Noticias
Euskaraz? Pozik gainera!

Hainbat dendari elkartu dira Legazpi, Zumarraga eta Urretxun Mintzalaguna ekimenaren bidez euren artean euskararen erabilera sustatzeko. Proiektuaren helburua beldurrak eta lotsak gainditu, eta euskaraz egiteko konfiantza hartzea da.
Iaz osatu zituzten dendarientzako erabilera taldeak, aurten dendari berriak sartu diren arren; oraindik asko ziren euskara sustatzeko planean zuzenean parte hartzeko zailtasunak zituztenak, ohitura edota ezagutza faltak baldintzatuta.
Iazko taldeetako dendariak prest agertu ziren beste dendarien gidari gisa aritzeko eta beraien eskaintza ezinbestekoa izan da ekimenak aurrera egiteko. Ondorioz, Mintzalagun saioak antolatzea posible izan da eta otsailean bertan hasi dira dendariak hirunaka edo launaka elkartzen, hain zuzen ere, udaletako EBPN garatzeko teknikarien koordinazioari esker.
Oraingoz otsaila eta maiatza bitartean arituko dira jardunean ekimen horrekin, esperientzia pilotu gisa hartu baitute. Hiru herrietan guztira 22 dendari arituko dira epe horretan.
Urola Garaiko merkataritza guneetan aurten aurreikusita dauzkaten ekintzetako bat baino ez da dendarien arteko Mintzalagunarena. Esan bezala, martxan daude jadanik erabilera taldeak eta Mintzalaguna. Horiez gain, sektorekako hiztegiak ere txukundu dira eta aurki bestelako foro berriak sustatuko dituzte, beti ere merkatariekin eta merkatari elkarteekin elkarlanean eta Urola Garaiko Udal Elkarteak kontratatutako EMUN Koop.Elkartearen aholkularitzapean.
