Noticias
Hizkuntz politikaren eragile berriak

Azken urteotan, funtsezko aldaketak gertatu dira gure gizarte-ingurunean. Mundualizazioa eta teknologi eraldaketa, digitalizazioa sinbolo duela, dira nabarmenenak. Testuinguru horretan politika, merkatuak eta hizkuntz erabilerak gero eta nazioartekoago bihurtu dira.
Bestalde, irakaskuntzan, tipografian edota esku-hartze kulturalistan oinarritutako ohiko hizkuntz politikaren formak auzitan jarri ditu teknologiaren eztandak. Mugak ezabatuta, interes ekonomikoak eta informatiboak dituzten enpresa talde handien plazaratzeak ere hizkuntz politika baldintzatzen du. Teknologiak espazio geografiko-administratibo zaharrak hautsi, berriak mugatu eta onarpen eremu sinboliko berriak sortzen ditu. Hori guztia, merkataritzako baloreak eta balore pribatuak buru direla, balore publiko eta unibertsalen kaltetan.
Testuinguru horretan, soziolinguistika bere aztergaia definitzeko ahaleginetan dabil interes ofizialen, hezkuntza-orientazioen eta soziolinguista outsider-aren artisau-eginahalen artean. Hausnarketa motel den adinean, lasterra da aldaketa. Ezinbestekoa da beraz, gatazka linguistikoaz berriro hausnartzen ahalegintzea, hau da, aipatutako eragileak eta aktoreak ebaluatzea, eta helburu berrietara hobeki doituko diren hizkuntz politikak aplikatzeko bidea erraztuko duen jakintza alor anitzeko pentsamendu lerro berria diseinatzea. Beharbada, politika horiek zaharkiturik geldituko dira bihar. Aldaketarenen kemenak hala adierazten du. Oraingo berrikuntzak gure jakintza gaitasuna baino azkarragokoak dira. Duela urte batzuk aldarrikatzen genuen «komunikazio espazioa» kontzeptuak hasieran zuen zentzuaren zati bat galdu du, komunikazio sareen, kableen eta mugaz gaindiko sateliteen internazionalizazioarekin. Bestalde, burujabetasun kontzeptua, nazio espazioari ideologikoki hain lotuta dagoena, auzitan dago.
Berrikuntza sare hori kontuan hartuta, hizkuntz politikaren beste ikuskera bat planteatu behar dugu: komunikazio politika eta hizkuntz politika bat osatuko duten erabaki estrategiko multzoa, errealitaterik objektiboenari erantzungo diona eta ez gizartearen bertsio ideologiko literarioei.
Toni Mollá
Kazetaria eta Manual de sociolingüística liburuaren egilea
