Diputatu nagusiaren hitzak
Jaun-andreoka, arratsaldeon.
Joxerra Garzia jauna, zorionak. Zorionak, Joxerra, eta mila esker. Eskerrik asko Abbadia saria merezi izateko urtetan egin duzun lan emankorragatik gure artean euskarazko komunikazioaren kalitatea eta freskotasuna sustatuz.
Duela hamahiru urte, Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia saria sortu zuen, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsonaren jarduna jende aurrean aitortu eta saritu nahirik.
Aurtengo Abbadia Saria emateko ekitaldi honek aukera ezin hobea eskaintzen digu euskararen egoerari buruzko hausnarketa bat egiteko.
Izan ere, denok dakizuenez, bihar Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, eta Abbadia saria egokiera ona izan daiteke gizartean zabaldu eta sakondu nahi genukeen hausnarketa eragiteko, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginik Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu duen adierazpen instituzionalaren bidetik.
Azken hogeita hamar urteotan euskara biziberritzeko pauso handiak eman ditugu. Euskara indarrez sartu da gure gizartearen esparru formaletan: administrazioan eta hezkuntzan, bereiziki. Euskararen ofizialtasunari eta gizartearen euskararekiko atxikimenduari esker, hiztun euskaldunen kopuruak hazkunde nabaria izan du. Guztion lanari esker belaunaldi berriak elebidunak izatea lortu dugu.
Hala ere, euskararen ezagutza eta euskararen erabilera ez dira hazi neurri berdinean. Gazteen artean euskararen erabilerak zailtasun handiak topatzen ditu esparru ez formaletan: lagunekin, aisialdian, Interneten, kalean?
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen berriak jarri ditu martxan euskararen erabilera esparru ez formaletan sustatzeko asmoaz. Ahozkotasunaren arloan, Joxerra Garziaren laguntzarekin, eratu dugun Mintzola Fundazioa aurkeztu genuen duela bi aste. Interneten euskararen presentzia indartzeko Gipuzkoa 2.0 programa plazaratu genuen uztailean. Ikus-entzunezko edukiak sortzeko eta zabaltzeko nazioarteko mailan Tabakalera proiektua bultzatzen ari gara Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin batera.
Baina erakunde publikoen ahaleginak ez dira nahikoak. Ekialdeko esaera zahar batek dio: Ğez utzi sastraka hazten adiskidetasunaren bidean, bestela adiskideak galduko dituzuğ. Zentzu honetan euskara eta adiskidetasuna antzekoak dira. Hauxe da euskararen normalkuntza bidean topatzen dugun sastraka: hizkuntz darwinismoa, elebakartasuna, arduragabekeria?
Euskararen etorkizuna bermatzeko guztion artean erabileraren bidetik ibili behar dugu. Guztion erronka eta lana da. Eginkizun honetan ez dago inor soberan.
Gipuzkoa gizarte anitza da. Gainera, azken urteotan, gure lurraldera Gipuzkoar berriak etorri dira. Euskara ikasteko eta erabiltzeko ilusioa piztu nahi diegu. Horretarako gure eredua funtsezkoa da. Euskara gozatzen badugu, euskararen mundura erakarriko ditugu.
Ekitaldi honi amaiera emateko, Abbadia sarien muina islatzen den Emiliano Mujikaren olerki baten bertso batzuk irakurriko ditut:
Euskaltzale, or-emen, ara zenbat gaste
Euskera piztu nairik saiatuz jai ta aste.
Nere malko garratzak txukatu zaitezte;
ez da kalte guzia uzte zan ainbeste!
Egingo det lo lasai emendik aurrera
ekin zaion bidetik zuzentzen bagera.
Gaste ta zar guziok asaben antzera
saia gaitezen eta ez da ilko Euskera.
Mila esker
