euskaraz · español · english · français  mapa web e-mail  
Estás aquí:   Zerbaitetarako balioko ote du 2008a Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatzeak?

Noticias

« Volver a las noticias    

27/03/2008 - 15:24

Zerbaitetarako balioko ote du 2008a Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatzeak?

hizkuntzen_urtea.gif

Nazio Batuek 2008a Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatu dutela eta, orain hilabete batzuk Bartzelonan egindako biltzarrean, David Crystal hizkuntzalari britainiar ezaguna eszeptiko samar agertu zen ospakizun horrek sor zitzakeen aldaketa positiboen aurrean.

Izan ere, NBEk erabaki horren berri emateko dokumentuan, Nazio Batuen jarduteko konpromisoei buruzko oso aipamen gutxi egiten ziren. Lehenengo, NBEk gonbidapena egiten zion mundu mailako gizarteari, hizkuntz aniztasunak duen garrantziaz ohartu eta horren alde lan egin zezan, eta, gero, NBEren jardueretan erakundearen sei hizkuntza ofizialen erabilera bultzatzeko asmoa azaldu besterik ez zuen egiten. Benetan eskasa eta epikarik gabeko asmoa. Hori zela eta, Crystal irakasleak iruzkin ironiko bat egin zuen 2008ko beste ospakizun bati buruz, 2008a Patataren Urtea ere izendatu baitute, mundu mailako elikaduraren alde tuberkulu honek egindako ekarpenarengatik, agian.

Txantxak txantxa, Nazio Batuek -eta UNESCOk, bereziki-, hizkuntzen iraupenerako aurrekontu handirik ez izan arren, arreta handiagoz zaindu behar lituzkete hizkuntz aniztasuna bermatzeko asmoz nazioartean finkatzen diren konpromisoak; izan ere, horiek ez dute inbertsio handiegirik eskatzen, bai, ordea, benetako borondate politiko eraginkorra.

Hona hemen adibide pare bat: XXI. mendean munduko hizkuntzen % 90 desager daitekeela ikusita, espero izatekoa litzateke UNESCOk eskatzea haren partaide diren estatuei abian jar ditzaten 2005eko Kultur adierazpenen aniztasuna babesteari eta sustatzeari buruzko hitzarmeneko konpromiso guztiak, baita aldian-aldian horien emaitzen berri eman dezaten ere. Hamabi urte dira Hizkuntz Eskubideen Deklarazioa (Bartzelona, 1996) egin zela, eta, era berean, espero izatekoa litzateke arrisku handiena duten hizkuntzen biziraupena bermatzeko tresna juridiko ofizial bat sortzeko konpromisoa hartzea.

Eta maila orokorrago batean, ez al zen koherentea izango Nazio Batuek eskatuko balute kultur eta hizkuntz aniztasunarekiko begirunea enpresa arloko programetan sartzea, adibidez, Global Compact-ek edo Global Reporting Initiative-k bultzatzen dituzten erantzukizun sozial eta korporatiborako konpromisoen artean?

Estatuetako eta enpresetako politikek munduko hizkuntzen orden zuzen bat eraikitzen ez duten bitartean, Hizkuntzen Nazioarteko Urteak izendatzea sinbolismo hutsa izango da, baita zinismo edo hipokresiaren adierazlea ere zenbaitentzat.

Planetan arrisku gutxien duten hizkuntzei (euskarari eta katalanari, esaterako) 2008. urteak etorkizunerako bermerik ematen ez badie, zer baliagarritasun izan dezake desagertzear dauden milaka hizkuntzentzat?


Isidor Marí
Universitat Oberta de Catalunya-ko Humanitate Ikasketen zuzendaria.