Noticias
Instituzioak, enpresak eta gizarte mugimenduak

Ikasturtearekin batera bi egitasmo berri aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak prentsan eta beste hainbat aurkezpen saiotan: Lanhitz eta Elebide. Lanhitz, lan munduan euskararen erabilera normalizatzera zuzendutako egitasmoa da eta Elebide, berriz, euskaldunon Hizkuntz Eskubideak bermatzera zuzendua.
Euskararen normalizazioan ari garenok eta, oro har prentsa jarraitzen duen edonork, badakigu beste iniziatiba ugari egon direla eta daudela bi arlo horietan.
Euskararen normalizazio kontuetan gabiltzanontzat aski ezaguna da, baita ere, horrelako iniziatiben aurrean komentariorik zabalduenak «berriro bi», «honetan ere ez al dugu ados jarri behar?» eta halakoen haritik etortzen direla.
Niri, EAEn euskararen legea daukagunetik mende laurdena pasa den honetan, eta Euskal Herrian bizi dugun prozesu politikoak - bake eta normalizazio prozesuak- daraman bilakaera ikusita, gogoeta hau datorkit burura.
Azken hogeita bost urteetan behin eta berriro errepikatu diren eztabaiden zantzuak agertu dira berriro ere. Hau da, administrazioak legea garatzen hasitakoan egindako urrats berriak defenditzen dituztenek alor horietan ari ziren erakundeei leporatzen diete halako kontrabotere bat eraiki edo sistema hautsi nahi izatea. Eta alderantziz, aurretik alor horietan ari ziren erakundeen lana defenditzen dutenek uste dute administrazioaren helburua berriro ere haiei eraso egin eta haiek martxan jarritakoa fagozitatzea dela. Ohartzen naiz oso xinplea dela erabili dudan formulazio bikoitza, baina oro har eskema hori dela esango nuke.
Gauzak horrela planteatzeak dagoenekoz eman beharrekoak eman dituela uste dut nik. Politika arloan bezala hizkuntzarenean ere. Posizioak eta diskurtsoak jadanik ez dira alternatiboak; beren artean diferenteak izan daitezke, baina ez dira elkarren kontrakoak eta ez daude elkarren aurrez aurre. Hori aspalditik ari da nabarmentzen, baina gaur egun gainera Euskal Herriko bizi osoa (politikatik hasi eta kaleko elkarbizitzaraino) mugitzen da eszenatoki berri batean eta horrek denoi dakarkigu gure jarrerak eta gure lanak eskema berrian birkokatu beharra. Dudarik gabe, birkokatzeak lanak ematen ditu.
Urteotan gauza asko mugitu dira. Badirudi administrazioek hizkuntza normalizazioan dituzten betebeharrei zorrotzago erantzun nahi dietela. Eta beste aldetik, hasieran militanteen iniziatibaz sortutako jarduera askok izaera ezberdina berenganatu dute, profesionalizazioaren ondorioz.
Pittin bat zehazten hasita eszenatoki berri hau, alde batetik erakunde publikoak daude, eta hauek bermatu egin behar dituzte euskaldunon hizkuntz eskubideak, eta horretarako beharrezkoa den hizkuntz politika garatu behar dute. Bestetik, politika hori gauzatzeko, administrazioak zerbitzuak eta produktuak behar ditu, eta horiek sarri kontratatu egiten ditu; beren lan eta diru-iturri nagusia administrazioarentzako produktuak eta zerbitzuak burutzea duten erakunde eta enpresek garbi aitortu behar diete hori beren buruei. Gero, badira euskarazko produktuak salduz jarduera komertziala duten enpresak, administrazioari hizkuntza gutxiagotuekiko laguntza neurriak eskatzen dizkiotenak. Eta beste maila batean ikusten ditut mugimendu sozialak: herritarren parte hartzea helburu dutenak, militantzia boluntarioz elikatzen direnak eta administrazioaren makinariari urrats berriak eginarazteko (eta oro har, euskararen normalizazio sozialean bultzatzeko) herritarrak mugiarazten saiatzen direnak.
Euskararen normalizazio ahaleginean pertsona asko ari gara, beraz, lanean erakunde askotatik. Argi izan behar ditugu eskuartean dugun jarduera bakoitzaren ezaugarriak, gure analisi eta proposamenak eraginkorrak izatekotan.
Malores Etxeberria
Hernaniko Udaleko euskara teknikaria.
