News
Txillardegi hil da

Donostian hil da gaur, 2012ko urtarrilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza idazlea eta hizkuntzalaria. Frankismoaren aurkako borrokan nabarmendu zelarik, euskara batuaren sustatzaileetako bat izan zen, euskal literaturaren eraberritze bidean mugarriak ipini zituen, eta euskararen erabilera aitzinarazteko lanetan bizitza osoan saiatu zen.
Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an. Gurasoek euskaraz jakin arren, ez zioten irakatsi: etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an ikasten. Frankismoa gazte- gaztetik bizi izan zuelarik, Euskal Herriaren egoera latzaren kontzientzia hartuz joan zen, eta handik aurrera haren bizitzako ardatz izango ziren euskara eta Euskal Herria.
Bilbora joan zen Ingeniaritza ikastera, gazte zelarik; bertan, ikaskide batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, gerora Euskadi Ta Askatasuna izango zenaren aurrekaria.
Ikasketak amaitu ostean, euskal literatura eskolak eman zituen Gipuzkoako Aldundian, 1958tik 1960ra bitartean. Erbesterako bidea hartu behar izan zuen 1961ean, lehenik Frantziara eta gero Suitzara. Baionan beste zenbait euskaltzalerekin batera, ortografian eta morfologian oinarrizko arau batzuk adostu eta argitaratu zituzten, 1965ean. Gerora, proposamen haietako gehienak onartu zituen Euskaltzaindiak, Arantzazuko Batzarraren ostean. Esan daiteke, beraz, Txillardegi euskara batuak ekarri zuen aurrerabidearen eragile nagusietako bat izan zela. 1967an, ETA utzi zuen. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu zuen eta koalizioaren izenean senatari hautatu zuten.
Lanbidez, irakaskuntzan jardun zuen urte askotan. 1976. urtean, unibertsitatean hasi zen lanean, hizkuntzalaritzan espezialista gisa. Irakasle izan zen Bordeleko Unibertsitatean, Donostiako EUTGn eta Deustuko Unibertsitatean, 1976tik 1983 arte. Handik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitatean soziolinguistikako irakasle izan zen. 70 urte bete zituenean, katedratiko emeritu izendatu zuen EHUk.
Euskaltzain urgazle izan zen 1957tik hil arte. Hiru bider euskaltzain izateko proposatua izan zen arren, ez zen euskaltzain oso izatera iritsi. Hala eta guztiz ere, euskal hizkuntzalaritzaren esparruan ekarpen handiak egin zituen, besteak beste, bere doktore tesia, euskal azentuaz.
Literaturaren alorrean, berriz, euskal eleberrigintza modernoaren sorreratzat hartzen dute literatur kritikariek, aho batez, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (Bilbo, 1957).
Soziolinguistikaren esparruan ere ekarpen berritzaileak sortu zituen, soziolinguistika matematiko deitu zuen ereduetan oinarri hartuta. Ikerkuntzan ez ezik, ekintza lanetan ere saiatu zen, Euskal Herrian Euskaraz elkartean.
Euskararen normalkuntzan, beste arlo askotan bezala, Txillardegi bide erakusle eta urratzaile izan zen, lan handi bat egin baitzuen belaunaldi gazteagoen artean gure hizkuntzak, duintasunez eta egokitasunez, esparru sozial orotan erabiltzeko behar dituen baldintzak errotzen, eta kontzientzia aktibo bat sortarazten.
Ez adiorik!
Argazkia (CC BY-SA):
ahotsak.com
Argibide gehiago:
- Txillardegiren aurkezpena, GipuzkoaKultura.net webgunean
- Txillardegiren lanak, Literaturaren Zubitegian
- Txillaredegiren omenez, BAT soziolinguistika aldizkarian
