euskaraz · español · english · français  mapa web e-mail  
Estás aquí:   Marta Mata, in memoriam

Noticias

« Volver a las noticias    

23/08/2006 - 12:36

Marta Mata, in memoriam

marta_mata.gif

Ekainaren amaiera aldera, Marta Mata ibilbide luze eta emankorreko pedagogo katalana hil zen. Eskolak katalanez emango zituen eskola publikoa defendatu zuen bizitza osoan, berrikuntza pedagogiko iraunkorraren ikuspegitik.

Nire iritziz, bere lan ezagun eta emankorrena Escola de Mestres Rosa Sensat (1965) sortzea eta Escoles d'Estiu suspertzea izan zen. Escoles d’Estiuk eredu hau lortzearen alde egin du: eskola laikoa, nagusikeriaren kontrakoa, hezkidetza bultzatzen duena eta ingurune natural eta sozialean sustraitua. Ondoren izan zuen ardura politikoa alde batera utzita, pedagogian, didaktikan eta politika publikoen aldarrikapenean izan zuen aktibismoak balio erantsi ordainezina eman zion eskola katalanari. Bere lan pertsonala eta batez ere egindako talde lana -Rosa Sensat irakasle elkartearen arima eta bihotza izan baitzen- bide erakuslea izan zen gu bezala gaztetan katalana irakasten eta katalanez irakasten aritu ziren askorentzat.

Eskola eredu berri bat erakutsi zigun. Errepublikaren garairako, testu libreari eta inprentaren erabilera didaktikoari buruz Célestin Freinetek emandako teknikak barneratzen zituen, esaterako, eredu horrek. Maisu horrek eragin handia izan zuen Valentziako kideengan ere; besteak beste, Carles Salvadorrengan -lehen Gramatika Valentziar modernoaren egilea- eta Enric Soler i Godesengan -Valentzian katalanez irakatsi zuen lehen pertsona-. Marta Matak eta bere elkarteak María Montessori hezitzaile eta sendagile italiarraren ekarpenak ere ekarri zizkiguten. Montessorirentzat, ikaslearen osagai aktiboa da irakaskuntzaren gakoa. Azkenik, Marta Mata buru zuen berritzaile pedagogiko batzuen taldeari esker, gure belaunaldiak hainbat ikuspuntutatik heziketa publikoko aitzindari izan ziren beste pertsona batzuen lana ezagutu ahal izan zuen; besteak beste, Alexandre Galí eta Francesc Ferrer i Guàrdiaren -Eskola Modernoaren proposamen arrazionalistaren sortzailearen- lana.

Zuzenean ezagutu nuen Marta Mata Bellaterran (Bartzelonan) egin zen *Escola d’Estiu* batean. Franco hil eta handik gutxira izan zen. Ezkerreko alderdi politikoak eta katalanismoa hitzaldiak eta etorkizunerako proposamenak egiten saiatzen ziren. Hizkuntza politikak eta eskola politikak interes publikoa sortzen zuten berriro ere. Gogoan dut oraindik garai hartan egon zen eztabaida bizi bat. Eztabaida horretan, eskuineko nazionalismoaren ordezkari batzuek bi eskola sare ezartzea defendatzen zuten, gurasoek eta ikasleek aukeratutako irakaskuntza hizkuntzaren arabera. Marta Matak ezin zuen geldirik egon aulkian, eta behin eta berriz altxa zen eskola katalanak sare bakarra izan behar zuela eta bertan katalanez irakatsi behar zela defendatzeko. Horrela, katalanetik abiatuta eskola kohesio sozialeko eta integrazio soziolinguistikoko tresna zela defendatu zuen adore handiz.

Bere arrazoibideen eta proposamenen zehaztasunak erabateko arrakasta izan zuen. Kataluniako Generalitateko bi gobernuek, Jordi Pujolenak eta Pasqual Maragallenak, "estatu politika" gisa hartu dute sare bakarra, malgua eta gizarteko aldaketei adi egongo dena behar dela. Gainera, biek katalana hartu dute integrazio eta sustapen sozialeko tresna gisa, irakaskuntzaren hizkuntza instrumental eta herrialdearen hizkuntza sinboliko gisa. Tamalez eta zuhurtzia soziala alde batera utzita, valentziarrok kontrako eredua, eredu horren negatiboa, garatu dugu. Gobernu sozialistek eta popularrek gaztelaniazko irakaskuntzarekin jarraitu dute, eta katalana eta valentziera borondatezko hizkuntzatzat utzi dituzte, irakasleek, ikasleek eta ikasleen gurasoek aukeratzeko hizkuntzatzat. Logikoki, Katalunian lortu duten emaitzaren kontrakoa lortu dugu, gobernuan edozein koloretako alderdia egon arren. Valentziako eskola -eta, beraz, baita Valentziako gizartea ere- zatituta dago, irakaskuntzako hizkuntzen arabera. Hizkuntza ez da integrazio tresna, eta zatiketa eta bereizketa bultzatzen du. Hori oso larria da herrialdera iristen ari diren migrazioak kontuan hartuta; izan ere, gaztelania aukeratzen dute integrazio hizkuntza gisa.

Orain Marta Mata hil dela-eta aspaldiko asmoak etortzen zaizkit gogora. Asmo horiek oso ahaztuta dituzte Valentziako erakundeetako politika publikoen arduradunek -baita unibertsitateek ere-, eta nik ezin dut oraindik ulertu zergatik ote den hori horrela. Eskolako hizkuntza politikan, aurreko eredu segregazionista oker harekin jarraitzen dute. Marta Mata gogoan dugu, eta betiko eskertuko diogu bere buru argitasun eta irmotasun militantea. Alboan dugu Marta, laikoen zeruan, aingerurik eta deabrurik ez duen zeruan.


Toni Mollà
Valentziako Unibertsitatean filologia irakaslea da