da. Era berean, administrazio publikoak eskaera horri erantzun egin dio, baliabideak jarri ditu eta, neurri batean, izan gaitezen zintzo, eskaera berrelikatzeko neurriak hartu ditu. Gizartearen ahalegin pertsonala batetik, guraso erdaldunen hautu garbia nahiz eta zailtasun ugari gainditu behar izan eta ez gutxienekoa semearen edo alabaren etxeko lanak ez ulertzea! Administrazioaren inplikazio politiko eta ekonomikoa, bestetik. Ez dakit zenbat miloi euro usatu diren EIMA, IRALE eta gainerako programetan. Ez zait asko inporta, apustuaren ondorioak hor daude eta.

Nago beste gizarte-alor batzuetan urrun ibili garela euskararen normalizazio-prozesuan aipatu bietatik. Lan-mundua da horietako bat. Badaramatzagu hamabost urte baino gehiago euskararen gizarte-normalizazioaren hurrengo erronka horixe dela esanez. Hamabost urte eta gero non gaude? 100 bat erakunde eta milaka gutxi langile ari dira gaur egun euskararen normaltze-prozesuren batean murgilduta gure enpresa eta lantokietan. Gutxitxo, ezta?

Kezka du bekatari honek mundu sozio-ekonomikoaren euskalduntzeari buruz bekatu bera egiten ez ote diren ari beste batzuk. Hitzak bai entzuten ditut, baina presioa faltan sumatzen dut. Aurrerabide nabarmenik ez dut ikusi duela lauzpabost urtetik hona. Erakunde gehiago sartzen ari dira euskararen normalizazioaren gurpilean egia da, ttanttaka ordea. Ez dago jauzi kualitatiborik, inflexio-punturik. Zer dira 100 edo 200 oasi gure herrian dauden milaka enpresen basamortuan? Presiorik ez dago, gorago esan dut. Gizarte-presiorik ez dut sentitzen hezkuntza-sisteman egon zen moduan. Euskalgintzak ahaleginak egin ditu gizartea eta sektorea aktibatzeko, irispide motzekoak izan dira, ordea. Erakunde publikoek ere ahaleginean jardun dute, baina oso urrun gelditu dira hezkuntza-sisteman egin direnetatik. Azpimarratzekoa da, bestalde, bihar Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartuko dituzten 2004rako aurrekontuetan euskara mundu sozio-ekonomikoan sustatzeko konpromisoa hartuko duela Gipuzkoako Foru Diputazioak estreinako aldiz. Administrazioak ez dituela alor sozio-ekonomikoan hezkuntza-sisteman interbenitzeko adina baliabide esango zait, akaso, esan berri dudanaren zuritze aldera. Bai, jakina! Baina zer pentsa eman beharko liguke konparatzeak, adibidez, kalitate-sistemen ezarreran administrazioak berak jokatu duen eragile-papera lan-munduaren euskalduntzean jokatzen ari denarekin.

Eta sektoreko agenteen artean? Sindikatuek, abertzaleek behintzat, euskararen normalizazioa erreklamatzen dute. Baten bat, etxe barruan horrelako prozesu batean ari da. Itxaropena demait horrek aho txikiarekin ez direla berritzen seinale baita. Bestalde, hoztasuna, kezkatzeko moduko hoztasuna, igartzen da enpresa-arduradunen artean; euskara ez omen da errenta. Egokitu izan zaizkit misiolari lanak alor horretan eta? Euskarak eta ekonomiak loturarik ez dute horietako gehienen ustean. Badakigu jakin Euskal Herriko belaunaldirik erdaldunena dagoela egun ardura-postuetan. Kontsolamendurik ez dit horrek ematen!

Ataka horretatik ateratzeko administrazio publikoak lidergoa hartu behar duela uste dut. Ez dut esan nahi administrazioaren lana denik soilik. Are gehiago, mundu sozio-ekonomikoan euskara normalizatzeko elkar lana zeharo beharrezkoa izateaz gain txit komenigarria da: euskalgintzarena, sindikatuena, enpresa-erakundeena eta gizartearena berarena. Aliatu bila euskalgintzan topatuko ditu administrazioak prestuenak: Kontseiluan, Euskalanen, Elhuyarren? Euskararen etorkizuna segurtatu nahi badugu, alor sozio-ekonomikoan hezkuntza-sisteman egin zen aukera estrategikoaren modukoa egin behar dela deritzot. Domino batean bezala, euskararen normalizazioaren fitxak bata bestearen atzean erortzen hasiko direlako bestela. Erakunde publikoek dituzte gurdi horretatik tiratzeko baliabideak eta legitimitatea. Ez naiz diru gehiago eskatzen ari bakarrik, sustapen-lana eskatzen dut, euskaraz lan egiten duten erakundeei balio erantsi bat aitortzea, sektoreko agenteak biltzea, bultzatzea, zirikatzea? Borondateak biltzen ahaleginak egin behako ditu administrazio publikoak, gazteek esaten duten bezala sektoreko agenteei pilak kargatu behar dizkie. Mila bide daude horrelakoak egiteko: kanpainak, sariak, ziurtagiriak, laguntzak bideratzeko fundazio sektorialak sortzea, gizartean kezka sorraraztea, euskaraz lan egiten duten enpresen aldeko diskriminazio positiboa eginez, etab. Jarrera bat eskatzen ari natzaie erakunde publikoei euskara alor sozio-ekonomikoan normalizatzeko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian hartu zen erabaki estrategikoari tinkotasunez heldu diezaioten, horrek dituen ondorio guztiekin eta amaiera eman diezaiotela adabakien aroari. Praka berriak behar ditugu!

CEBEKeko lehendakari den Jose Maria Vazquez Eguzkiza jaunaren hitz batzuk ekarriko ditu hona amaitzeko, amaitzeko benetan.

Europan euskal produktuek izango duten lekuaz dihardu:

«Erakusleiho horretan egongo dira inplizutuki gure ahalegin enpresarialak, baina hori egingo duenak bereizketa-faktorea ere izan behar beharko du, produktuaren jatorria argi eta garbi utziko duen bereizketa-faktorea, alegia. Etiketa hori Euskara izango da. Batugai berezia eta enpresak arreta bereziz zaindu beharko duena, esfortzu sozial oso baten (ikastolak, unibertsitatea, ?) lan-mundurako irteera naturala den neurrian. Bila ditzagun enpresarentzat giza baliabiderik egokienak eta balora dezagun euskaren presentzia.»

Hitz horiek adierazten duten filosofia bere egin duelako eta zintzo aplikatu duelako jaso du Elay taldeak gaurko saria, ez beste ezergatik. Zorionak, bene-benetan.






Iñaki Irazabalbeitia, 2003ko abenduaren 18an