Noticias
Hizkuntza-politika eta esne-behia

Hitz-elkarketak ikasi genituenean, behi-esnea eta esne-behia desberdinak zirela ikasi genuen. Desberdinak izan, badira desberdinak, bata esnea delako eta bestea behia, baina, hala ere, biek osagai berak dituzte: behia eta esnea, alegia. Behia da esnea ematen duena, eta esnea da behiak ematen duena.
Hizkuntza-politika eta politika-hizkuntza ere desberdinak dira. Lehendabizikoa politika da eta bigarrena, berriz, hizkuntza. Kasu honetan ere, ordea, biek dituzte osagai berak.
Hizkuntzen politikaz askotan hitz egin ohi dugu; politikarien hizkuntzaz, aldiz, ez hainbestetan. Eta, egia esan, badute zerikusia, behia delako esnea ematen duena eta esnea delako behiak ematen duena.
Udaletan hasi berria den legealdi honetan, hasiera honetan behintzat, politikarien hizkuntza da sarrien entzuten ari naizena: ...eta nola hitz egiten dute udalbatzarretan? Eta batzordeetan? Eta dena itzultzen duzue? Eta nork itzultzen du? (eta zertarako?) Eta idatzizko materiala, dena bi hizkuntzetan (deialdiak, txostenak, aktak, baldintza-agiriak, dekretuak, planak...)? Eta bietara sortzen dituzue? Eta nork? Eta dena itzultzen duzue? Eta nork? Eta zenbat diru?...
Nonbait, hainbat udaletako ordezkari politikoen hizkuntzazko ezaugarriak (jarrerak, gaitasunak, jokaerak...) aldatu egin omen dira, ez preseski kargua betetzeko administrazioak hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-eguna ezarri dielako, baina badirudi euskaraz (gehiago) hitz egiten eta dokumentazioa euskaraz (gehiago) eskatzen hasi direla Gipuzkoa alde honetan. Seguruenik, alderantzizko adibiderik ere izango du norbaitek.
Edozein kasutan, nabaria geratzen ari da zein konplexua bihurtzen den bi hizkuntzen kudeaketa eragingarria pertsona elebakarrak tartean daudenean.
Eta elebakarrak bakarrik diot, zeren elebidun pasiboek oso eragin desberdina baitute komunikazioan, bai idatzizkoan, bai ahozkoan ere. Elebakarrak bere hizkuntzan (behintzat) egitera derrigortzen du; elebidun pasiboak, berriz, ez, nahiz eta berak gaztelaniaz egin. Eta badakigu, bat derrigorrez egin behar denean, bestea erabiltzeak nolako gorabeherak dituen.
Beste kontu bat da elebidunak zer eta nola egiten duen, tartean elebakarrak izanda edo izan gabe.
Nik dauzkadan datuen arabera behintzat, Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatu berri dituen 10 diputatuen artean ez da elebakarrik, denak dira elebidunak (bat elebidun pasiboa), eta izendatuta dauden 25 zuzendarien artean ere ez da elebakarrik (bat da horien artean ere elebidun pasiboa).
Uste dut Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua euskaraz egiten ari direla lehen aldiz (historian?).
Garrantzitsua dirudi, behia delako esnea ematen duena eta esnea delako behiak ematen duena.
Iñaki Arruti
Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria.
