euskaraz · español · english · français  mapa web e-mail  
Estás aquí:   Valentziera-katalana: merkatu faktorea

Noticias

« Volver a las noticias    

17/06/2010 - 17:23

Valentziera-katalana: merkatu faktorea

12_oposizioak.jpg

Hamabost urte eta hogeita hamar epai behar izan dira, Valentziako autonomia-gobernuak Filologia Katalanaren unibertsitate-titulua izateak maisu-maistren eta irakasleen lanpostuak betetzeko oposizioetan valentzieraren ezagutza egiaztatzen duela onartzeko. Baikorrenek garaipen bat bailitzan ospatu dute, beren aburuz, gertakariak "hizkuntzaren batasuna" onartzen duelako. Ezbairik gabe, Acció Cultural del País Valencià eta Sindicat de Treballadors de l'Ensenyament elkarteen nekaezintasuna txalotu behar da. Beren zilegizko salaketen irmotasunak emaitzak izan ditu. Beraiek gabe, inoiz ez zen helduko lege-mailako onarpenik.

Begirale honi deigarria egiten zaio, lehenik, hamabost urteetan justiziak ofizioz jardun ez izana elkarren segidako epaiei muzin egiten zieten gobernarien aurka. Ez dirudi logikoa hogeita hamargarren epaira itxaron behar izatea aginte publikoek hiritarrak edo, dagokigun kasuan bezala, beste instantzia ofizial batzuk -nor eta administrazio autonomikoa- arauak eta ebazpenak betearaztera behartzeko. Erredundantzietan sartu gabe, bere epaiak betearazteko hamabost urte baino gehiago behar dituen justiziak ez dirudi oso justua. Logikoa litzateke pentsatzea, zuzenbidezko estatu batean, epai irmo batek nahikoa beharko lukeela dioena betearazteko eta, horrela ezean, legearen pisu guztiarekin -ezin hobeto esan-, kargu publiko matxinoak beren erantzukizunak premiaz uztera behartzeko. Ikuspegi horretatik, dagokigun epaia aurrekari txarra da. Erantzukizunak luzatzeak bidegabekeria sustatzen du boterearen erabileran eta, ustezko delitugileei berresten die legea ez dela beraiei dagokien zerbait, beren onurarako baliabide instrumentala baizik.

Hala ere, begiraleak uste du unibertsitate-titulazioaren baliotasuna onartzea, hizkuntza-merkatu berekoak -merkatu mota bat dena- izatearen gutxieneko kontzientzia lantzeko abiapuntua dela. Baliteke, lurraldea (mugak), banderak eta hizkuntzak, nazioen eta edonongo merkatuen elementurik enblematikoenak eta enblematizatuenak izatea. Gainera, hizkuntzak berariazko sinbolizazioa adierazi eta merkatu horien elkarbizitza murrizten edo areagotzen duten berezko aukera ugari ditu. Tamalez, asko dakite valentziarrek gai horri buruz. Hizkuntzaren izena, grafiak eta gramatika-araudia erritualizazio semiotikoko iturri izan ohi dira eta, beraz, helburu sinbolikoak ez ezik, helburu ekonomikoak eta soziokulturalak ere betetzen dituzten atxikipen eta leialtasun sentimentalen -ondorioz, manipulagarriak- iturri. Galiziarrek ere gaiaren inguruko adibide ugari eskain ditzakete. Hori guztia hizkuntz komunitateentzat gizarte-gatazka serio eta definitiboagoak direnak estaltzeko ke-gortina moduan edo lasaigarritzat erabili ohi izatea, interesengatik eta usu erabiltzen den taktika zaharra da.

Azkenik, begiraleak A. Gramscik gure gazte-irakurgaietan gomendatzen zigun borondatearen baikortasunaren printzipioa aplikatzen badio kasuari, epaiaren aurrean pozik egoteko arrazoi garrantzitsuagoa aurkituko du. Diodan legez, valentzierari katalanaren hizkuntz komunitateko gainerakoen aldean aplikatutako sezesionismoa, merkatua sakabanatzeko estrategia bat da eta merkatu horretan, barne-mugek -administratiboak izan ala ez-, komunikazio-fluxuak, eta ondorioz, eskaintza eta eskari gaitasuna, desegiten dituzte. Moldaviakoa dugu beste adibide bat (Moldavian hitz egiten den errumaniera), Errumanian hitz egiten denarekiko ezberdintasun kontzientzia argia baita. Gauza bera gertatzen da Galiziako portugesarekin, sarritan estatu mugakideko hizkuntzaren bestelakotzat jotzen baita. Baliteke Serbia eta Kroaziako kasua inguruan dugun lazgarriena izatea. Zentzu horretan adierazten dugu -eta zentzu horretan bakarrik- artikulu honen hasieran lege-mailako onarpenaren inguruko poza. Valentzieraren eta katalanaren arteko bereizketa juridikoak, besteak beste, erkidego bateko eta besteko profesionalek lurralde-merkatu osoan lan egiteko aukera izatea galarazten zuen. Ez zen gure nazio sena jokoan zegoena, Valentziatik, katalana bere sorkuntza- eta lan-hizkuntza bihurtu duten langile, idazle eta kultura-industrien nolabaiteko masa kritikoaren isolamendua baizik. Ongi etorria izan dadila epaia, hamabost urte berandu heldu arren.


Toni Mollà
Kazetaria eta Manual de sociolingüística liburuaren egilea