News
Euskara, euskaldun guztien hizkuntza

Tarte hau baliatu nahiko nuke zenbait komunikabidek (eta manifesturen batek) "hizkuntza komuna" kontzeptuaz egiten duten erabilerari buruz hitz egiteko, eta, bide batez, erabilera hori politikoki baldintzatua eta gaiztoa iruditzen zaidala aipatzeko. Espainiar komunikabideen zurrunbiloaren erdian egiten ari naiz hausnarketa hau, horiek berak Hizkuntza komunaren aldeko manifestuaren aldeko propaganda argi eta garbi egiten ari diren unean. Manifestu horretan, trantsizio demokratikoa hasi zenetik lehenbiziko aldiz, hizkuntza hierarkia bat ezartzeko nahia adierazten da inongo lotsarik gabe. Hierarkia horren arabera, gaztelania edo espainiera da Espainiako estatuko biztanleen nahitaezko hizkuntza, eta bazter uzteko moduko gehigarriak besterik ez dira gainerako hizkuntza ofizialak (galiziera, euskara eta katalana). Argi adierazi dute Savaterrek eta beste batzuek: espazio publikoa espainierak bete behar du zeharo, eta gainerako hizkuntzak bazter uzteko modukoak dira. Nolanahi ere, gaur egungo elebakarrek elebakar izaten jarraitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute. Gainera, era guztietako oztopoak ikusten dituzte etorkinen gizarteratze soziolinguistikoa katalanez edo euskaraz izateko.
Lehenik eta behin, zera galdetu nahi dugu: noren hizkuntza komuna? Zer espaziotan eta zer eremutan du indarra komunitate horrek? Euskara da euskaldun guztien hizkuntza. Era berean, katalana da katalanena, eta suediera suediarrena. Bigarren galdera: zer motatako komunitatea sortzen da hizkuntza bera hitz egiten ez duten pertsonen artean? Galdera hori hirugarren galdera batekin loturik dago argi eta garbi: zer eremutan gertatzen da hizkuntza bera hitz egiten ez duten arteko komunikazioa?
Geurea bezalako testuinguru eleaniztunetan, gehienok baditugu beste komunitate linguistiko batzuetako pertsonekin mintzatzeko hizkuntza komunak. Euskaldun askok, beren lehenengo hizkuntza komunaz gain, frantsesa dute komun frantsesekin, eta espainiera espainiarrekin. Areago, batzuek, ziur asko, alemaniera dute komun alemaniarrekin, eta portugesa edota italiera portuges eta italiarrekin. Europa aintzat hartuta, agerikoa da ingelesa dela hizkuntza komun hedatuena, besteak baino askoz ere gehiago. Azken "Manifestua" sinatu dutenak ingelesari buruz ari al ziren? Zergatik ez dute ingelesa aipatzen? Izan ere, ingelesik ez da ia-ia ageri Quintanilla de Onésimo herriko karteletan.
Azkenik, gure gizarteotako bakoitza eleaniztuna da beraren baitan. Katalunian, hirurehun hizkuntza inguru hitz egiten dira, batzuk besteak baino gehiago betiere. Generalitateko hizkuntza politikaren nahia da katalana izatea hizkuntza horien guztien hiztunen hizkuntza komuna.
Bernat Joan i Marí
Soziolinguistikan aditua eta Europako Parlamentuko diputatua.
