Noticias
Hizkuntzen Europako Gutuna Bilbon

Azken asteotan luze eta sakon mintzatu dira Bilbon eremu urriko hizkuntzen babesaz eta sustapenaz, bertan egin baita apirilaren 20an eta 21ean Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari buruzko jardunaldia (Lorpenak eta desafioak). Horrekin lotuta, Europako Gutunaren Adituen Komiteko bilkura ere egin dute; udaberriko bilkura, hain zuzen ere. Hedabideek arreta handia eskaini diote horien inguruan gertatutakoari.
Hizkuntzen Europako Gutuna Europako Kontseiluak sortu zuen 1992an, Berlingo harresiaren erortzeak ekarri zuen egoera berriari aurre egiteko. Europako antolamendu berriaren zutabetako bat izan behar zuen, kontinentean bakea eta egonkortasun politikoa bermatzeko tresna.
Europan, sarri, zailtasun eramanezinak gertatu dira estatuen barnean gizarteen baitako aniztasuna onartzeko, errespetatzeko eta babesteko; bereziki Europako erdialdean eta ekialdean. Eta, nola edo hala, zailtasun horiek ekarri dituzte, askotan, gatazka larrienak, kontinenteko lurrak odolez bete dituztenak.
Hamar urte dira Hizkuntzen Europako Gutuna indarrean sartu zela. Zaila izan zen Gutunaren ibilbidearen hasiera, estatu gehienek mesfidati begiratzen baitzioten nazioarteko itunari. Sei urte igaro behar izan zuten Gutuna sinatua izateko aukera zabaldu zenetik indarrean sartzeko beharrezko ziren bost estatuk berretsi zuten arte. Eta hori Liechtensteini esker lortu zen, eremu urriko hizkuntzarik gabeko "erresuma" izan arren, barne baitzegoen.
Hasierako garaiak gogorrak izanagatik ere, ibilbide luzea eta emankorra egin du Hizkuntzen Europako Gutunak hamar urte hauetan; azkenengoetan bereziki. Gaur egun hogeita hiru estatu dira Gutuna berretsi dutenak. Europako Kontseiluko kide diren berrogeita zazpi estatuen erdia bakarrik osatzen badute ere, gero eta gehiago dira bide hori hartu dutenak. Gutuna, azkenik, arrakastatsua gertatu da; eragin handia izaten hasi da estatu askotan eta eremu urriko hizkuntzetako hiztunentzat eredu eta babesleku bihurtu da.
Bilbon egindako jardunaldian aztergai izan ditugu Gutunak orain arte lortutakoa eta etorkizunera begira dituen erronkak, baita Gutunaren interpretazioak sortzen dituen zalantzak eta bere aplikazioan sortzen diren arazoak ere. Gainera, eremu urriko hizkuntzadun estatu eredugarri batzuek Europako Gutuna berresteko dituzten arazoak aztertu ditugu. Halaber, Gutuna berretsi duten estatuetan eremu urriko hizkuntzak babesteko eta sustatzeko nazioarteko estandarrak, barneko estandarrarekin alderatuta, sortzen dituen arazoak izan ditugu hizpide. Era berean, hainbat eremu urriko hizkuntzen alorrean ezartzen eta eraldatzen ari diren hizkuntza politikak aztertzeko aukera izan dugu.
Jardunaldia Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu zuen Europako Kontseiluko Espainiar Presidentziaren babesean. Espainiako Gobernuaren Lurralde Kooperaziorako Ministerioak eta Euskal Gobernuaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatu zuten. Europako Kontseiluarentzat abagune egokia izan da Bilbon egindako jardunaldia. Horren adierazgarri izan zen Kontseiluko agintari nagusiak bertan egon izana: Terry Davis eta Lluis Mª de Puig jaunak, Idazkari Nagusia eta Parlamentarioen Biltzarreko Presidentea hurrenez hurren, irekiera ekitaldian mintzatu ziren. Haiekin batera, ekitaldian hitza hartu zuten Fernando Gurrea jaunak, Espainiako Gobernuko Lurralde Kooperaziorako Zuzendari Nagusiak; Iñaki Goirizelaia jaunak, EHUko Errektoreak; eta Juan José Ibarretxe jaunak, garaiko Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.
Jardunaldia egin eta hurrengo egunetan Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioa zaintzen duen Adituen Komiteak udaberriko bilkura egin zuen Bilbon, Euskaltzaindiak Plaza Barrian duen egoitza nagusian. Bilkura guztiz ezohiko eran egin zen, ez baitira inoiz egiten Estrasburgotik kanpo. Komiteko Adituek Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen babesaren eta sustapenaren aldeko hizkuntza politikaren nondik norakoez ezagutzeko aukera paregabea izan zuten, baita euskarak gizartean bizi duen biziberritzea ikusteko ere.
Bilbo, baita Euskal Herria ere, betiko lotuta gelditu da Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunarekin, haren ibilbidearekin eta Adituen Komitearen jardunarekin.
Alberto López Basaguren
EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna
