euskaraz · español · english · français  mapa web e-mail  
Estás aquí:   HAUSNARTU: euskal soziolinguistika sarietarako deialdia

Noticias

« Volver a las noticias    

12/05/2008 - 11:40

HAUSNARTU: euskal soziolinguistika sarietarako deialdia

C:\JOXTO\Internet orria\hausnartu.jpg

Soziolinguistika Klusterrak Hausnartu deitutako sariak antolatu ditu. Sari horien helburua euskal soziolinguistika teoriko edota metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Bost sari emango ditu Soziolinguistika Klusterrak 2008an.

AURKEZPENA

Deialdi honetan euskal soziolinguistikaren arloan garapen teorikoak lantzen dituzten lan hoberenak sarituko dira. Asmo horrekin, kontuan hartuko dira euskararen gaineko berariazko garapen teorikoak nahiz kanpoan landutako gerapenetatik abiatuta gure hizkuntzaren egoera aztertzeko eta ulertzeko egokitzapenak.

Asmoa hauxe da: dagoeneko euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena izan duten ikerlarien lana bultzatzea eta oraindik harremanik izan ez duten ikerlariak euskal soziolinguistikaren eremura biltzea. Modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko dira. Jatorrizko lanen oinarri teoriko edo ikuspuntua ez du zertan izan behar soziolinguistikaren arloari lotua; hau da, zuzenbide, soziologia, ekonomia, psikologia, historia, geografia, gizarte psikologia, antropologia edo beste adar zientifikoetatik abiatutako planteamendu teorikoak euskal soziolinguistikaren eremura egokituak izan daitezke. Bestela esanda, soziolinguistikatik bertatik egindako garapen berriak ez ezik, beste adar zientifiko horien ekarpenak ere bultzatzea da sari hauen xedea.

Hortaz, aurkezten diren lanak oinarri zientifiko sendoak izan beharko dituzte. Egitasmo hau Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutakoa da.

OINARRIAK

  1. Hausnartu sarien helburua euskal soziolinguistika teoriko edota metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Aurkezten diren lanak euskararen gaineko berariazko garapen teorikoak nahiz kanpoan landutako gerapenetatik abiatuta gure hizkuntzaren egoera aztertzeko eta ulertzeko egokitzapenak izango dira. Lanak teorikoak, teorien aplikazioa edo ikerketa aplikatuen ildo berriak jasotzen direnak izango dira eta aurretik argitaratu gabeak. Jatorrizko oinarri teorikoa edo ikuspuntua ez du zertan izan behar soziolinguistikaren arloari lotua. Beste zientzia arlo batzuetatik euskararen egoerara egokitutako lan ildo batzuk aurkeztu ahal izango dira (antropologiatik, historiatik, informatikatik, fisikatik e.a.)
  2. Egilea bakarra edo lantalde bat aurkeztu ahal izango da. Ondorengo datuak jaso beharko dira: Egile guztien izena eta bi deitura, helbide postala zein elektronikoa, telefono zenbakia, lanbidea (irakaslea, ikaslea, euskararen gaietan profesionala, euskaltzalea e.a.) eta, hala badagokio, lantokia (Unibertsitatea, Fakultatea, e.a.)
  3. Aurkezten diren lanak oinarri zientifiko sendoak izan beharko dituzte, eta luzaera mugarik ez badago ere, derrigorrezkoa izango da 30.000 karaktere (hutsunerik gabe) dituen laburpen bat bidaltzea, jatorrizko lana muga horietatik kanpo badago.
  4. Lanak word formatuan bidali beharko dira eta irudi batzuk ere eduki ahal izango dituzte.
  5. Epaimahaia: Soziolinguistikan adituak biltzen dituen lantalde batek ebaluatuko ditu jasoko diren lanak. Epaimahaia osatuko duten kideak honako hauek izango dira: Soziolinguistika Klusterreko kide bat, HPSko ordezkari bat, BAT Soziolinguistika Aldizkariko ordezkari bat. Aurreko mahaikideren bat ordezkatua izan daiteke euskal soziolinguistikan aditua den beste pertsona batekin.
  6. Sariak: Lehenengo saria 600 eurokoa izango da, bigarrena 300ekoa, hirugarrena 200ekoa eta laugarren zein bosgarren tokietan sailkatutako lanek 100 euro jasoko dituzte.
  7. Lanen zabalpena: Lan hoberenak BAT aldizkariaren ale berezi batean argitaratuko dira. Horretarako, aurkeztutako lanak 35.000 karaktere baino gehiago baditu, 25.000-30.000 karaktereko laburpena argitaratuko da.
  8. Lanak 2008ko irailaren 1erako bidali beharko dira ondorengo helbidera: lionel@soziolinguistika.org.
  9. Artikuluak lionel@soziolinguistika.org helbidera bidali beharko dira.

Deialdiaren oinarriak www.soziolinguistika.org webgunean aurkitzen dira.