euskaraz · español · english · français  web map feedback  
You are here:   Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko du Lodosako Ibaialde ikastola

News

« Return to Topic    

02/02/2012 - 08:07

Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko du Lodosako Ibaialde ikastola

garitano_etxeburua.jpg

Nafarroako Lodosa herriko Ibaialde ikastola larri dago, eta Ikastolen Elkarteak auzolanerako deia egin du, dirua biltzeko. Horren bidez, Ibaialde ikastolaren alde euro bateko ekarpena egitea proposatuko dio ikastoletako ikasle bakoitzari, eta baita marrazkiak egitea, Lodosako ikastolaren egoeraren larritasuna azalduz. Kontu korronte bat ere badute, nahi duenak ekarpena egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egingo du ekimen horrekin. Aldundiak Gipuzkoako ikastoletan ikasle diren haur bakoitzeko euro bat eskainiko dio Lodosako Ibaialde ikastolari, elkartasun keinu moduan. Lodosako ikastolaren alde dirua biltzeko ikastoletan egindako ahaleginaren parekoa egingo du Aldundiak, eta lortutakoaren adina emango du. Guztira 24.000 euro bideratuko dira, Gipuzkoako ikastoletako ikasleak adina.

Elkartasun keinua da Aldundi honena, eta baita gure hizkuntzari etorkizuna ziurtatzeko dugun erabaki sendoaren erakusle ere. Euskal Herria da euskararen lurraldea, eta ezin diogu iskin egin euskaraz bizi nahi duten herrikideen laguntza deiari; ahal dugun neurrian, hala egingo dugu.

Baina Lodosako Ibaialde ikastola egoera horretara iritsi bada egiturazko arazoak daudelako izan da, nagusiki. Espainiak eta Frantziak traba politikoak, juridikoak, ideologikoak, kulturalak eta soziolinguistikoak jartzen dituzte euskaraz normaltasunez bizitzeko.

Nafarroako Gobernuak ardura zuzena izan du horretan. Bere hizkuntza politikaren ondorioa da Lodosako Ibaialde ikastolaren egoera, eta nabarmendu nahi dugu hori. Nafarroako Gobernuari dagokio Lodosako ikastolaren egoerari irtenbide duina ematea, eta eskari hori luzatzen diogu hemendik.

Gaztelania eta frantsesaren hedatzeak itzelak dira, eta euskaldunok ahalegin handiak egin behar ditugu euskaraz bizitzeko. Baina bi estatu horien mendetako zapalkuntzak ez du lortu euskararen aldeko herri gogoa apaltzerik. Hain zuzen ere, gure herrian hain errotua den auzolanari esker sortu ziren Ikastolak eta, beste toki askotan bezala, duela 25 urte, Ebro ibarreko guraso miresgarri horien ekimenez, auzolanari esker, ikastola sortu zen, inguru horietan ere euskara berreskuratu eta euskaraz bizitzera iristeko.

Eredugarri deritzogu auzolanari, oztopoak oztopo, herritarron engaiamendua sustatzen duelako. Eta horregatik, euskaraz bizitzeko nahia eskuz esku gauzatzeko egin den auzolan deia lagundu nahi dugu, une larriotan. Indarrak biltzeko garaia da, auzoko bi estatuek inposatutako erdal asimilazioa gaindituz, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko, lankidetzan eta auzolanean.


Argibide gehiago:
Ibaialde ikastola