News
Mikel Laboaren oroimenez

Donostian hil da, 74 urte zituela, Mikel Laboa kantaria. Donostiako Parte Zaharrean jaioa zen, itsasoari eta musikari lotua zegoen Pasai Donibaneko familia batean. Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroaren 11n iragarri zuen Gipuzkoako Urrezko Domina emango ziola Mikel Laboari.
«Domina honek aitorpen bat eta omenaldi bat izan nahi du, gipuzkoar guztien ikur nagusietako bat, sorkuntzaren ikono eta euskal kulturaren biziraupenaren eta bilakaeraren lekuko izan den pertsona batentzat» azaldu zuen Markel Olano diputatu nagusiak ohorezko aipamenaren berri eman zuenean hedabideen aurrean. Laboa hil delarik, 200oko martxoaren 28ko 22/2000 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ohore eta Bereizgarrien Araudia onartzen duenak ez du biderik uzten urrezko domina emateko, baina bai aurrekoaren maila bera duen urrezko plaka.
Azken egunak etxean gaixorik eman ondoren, Donostiako erietxe batera eraman zuten kantaria, eta bertan hil da, Marisol Bastida emaztea eta seme-alabak alboan zituela. Lanbidez osagilea zen Laboa, haurren neuropsikiatrian espezializatua.
Kantagintza berriaren ikur handienetakoa izan da Laboa, Ez Dok Amairu taldearen sortzaile eta partaide nagusietakoa, XX. mendearen bigarren erdialdean, eta aitorpen handiak jaso izan ditu, bai bere garaiko kantarien aldetik, bai belaunaldi gazteetako musikarien aldetik ere.
Mikel Laboa lan izugarria egina da, alde batetik, herri kantak berreskuratzen, eta bestetik euskal poeta askoren hitzei musika eta boza ipintzen. Belaunaldi zahar nahiz gazteen belarrietan, Laboaren pieza asko ikur bihurtu dira. Hamabost disko utzi ditu argitaratuak
Laboaren heriotzak nahigabe handia sortu du euskal kulturaren munduan, eta sarean samina eta oroitzapena nagusitu dira.
Informazio gehiago sarean:
