euskaraz · espaņol · english · franįais  web map feedback  
You are here:   Abbadia saria »  2007ko deialdia

2007ko deialdia

Anton Abbadia saria, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuarena

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1996ko azaroaren 29an emandako foru aginduaren bitartez (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 242 zk., 1996ko abenduak 17) Anton Abbadia saria sortu zuen, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna jende aurrean aitortu eta saritu nahirik.

Aipatutako foru agindu horren bigarren puntuak xedatzen zuenez, Anton Abbadia sariaren deia, oinarriak eta jasotzaile izan daitezkeen elkarte edo pertsonen zehaztapena urtero emango dira jakitera, foru agindu bidez.

Horren indarrez, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatuak,

EBATZI DU

Lehenengo: Anton Abbadia sariaren deia egitea 2007. urterako, euskararen erabilera sustatzeko alorrean nabarmendu izan diren pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko asmoz.

Bigarren: Anton Abbadia sariaren 2007ko edizioa gidatuko duten oinarri arautzaileak onartzea, foru agindu honekin batera doan eranskinean jasotakoaren arabera.

Hirugarren: Hamabi mila eta ehun (12.100,00) euroko gastua baimentzea, aurrekontuko 1.1120.200.481.00.06 2007 kontu sailaren kargura.

Laugarren: Anton Abbadia saria aurtengo edizioan 2007ko abenduaren 1ean emango da.

Bosgarren: Anton Abbadia sariaren 2007ko edizioan hautagaiak aurkezteko epea irailaren 7an amaituko da.

Seigarren: Foru agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesatuek foru agindu honen aurka Administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Donostiako administrazioarekiko auzietako epaitegietan, jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuari, jakinarazpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.

Donostian, 2007ko ekainaren 11n. Idazkari teknikoa, Ramon Martiarena.

Eranskina

Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuak eratutako Anton Abbadia sariaren 2007. urteko edizioaren oinarri arautzaileak

1.- Xedea

Oinarri hauen xedea da Anton Abbadia sariaren 2007. urteko edizioaren deialdia egitea.

Anton Abbadia saria euskararen erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko kultur zereginetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoei eman ahal izango zaie.

Saria emateko kontuan hartuko dira saritutako lan edo jardueraren kalitatea eta esanahia, eta euskararen normalkuntzaren alor guztietan egindako ekarpena.

Halaber, saria ematerakoan oso gogoan izango da pertsona edo elkartearen orain arteko ibilbidea eta jarraitasuna.

Saria jendaurreko ekintza batean emana izango da, 2007ko abenduaren 1ean.

2.- Sariaren edukia

Saria izango da Xabier Laka eskultoreak sortutako domina oroigarria eta 12.100 euroko diru kopurua.

3.- Baldintzak

Anton Abbadia sarirako hautagaiak aurkezteko baldintza hauek kontuan izan behar dira:

  • Hautagaia pertsona fisikoa izatekotan, ez dago hildakoren baten aldeko proposamena aurkezterik.
  • Aurkeztutako hautagaiak gipuzkoarra izan behar du sortzez, edo Gipuzkoan finkatutakoa bizitzaz nahiz jardunbidez.

4.- Hautagaiak aurkeztea

Saria jasotzeko hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte:

  • Pertsona juridikoek, gutxienez bi erakunde edo elkarteek batera hautagai bakarra babestu eta aurkezten badute.
  • Hurrengo puntuan azaltzen den epaimahaiak.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuak.

Epaimahaiak bere iritzia osatzeko bidea izan dezan, hautagaien proposamenetan argi azaldu beharko dira aurkeztutako hautagaien merezimenduak, Anton Abbadia sariak dituen helburuei dagokienez.

Hautagaiak 2007ko irailaren 7a baino lehenago aurkeztu behar dira, onartuak diren orri ofizialetan.

5.- Epaimahaia

Anton Abbadia sarian aurkeztutako hautagaien merezimenduak epaimahai batek aztertu eta baloratuko ditu. Epaimahaia honela osatuko da:

Mahaiburu:

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatua.

Mahaikide: Epaimahaiko kide izango dira:

  • Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia.
  • Euskararen alorrean itzal handiko hiru aditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatuak izendaturik.
  • Sariaren aurreko bi edizioetan saria jasotako pertsonak edo elkarteen ordezkariak.

Idazkari:

  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko funtzionario bat izango da epaimahaiko idazkari; hizpidea izango du, baina botorik ez.

Epaimahaia osatuko dutenen zerrenda Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatuaren aginduz erabaki, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da behar den garaian.

6.- Hautagaiak baloratzea

Epaimahaiaren zeregina izango da aurkeztutako hautagaien merezimenduak aztertu eta baloratu ondoren saritarako proposamena egitea, sariaren helburuak eta hautagai diren pertsona edo elkarteen jardunaren kalitatea eta ibilbidea kontuan izanda.

Laugarren oinarrian adierazi bezala, era baten zein bestean aurkeztutako hautagai guztien kasuan epaimahaiak isilpeko espediente bana osatuko du, aurkeztutako hautagaiaren merezimenduak aztertu eta kreditatzeko behar diren eginbideez. Horretarako, epaimahaiak bere kideen artetik espediente bakoitza osatuko duen epaimahaikide bat bereiz dezake, informazio aldia amaitu ondoren burututako eginbideak eta bildutako frogak epaimahaiari berari aurkez diezazkion.

Behar den hausnarketa eginik, mahaiburuak erabakiko du saria ematea, epaimahaiak egindako proposamenean oinarrituta.

Epaimahaien artean botoen parekotasuna gertatuko balitz, epaimahaiburuak izango du erabakitzeko ahalmena.

Epaimahaiak saria eman gabe uztea proposatu dezake. Baita ere, epaimahaiak bere esku izango du ohorezko aipamenak izendatzeko proposatzea.

Epaimahaiak egindako bilera guztien akta jasoko du idazkariak

Epaimahaiak bere proposamena aurkezteko gehienezko epea 2007ko urriaren 11koa izango da.

7.- Aurrekontua, programa eta kontusaila

Oinarri hauetan araututako saria emateko izendatu diren kredituen zenbatekoa 12.100 eurokoa da, eta 1120.200.481.00.06.2007 aurrekontu sailaren kargura joango da.



Dokumentuak: