euskaraz · español · english · français  web map feedback  
You are here:   Lisboako Ituna: gutxiengoen hizkuntza eta nazio eskubideen zabaltzea?

News

« Return to Topic    

22/01/2010 - 13:03

Lisboako Ituna: gutxiengoen hizkuntza eta nazio eskubideen zabaltzea?

02_lisboako_ituna.jpg

Orain arteko europar itunak aldatzen dituen Lisboako Ituna, azkenean, estatu kide guztiek berretsi eta 2009ko abenduaren 1ean jarri zen indarrean. Klausula berritzaile batzuk ditu, eta oinarrizko europar legeetan lehen aldiz, «gutxiengoak» eta «gutxiengo nazionalak» terminoak jasotzen dira; halaber, hizkuntza eta gutxiengo nazionalak diskriminatzea debekatzen du.

Europar Batasunaren barruan gutxiengo nazional, eskualdeetako gutxiengo konstituzional eta eskualdeetako hizkuntzei begira sortu berri den taldea Lisboako Itunak sortutako jokaleku berria aprobetxatzeko moduan egongo da. Eskualdeko/estaturik gabeko hizkuntzak eta gutxiengo nazionalak sustatzeko orduan Itunaren benetako eragina zenbatekoa izango den egiaztatzea izango da bere xedea.

Kinga Gál (EPP) gutxiengo nazional eta hizkuntza gutxituen eskubideen aldeko lanean ezagutza handia duen diputatu europar hungariarra eta Carl Haglund (ALDE) suediar hiztun finlandiarra izango dira, alde batetik, taldearen lehendakarikideak. Taldearen lehendakaritzaren bigarren atala, berriz, Europako Aliantza Libreko diputatu europar batek zuzenduko du, Csaba Tabajdi talde sozialistako kidearekin batera. Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak (EBLUL) idazkaritza lanak egingo ditu.

Taldeak abenduan egindako azken bileran, EBLULen jarraibideei jarraituz, Lisboako Itunaren eraginaz eztabaidatu zuen eta kideek adierazpen bateratu bat adostu zuten. Taldeak adierazi zuenez, «EBn eta bere estatu kideetan hizkuntza eskubideak eta bertako gutxiengo nazionalen eskubideak garatu eta bermatzea espero dugu». Halaber, datozen bost urteotarako plana diseinatu zuen. Horren arabera, taldeak nazioarteko erakundeekin modu formalean lan egingo du eta Parlamentuaren esku dauden tresna guztiak erabiliko ditu eskubideak bermatu eta gutxiengo nazionalen, estaturik gabeko nazioen eta euren hizkuntzen diskriminazioarekin bukatzeko.

Lisboako Ituna berritzailea da, «gutxiengoetako kide diren pertsona guztien eskubideen errespetua» (1.a. artikulua) aipatzen duen eta EBk «bere kultura eta hizkuntza aniztasun handia errespetatu behar du» (2.3 artikulua) esaten duen heinean. Era berean, Oinarrizko Eskubideen Gutunak, dagoeneko loteslea denak, honakoa gehitu du: «hizkuntza (...) gutxiengo nazional bateko kide izatea (...) bezalako edozein oinarriren gaineko diskriminazioa debekatzen da» (21.1 artikulua).

EBk oraindik gutxiengo nazional eta hizkuntza gutxituentzako orokorra eta loteslea izan beharko lukeen babes sistemarik ez izan arren, Itunak apelazioaren oinarriak finkatzen ditu EBtik datozen akta guztietan eta legerian, baina ez estatu bakoitzaren legeri nazionaletik datozenetan.

Gutxiengoak babestearen alde lan egiten duten erakundeek, beren aldetik, aztertuko dute Lisboako Itunak beren eskubideengan duen eragina. Orain arte askotariko iritziak daude. Kritikoenek azpimarratzen dute Itunak bere barruan gutxiengoen aldeko mezu indartsua duela, baina Itunaren garrantzi politiko urriak huts egiten duela. Gainera, gutxiengo nazionalen babesaren garapenek, handituz doan legezko errealitate bat baieztatu besterik ez dute egiten. Hau da, gutxiengoen aldeko printzipioak abian jartzen laguntzeko orduan, Lisboak ez duela inolako tresna politiko berezirik ezta argipenik ekartzen. Lisboak, oro har, eskubideen aldeko eragin positiboa adierazten badu ere, ez du babes orokor bat sortzen.

Gutxiengo nazionalen, estaturik gabeko nazioen eta haien hizkuntzen babes orokorraren alde lanean jarraitu beharko dute GKEk, nazioarteko erakundeek eta Europako Parlamentuko talde horrek.


Davyth Hicks
Eurolang hizkuntza gutxituen agentziako erredaktore burua