Noticias
Axun Aierbe hil da

Tolosako Udaleko lankideek eman digute berri lazgarria. Axun Aierbe euskara teknikari eta irakaslea hil da gaur goizean.
Axun Aierbe Mendizabal (1968, Altzo) Euskal Filologian lizentziatua zen. Ibarrako Udalean hasi zen lanean karrerako azken urteetan. Bere eginkizunen artean, hizkuntza normalizazioa zegoen. Gaztea izanagatik, Gipuzkoako euskara teknikarien lehen belaunaldi hartako kide izan genuen.
Ibarratik Gasteizera aldatu zuen lantokia, Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campusera hain zuzen. Han Filologia eta Geografia-Historiako Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Saileko irakaslea zen. Gainera, Ikasle-gaietarako eta Euskararako Dekanordea ere bazen.
Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusian ere lankide genuen Axun, azken lau urteotan EULI deialdiko epaimahaikide izan baitugu.
Ibilibide profesionalaz aparte, makina bat lan egina zen musutruk euskararen alde. Besteak beste, urteetan Galtzaundi Elkarteko lehendakaria izan zen.
Emakume langilea genuen Axun, alaia eta goxoa, ezetz esaten ez zekien horietakoa. Barrez gogoratuko dugu betiko Axun.
