euskaraz · español · english · français  web map feedback  
You are here:   Erasmus hizkuntza-ikastaro trinkoak (EILC)

News

« Return to Topic    

18/08/2008 - 13:44

Erasmus hizkuntza-ikastaro trinkoak (EILC)

hizkuntzak.gif

2008ko urtarriletik aurrera, lerro hauek sinatzen dituenak harremanak izan ditu Europako Batzordearekin, katalana Erasmus hitzkuntza-ikastaro trinkoetan (EILC) eskaintzen diren hizkuntzen zerrendan sar dadin.

EILCak Europako Batzordeak babesten ditu, eta EBn eta Erasmus programan parte hartzen duten beste herrialde batzuetan gutxien erabiltzen eta irakasten diren hizkuntzen ikastaroak dira.

Ikastaro horien bidez, Erasmusko ikasleek aukera dute herrialde hartzaileko hizkuntza herrialdean bertan ikasteko, 6 astera bitarteko epean.

2005-2006 ikasturtean, esate baterako, hainbat ikaslek jaso zituzten bertako hizkuntzen ikastaroak: 153 ikaslek Danimarkan, 215ek Grezian, 78k Lituanian, 115ek Hungarian eta 254k Finlandian; guztira, 3.864 ikaslek.

2007-2008 ikasturtean, EILCetatik kanpo geratutako EBko hizkuntza ofizial bakarrak ingelesa, alemana, frantsesa eta espainiera izan ziren; beraz, ikastaro horiek ez dira eskaintzen herrialde hauetan: Erresuma Batuan, Irlandan, Frantzian, Belgikako frantses eta alemaniar komunitateetan, Alemanian, Austrian, eta Espainian.

Etengabeko Ikaskuntzako Programa (LLP) baino lehen, Lingua zerrendak kanpoan uzten zituen katalana, galegoa eta euskara, eta unibertsitateek beren gain hartu behar zituzten gure hizkuntzak ikasle atzerritarrei irakasteko ikastaroen kostuak; batzuetan, gure gobernuen laguntzaz. Baina orain ez dago hizkuntzak kanpoan uzten dituen zerrenda bat.

Beraz, kudeaketak egitea falta zen, gure hizkuntzen eskaintza ere EILC ekimenaren baitan txertatzeko.

Harrigarria bada ere, zerrenda horretan ez da Espainia ageri, nahiz eta bertako unibertsitate askotan hizkuntza ofiziala katalana, euskara edo galegoa izan; hizkuntza horiek guztiak Erasmus hizkuntza-ikastaro trinkoetan (EILC) hautatuak izan litezke.

Egindako kudeaketen artean, azpimarragarria da Ignasi Guardans eurodiputatu katalanak 2008ko martxoaren 31n Batzordeari egindako galdera (E-1747/08): ea Batzordeak bazuen asmorik neurriren bat hartzeko, hurrengo urteetan katalanaren, galegoaren eta euskararen irakaskuntza eta ikaskuntza EILC ekimenaren baitan txertatzeko.

Jan Figel komisarioak erantzun zuen (maiatzaren 20an) beste herrialderen batean ikasteko funtsezkoak diren gutxien erabilitako eta irakatsitako eskualdeetako hizkuntzak ez daudela EILCetatik kanpo, nahiz eta gaur egun ez den ikastarorik eskaintzen.

EILCetan beste hizkuntza batzuk eransteak ondorioak izango lituzke Eramus programarako bideratutako aurrekontuetan. EBk batez beste 270 euro ematen dizkio EILCetan matrikulatutako ikasle bakoitzari.

Amaieran, erantsi zuen EILCak zabaltzeko eta bertan beste hizkuntza batzuk sartzeko edozein ekimen aurrera eraman baino lehen beharrezkoa dela aldez aurretik Etengabeko Ikaskuntza Programako (LLP) Batzordeari aholkua eskatzea.

Handik egun gutxi batzuetara, Batzordeak jakinarazi zidan orain arte EILCetan kontuan hartzen ez ziren hizkuntzak ezin izango direla bertan txertatu 2010. urterako aurrekontua onartu arte.

Aldi berean, LLPko Batzordeko kideen txandaketa izan da: udaberritik, Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Departamentuko Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiko Hizkuntza Zerbitzuko europar proiektuen arduraduna da kide ordezkoa. Hari esker dakigu Espainiako agentzia nazionalak (eta, horrenbestez, Espainiako Gobernuak) bere oniritzia eman diola gure hizkuntzak EILCetan txertatzeari.

Laster, bertako hizkuntzetan irakasten duten Kataluniako, Galiziako, Euskadiko eta Nafarroako unibertsitateek aukera izango dute EBren laguntza eskatzeko, Erasmus ikastaro trinkoak eskaintzeko. Bai Vives Unibertsitate-Sarea, bai Ramon Llull Institutua (katalanaren irakaskuntza sustatzen eta koordinatzen du mundu osoko unibertsitateetan) irrikaz daude aukera berri hori baliatzeko.

Informazio gehiago: Erasmus hizkuntza-ikastaro trinkoak (EILC)


Miquel Strubell
Universitat Oberta de Catalunyako Hizkuntzen eta Kulturen Ikasketetako irakaslea.