euskaraz · español · english · français  mapa web e-mail  
Estás aquí:   Kataluniako hizkuntz politikarako konstituzio esparrua

Noticias

« Volver a las noticias    

20/05/2009 - 08:41

Kataluniako hizkuntz politikarako konstituzio esparrua

07_erreforma.jpg

Jakina denez, autonomia estatutu bat Espainiako Konstituzio Auzitegira eraman dute frankismoaren ondorengo politikaren historian lehen aldiz. Auzitegira eramandako testu hori 2005eko irailaren 30ean Kataluniako Parlamentuko diputatuen %89k adostutakoa da. Egun hartan bati baino gehiagori jario zitzaizkion malkoak, erabat hunkituta.

Itxaropenez betetako hasiera haren ondoren, testua Diputatuen Kongresuan «orraztu» zuten, eta «orrazketa» hark, sinestezina bada ere, artikulu gehienetan izan zuen eragina. Umilazio hura gainditu eta kataluniarren gehiengo batek, gertakari haren ondorioz gogoa apalduta, «orrazketa» haren ondoren geratutako testua berretsi zuen. Kataluniaren erabaki garrantzitsu haren ostean, ordea, Alderdi Popularrak eta herriaren defentsariak, inork espero gabe, bi helegite aurkeztu zituzten, testua Konstituzioaren aurkakotzat jota.

Lehen testuak Consell Consultiu entzutetsuaren babesa lortu zuen, eta horrez gain, Katalunian onartutako testuaren konstituzionaltasunari buruz inork zalantza izpirik bazuen, Kongresuak argitu zuen auzi hori.

Hori guztia argitu ondoren, azal dezagun 2006ko Estatutuak zer dioen hizkuntzei buruz. 1979ko Estatutuarekin alderatuz, hizkuntzen auzia arautuago dago 2006ko Estatutuan. Aurreko Estatutuan, 1979koan, 3. artikulua eta 5. xedapen gehigarria zegozkien zuzenean hizkuntzei. 2006ko Estatutuan, aldiz, 17 artikulutan jorratzen da hizkuntzen auzia. Idatzi honen helburua ez da, ordea, artikulu horien edukia deskribatzea, Observatori de la Llengua Catalanak argitaratutako ikerketa bat aipatzea baizik. Ikerketa horretan, Universitat de Barcelonako Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle Mar Aguilera Vaqués doktoreak honako ondorio irmo hau atera du: ez dago arau horien konstituzionaltasuna zalantzan jartzeko arrazoi juridikorik.

Azken batean, Estatutuan egiten diren berrikuntza guztiak lege arruntetan jada adierazitako arauak baino ez dira. Ordura arte legea baino maila baxuagoko arauak ziren, baina ez ziren inolaz ere Konstituzioaren aurkakotzat jotzen, Konstituzio Auzitegiaren epaiek ez zutelako hala adierazi edo inork inoiz lege horien aurkako helegiterik ez zuelako jarri.

Testuko bi elementuz bakarrik ari gara: hezkuntza sistemako eredu linguistikoaz eta bi hizkuntzak jakin beharraz, hots, katalana eta gaztelania parekatzeaz.

Lehenengoari dagokionez (eta katalanezko jatorrizko testutik egingo dut itzulpena), «Konstituzio Auzitegiak bere jurisprudentzian xedatu du hezkuntzan ez dagoela irakas hizkuntza askatasun osoz hautatzeko eskubide konstituzionalik». Aguilera doktorearen ustez, «Bigarren Hezkuntzaren amaieran gaztelaniaz jakitea eta irakaskuntza publikoan zein pribatuan hizkuntza hori irakatsiko dela bermatzen denez, ez dago testuaren konstituzionaltasunari buruzko inolako zalantzarik». Horrez gain, Aguilerak azpimarratu du Espainiako Konstituzioak (EK) eredu mota asko onartzen dituela: EKn, «hautazko bereizketa onartzen da, hau da, irakaskuntzan transmisiorako hizkuntza zein izango den hauta dezakete herritarrek».

Bigarren elementuaz -katalanez jakin beharraz, argi dago Konstituzioaren baitako legeen barnean soilik ezar daitekeela, eta hori da, hain zuzen ere, kasu honetan gertatzen dena. Legelariaren ustetan, Konstituzio Auzitegiak aurretik eman izan dituen epaietan garrantzia kendu izan dio hizkuntza ofizial bat jakiteko betebeharrari: «ez gara hertsiki betebehar bati buruz ari, baizik eta ustezko ezagutza batez. Ustezkotasun hori, gainera, bertan behera gera liteke kontrako froga baten bidez». Ondoriotzat, honela dio: «Azken finean, nahiz eta gaztelaniaz jakitea betebehar konstituzionala izan eta katalanez jakitea ez, horrek ez du esan nahi katalanez jakitea Estatutuan ezarritako betebeharra izan ezin daitekeenik. Hori Estatutuak zehaztu ditzakeen eskumenetako bat da».

«Egokitasun politikoak alde batera utzita, ezin esan daiteke Kataluniako Autonomia Estatutuaren baitan hizkuntzari buruzko artikuluak EKren kontrakoak direnik. Ezta inondik inora ere», gaineratu du Aguilera doktoreak

Aguilera irakaslearen ondorioak aintzat hartuta, esan daiteke Konstituzio Auzitegiak Estatutuan hizkuntzei buruzko artikuluetan murrizketak egiteko epaia emango balu, epai hori, arrazoi juridikoen ondorio izan beharrean arrazoi politikoen ondorio izango litzatekeela. Murrizketa horiek gertatuko balira (eta ez dut horrelakorik aurreikusi nahi), baieztatu egingo lirateke Kataluniako prentsan argitaratutako zenbait filtrazio, epaia eman aurretik Konstituzio Auzitegian izandako eztabaidei buruzkoak .


Miquel Strubell
Universitat Oberta de Catalunyako Hizkuntzen eta Kulturen Ikasketetako irakaslea.