Noticias
Erabiltzeko maitatu

«Prepárate para ganar», «Tienes mucho que ganar», «¿Sabes lo que te pierdes por no saber euskara?» Horrelakoak izan dira azken zazpi-zortzi urte hauetan Hernaniko Udalak erabili dituen lema nagusiak, herritarrak euskaltegietara hurbil daitezen.
Alderdi komunikatiboa, pragmatikoa landu dugu batik bat. Irabaziak, onurak, abantailak… Herritarren % 60ak euskaraz dakien ingurune batean euskara ez jakiteak edo gutxienez ez ulertzeak dakartzan galerak azpimarratu ditugu.
Autonomia Erkidegoko euskaltegietan urte batzuk daramatzaten irakasleek ere alde handia nabaritzen dutela diote orain 15-20 urteko ikasleen motibaziotik gaur egungo ikasleen motibaziora. Gaur egun euskaltegietan dabiltzan ikasle askok titulua eskuratzea omen dute helburu nagusi, lanean hala eskatzen dietelako, lan bila dabiltzalako edota etorkizunean horrelako beharren bat izango dutela uste dutelako. Irakasle jende, Administrazioko langile eta Osasun arloko profesional ugari pasa da euskaltegietatik azken urteotan.
Nafarroako egoera, berriz, ez dirudi guztiz parekoa denik. Sagrario Aleman irakasleak, euskaltzain izendatu zuteneko sarrera-hitzaldian adierazi zuenez, Iruñea inguruan egin berri duten azterketak adierazi omen du euskaltegian izena emateko arrazoien artean identitatearena nagusitzen dela, nahiz eta gazteen artean arrazoi pragmatikoak ere pisu handia izan. Hala zioen Alemanek : «Motibazio afektibo-ideologikoak dira nagusi»; «maite dudalakoz» edo «gure herriko hizkuntza delakoz» bezalakoak.
Eta ikasteko arrazoietatik erabiltzeko arrazoietara salto egiten badugu, zer ote da pertsona bat euskara erabiltzera motibatzen duena? Eta motibazio horretan zenbateko pisua ote du identitateak?
Donostia inguruko eskola bateko ama batek esaten zidan harritua dagoela 40 urteren bueltako guraso askok, beren gurasoen ahalegin handiz ikastoletan ikasitakoak, zein gutxi erabiltzen duten euskara egunerokoan. Eta euskara erabili erabiltzen dutela halako identitate, sentimendu, maitasun, kontzientzia... dutenek.
Kataluniako hizkuntz normalizazioaz orain dela 3 urte Argiak argitaratu zuen Larrun aldizkarian ere aipatzen zen halako joera bat eta Grup Catalá de Sociolingüística-ko presidente Emili Boix-Fuster-ek hizkuntzarekiko leialtasun, erabilerarekiko mentalitate, kontzientzia, aldeko jarrera... EZA deitzen zion.
Poetak idatzi zuen «maita nazazu gutxiago, goza nazazu gehiago», euskara asko maite dutela gaztelaniaz edo frantsesez aldarrikatzen dutenentzako. Maita nazazu gutxiago eta erabil nazazu gehiago. Orain, gero eta garbiago agertzen zaigu gehien erabiltzen dutenek, maite dutelako egiten dutela. Eta nola sortzen, lantzen eta mantentzen da hizkuntzarekiko maitasuna?
Malores Etxeberria
Hernaniko Udaleko euskara teknikaria.
