News
UDALTOP topaketen amaieran

Amaitu dira Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak elkarlanean antolatutako Udaltop udaletako euskara-zerbitzuen I. topaketak. Aurtengo topaketen izenburua Nola indartu euskararen erabilera familietan? izan da eta horren inguruan egitarau anitza izan da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.
Euskal Herri osotik etorritako euskara teknikari eta bestelako erakundeetako teknikariek hartu dute parte topaketetan eta guztira ehun lagundik gora elkartu dira euskararen transmisioaren inguruan hausnartu eta lan egiteko.
Topaketetan hitzaldien eskaintza zabala izan da eta bide batez hainbat ikastetxe eta erakundeen esperientziak entzuteko aukera ere izan da. Parte hartzaileei lan egitea ere egokitu zitzaien, izan ere hitzaldien ostean talde-lana egin behar izan baitzuten.
Bestalde, gogoratu urte guztian zehar webgunean materiala gehitzen jarraituko dela, bai Euskal Herrikoa eta baita Euskal Herritik kanpokoa ere. Horregatik garrantzitsua da elkarte edo euskara zerbitzuek dituzten esperientzien berri ematea. Beraz, inportantea da gaiaren inguruko esperientziak dituztenek webgunearen bitartez horien berri ematea.
Jardunaldietako ponentziak eta aurkezpenetan erabilitako materialak ere egun gutxi barru webgunean modu irekian jarriko dira nahi duen orok dokumentuak jaitsi eta kontsultatu ahal izateko.
Antolatzaileak beren aldetik, parte hartzearekin gustura daude eta bertaratu ziren guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete. Bide batez, hemendik aurrera lanean jarraitzeko deia ere egin diete. Orain, balorazioa egin eta hurrengo urteko jardunaldiei begira jartzeko garaia heldu da.
Kronika honetaz gain, Lantalan blogean ere, jardunaldien berri zabala eman dute.
