Noticias
Hizkuntza bat ikastea… eta hura erabili nahi izatea

Gaur egungo hezkuntza-testuinguruan, ikasketa-helburuen asmoa ikasleak hiru hizkuntza edo gehiago erabiltzeko gai izatea da. Hala ere, harrigarri samarra da hezkuntza-politikek, irakasleen prestakuntzak eta ikastetxeetako hezkuntza-egitasmoek faktore psikosozialei jaramon gehiago ez egitea, faktore horiek erabakigarriak baitira hizkuntza bat ikasterakoan eta batez ere haren erabilera eraginkor bat egiterakoan.
Arreta pixka bat jartzen duen edonork nabarituko zuen hizkuntzak ikasten urte batzuk daramatzaten ikasle kopuru handi batek ez duela ikasitako hizkuntza erabiltzeko inongo joerarik, nahiz eta horretarako aukera izan. Kasu horiek ohikoagoak dira hizkuntza bat baino gehiago dauden inguru soziolinguistiko batean, hala nola, geurean. Horrelakoetan, hizkuntza bat ikasi duten hiztunekiko aldeko eta aurkako jarrerak erabakigarriak izan daitezke hizkuntza horren erabilera eragiteko edo eragozteko.
Argibide-eredu batek argi eta garbi aurkezten du ikuspuntu teoriko batetik ikasketaren alderdi desberdinek eta bigarren hizkuntzaren erabilerak (linguistikoak, psikosozialak eta soziolinguistikoak) duten harreman estua: Willingness to Communicate (komunikatzeko gogoa) deituriko eredua da, Peter MacIntyre eta beste batzuek (1) garaturikoa. Zalantza izpirik gabe, aditu horrek eginiko erabateko bi baieztapenekin bat gatoz: programa batek porrot egingo du ez badu lortzen hizkuntza bat ikasten dutenek hizkuntza hori erabiltzeko gogoa izatea; hizkuntza-ikastaro baten benetako xedea ez da ikasleek hizkuntza jakitea, hura erabiltzeko gogoa izatea baizik.
Motibazio-estrategien garrantzia oraindik eta erabakigarriagoa da derrigorrezko hezkuntzan, kasu horretan bistan baitago ezin dugula pentsatu ikasleek hizkuntza erabiltzeko ikasi nahi dutela. Horren ordez, komunikatzeko gogoa identifikatu eta kudeatu behar da ikasketa-prozesu osoan zehar.
Willingness to Communicate ereduaren egileetako batek, Zoltán Dörnyei-k, izaera praktikoagatik eta oinarri teorikoagatik hizkuntza-irakasleentzat oso lagungarria den eskuliburu bat idatzi du: Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan (2). Bertan, edozein hizkuntza-irakaslek estrategia asko aurki ditzake kurtsoa baino lehen, bitartean eta bukaeran motibazioa sortu eta iraunarazteko.
Oharrak:
(1) MacIntyre, Clément, Noel y Dornyei, Concepturalizing Willingess to Communicate in a L2: A Situational Model of L2 Confidence and Affiliation. The Modern Language Journal, 82, IV (1998).
(2) Motivational strategies in the language classroom. Cambridge: Cambridge University Press, 2001. HABEk 2004an argitaratu zuen euskarazko itzulpena: Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan. Eleaniztasunaren Linguamón-UOC Katedrak argitaratu berri du gaztelaniaz eta katalanez UOC argitaletxearen bitartez (2008).
Isidor Marí
Universitat Oberta de Catalunya-ko Humanitate Ikasketen zuzendaria.
