Noticias
Gipuzkoako Foru Aldundiak aisialdian euskararen erabilera sustatzeko bi lan argitaratu ditu

Ttakun Kultur Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Gazteria Zerbitzuen eskariz bi proiektu prestatu ditu, aisialdian euskararen erabilera sustatzeko.
Zehazki, bi proiektuak hauek dira:
- Begiraleek asko egin dezakete haurren artean euskararen erabilera sustatzeko.
- Hezitzaileak asko egin dezakete eskola orduz kanpoko jardueretan nerabeen artean euskararen erabilera sustatzeko.
Begiraleek asko egin dezakete haurren artean euskararen erabilera sustatzeko
Lan honen xede nagusia zehazten hasita, esan dezagun jomuga behinena dela 3 eta 11 urte bitarteko haurrekin eskola-orduz kanpoko jardueretan aritzen diren begiraleei euskararen erabilera sustatzeko tresnak eskura jartzea.
Dokumentuak hiru atal erabat bereiziak ditu: Begiraleek asko egin dezakete gida, haurren jardueretako adibideen txostenak eta Nahia eta jarrera lantzeko gida. Hiru atal horiek momentu ezberdinetan landu dira, eta, ondorioz, dokumentua bilduma moduan ulertu behar da, atal ezberdin horiek biltzen dituen argitalpen moduan.
Lehenengo atalean, Begiraleek asko egin dezakete gida deiturikoan, haurren artean euskararen erabilera modu natural batean sustatzeko oinarriak aurkezten dira.
Bigarrenean, adibideen txostenak deiturikoan, lehenengo ataleko oinarriak adibideen bidez aurkezten dira. Udaleku irekietako, udaleku itxietako, ludoteka jarduerako eta dantza eta kirola jardueratako adibideak proposatzen dira hain zuzen ere.
Hirugarren atalean, berriz, Nahia eta jarrera lantzeko gida deiturikoan, haurrak euskaraz mintzatzera bultzatzeko motibazioa aztertzen da, hiru alderdi hauei erreparatuta: motibazioak zer leku betetzen duen, motibazioa nola lan daitekeen eta motibazioa lantzeko aintzat hartu beharreko gorabeherak.
Hezitzaileak asko egin dezakete eskola orduz kanpoko jardueretan nerabeen artean euskararen erabilera sustatzeko
Behin lan hura amaituta, oso beharrezko jo zen, halaber, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeekin jarduten diren hezitzaileentzako oinarriak jartzeari ekitea, eta Hezitzaileek asko egin dezakete eskola-orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera sustatzeko izeneko argitalpena da ahalegin horren uzta.
Dokumentu nagusia honakoa da: Hezitzaileek asko egin dezakete eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera sustatzeko. Lehenengo atalean, errealitatearen azterketari dagokionean, nerabeen jarduerak aztertzen badira ere, bigarren atalean, haurren artean erabileran eragiteko landutako oinarri guztiak jasotzen dira, eta, gainera, nerabeen artean eragiteko oinarriak gehitu zaizkio. Argitalpen honetako oinarriak aztertuta, beste dokumentu guztiak erraz uler daitezke.
Argitalpen horren osagarri, Hezitzaileek asko egin dezakete eskola-orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera sustatzeko: tresnak eta adibideak dokumentua dago. Bertan, lehenengo aipatu dugun argitalpenaren oinarriak nerabeen jardueretako adibide zehatzetara ekartzen dira: lanerako tresna zehatzak proposatzen dira, eta, tresnekin batera, haiek erabiltzeko kontuan hartu beharreko alderdiak eta aplikaziorako adibide jakinak ere txertatu dira.
Nolanahi ere, eta esan gabe doa, Tresnak eta adibideak izeneko dokumentu honetan proposatzen dena ulertzeko eta behar bezala erabiltzeko, ezinbestekoa da Hezitzaileek asko egin dezakete eskola-orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera sustatzeko argitalpenean jasotako oinarriez jabetzea.
Dokumentu horiek guztiak aurkitu daitezke Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zerbitzuaren web gunean.
