Noticias
Egonaldiak familia euskaldunetan

HABEk sortutako Egonaldiak familia euskaldunetan ekimenerako, familia bila ari dira Urrats eta Ulibarri euskaltegiak.
Azken urteotan Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundeak Egonaldiak Familia Euskaldunetan izeneko ekimena antolatu izan du Euskal Herriko hainbat familiaren laguntzaz. Aipatu ekimenaren helburu nagusia, euskara, inguru euskaldun batean, praktikatu eta bertako bizimodu eta kultura gertutik ezagutu nahi duten pertsona helduei, familia euskaldun batean hilabeteko edo bi hilabeteko egonaldiak eskaintzea izan da.
Gaur egun, egitasmo hau ez du HABEk berak zuzenean kudeatzen, finantziazioan eta jarraipenean parte hartzen jarraitzen duen arren. Bere ordez, Bilboko ULIBARRI euskaltegiak eta Donostiako URRATS euskaltegiak antolatu dituzte 2008ko udako egonaldiak. Une honetan familia bila ari dira bi euskaltegi horiek.
Familia euskaldunentzako baldintzak:
- Biztanleriaren % 70etik gora euskalduna duten udalerrietako zein auzuneetako batean bizi izatea.
- Egonaldia eskaintzen den hilabetean, familian gutxienez hiru kide bizi izatea.
- Kide guztien arteko ohiko komunikazio-hizkuntza euskara izatea.
- Egonaldiak hilabetekoak izango dira gutxienez, eta egonaldi bakoitzeko ikasle bat besterik ezingo dute hartu.
- Ikasleak familiako bizitzan parte hartuko du, eta familiak gutxieneko intimitatea eta askatasuna eskainiko dizkio.
- Ikasleari logela pribatua emango zaio.
- Ikasleak, etxeko zein baserriko lanetan parte hartzera beharturik ez badago ere, berak hala nahi badu, parte har dezake ohiko eginkizunetan.
Izena emateko epea, apirilaren 25ean amaitzen da eta familiak, hilabeteko egonaldi bakoitzeko 650 € jasoko ditu.
Egitarau honi buruz informazio gehiago nahi duenak 943 - 47 44 47 (URRATS Euskaltegia) telefonora dei dezake edo www.egonaldiak.net gunea bisitatu.
