euskaraz · espaņol · english · franįais  web map feedback  
You are here:   Abbadia saria »  Imanol Urbieta - 2007 »  Imanol Urbietaren hitzak

Imanol Urbietaren hitzak

Jaun-andreok, arratsaldeon.

Eta beste bi hitz nahiko ditut nire gaurko sentierak adierazteko: MILA ESKER!

Egia esan, gaurko sari honek ezustean harrapatu nau. Nahiko luzea izan da nire bizitza eta asko jaso dut urte hauetan guztietan, baina ez nuen inola ere espero tamaina honetako sari bat nire eskuetan ikustea. Benetan: Ģeskerrik askoģ esatea da nire sentipenen irtenbide erosoena. Eskerrik asko, saritua ni izatea erabaki dutenei. Eskerrik asko, hau guztia antolatu dutenei, eta eskerrik asko etorri zareten guztioi.

Eskertu nahi dut, baita ere, nire familiaren presentzia: nire hiru semeak, nire anai-arrebak eta bilobak.

Ezin ahaztu eta ezin eskertu gabe utzi nire bizitzan izan ditudan maisu-maistren lana, batez ere musika arloan:

  • Javier Goikoetxea, bandako zuzendaria. Haren eskutik, zortzi urte nituela, klarinetea joaz estreinatu nuen plazan eta herriko kaleetan nire musikari bizitza.
  • Bederatzi urte nituen Maria Barbararekin pianoa jotzen ikasten hasi nintzenean. 64 urte pasa dira eta oraindik harekin maitemindurik jarraitzen dut.
  • Gogoan ditut txistuko irakasleak: Benito Sarasua eta Jesus Urdanpilleta.
  • Eta, nola ez, aita Jon Zubieta, Arantzazuko organo-irakasle agurgarria.

Euskarari dagokionez, zer esan? Euskara etxean eta euskara kalean, jaio orduko ikasi eta praktikatu dut euskara, baina nire eskerrik beroenak Anjel Lertxundi Anduri, Paulo Agirrebaltzategiri eta Joan Mari Torrealdairi. Etxekoak sentitzen ditut baina zerbait gehiago ere bai: maisu dira niretzat.

Eskerrik asko, urte hauetan guztietan ezagutu ditudan haur eta irakasle guztiei, nire inspirazio iturri izan direlako.

Eta ezin aipatu gabe utzi nire egunerokotasunean hain gertu ditudan bide-lagunak: Joxean, nire semea, aitaren bidea jarraitzeko erabakia hartu duena; Leire Urkizu eta Larraitz Zubeldia, 5 urte zituztenean Xirula Mirulara ikasle modura iritsi zirenak eta gaur bertako irakasle direnak; Jaione Eskudero, nire kantuen ahotsa baino zerbait gehiago dena; eta, nola ez, Kontxi Aizarna, bera gabe ez bainuen egingo egin dudan guztia.

Haien eskuetan daude Xirula Mirula musika hezkuntzarako saialekuaren ardura guztiak.

Eskerrak emanez hasi naiz, eta beste hitzik ez dut nire agurrari laguntzeko: bihotz-bihotzez, mila esker.

Imanol Urbieta



Gipuzkoako Foru Aldundian, 2007ko azaroaren 30ean
Abbadia saria jaso ondoren