News
Debate Europe

Bigarren aldiz, Europako Batzordeak eztabaida eleaniztuna eta irekia abiarazi du Interneten. Oraingo honetarako, hiru gai hauek aukeratu dituzte: «Klima aldaketa eta energia», «Europaren etorkizuna» eta «Kulturen arteko elkarrizketa». Eztabaida urtarrilaren 29an hasi zen, eta berriak harrera hona izan zuen Bartzelonako hedabideetan (ikus, adibidez, paper.avui.cat/article/mon/113797).
Batzordeak 2006an antolatu zuen gisa honetako lehen eztabaida, eta arrakastatsua izan zen, eztabaida bizia sortu baitzen. Orduko gaiak «Europaren garapen soziala eta ekonomikoa», «Europaren eta Batasunaren egitekoen pertzepzioa» eta «Europako mugak eta Europaren eginkizuna munduan» izan ziren. Bigarren gaiak izan zuen nagusitasuna.
Orduko hartan, lehen aldiz, katalanak leku bat izan zuen EBko erakundeetako hizkuntza ofizialen ondoan, eta horixe da lehen eztabaida hura aipatzearen arrazoia. Are gehiago, eztabaidari buruzko berria katalanezko sarean hain azkar eta hainbeste hedatu zenez, parte-hartzea askoz handiagoa izan zen demografiari zegokiona baino. Azkenik, bederatzi hilabetez irekita egon ondoren, eztabaidan katalanez askoz pertsona gehiagok parte hartu zuten, suedieraz, portugesez, grezieraz eta polonieraz baino, eta bisitari gehien izan zituztenen artean, katalanezko ataria seigarren tokian egokitu zen, ingelesezko, frantsesezko, alemanezko, gaztelerazko eta italierazko atarien atzetik.
Lehen eztabaida haren arrakastari zor zaio, agian, oraingoarena are handiagoa izatea. Otsailaren 21ean, zehazki, katalanezko ataria bigarren postuan zegoen, 808 parte-hartzerekin, ingelesezkoaren atzetik (2062), eta italierazkoaren (381), frantsesezkoaren (302) eta gaztelerazkoaren (268) nabarmen aurretik. Beste hizkuntzei dagokienez, bakar batek ere ez zituen 83 parte-hartzetik gora izan egun horretan. Datuok egiaztatu nahi izanez gero, irakurleak helbide honetara jo dezake: forums.ec.europa.eu.
Horrek guztiak argi erakusten du, batetik, katalanaren hiztunen komunitateak ongi bai ongi erantzuten duela gisa horretako aukeren aurrean; bestetik, erantzun hori Batzordeak Bartzelonan duen bulegoaren lan onaren lekukoa ere bada, bertan eleaniztasuna eta hizkuntzen aniztasuna serio hartzen baitira.
Ekimen guztiak ez dituzte agintariek antolatzen, ordea, www.europarl.cat web gunean sartzen dena harrituta geratuko da –zur eta lur geldituko dela ez esatearren–, Europako Parlamentuko ataria aurkitu eta, EBko erakundeen 22 hizkuntza ofizialen ondoan, català / valencià aukera aurkituko baitu. Esteka horretan klik eginez gero, katalanez irakur daiteke Hans-Gert Pöttering Europako Parlamentuko lehendakariaren aurkezpena. Hori guztia Kataluniako hiritar baten ekimena da, haserre baitzegoen katalanaren, euskararen eta galizieraren erabilera urriaz; izan ere, Parlamentuaren 2006ko uztailaren 3ko erabakiak arautzen du erabilera hori: www6.gencat.net. Nolanahi ere, Kataluniako egunkarietan esan dutenez, Parlamentuak auzibidera jo dezake, protesta sinboliko baina zibilizatu hori eteteko: www.avui.cat/article/mon_politica.
Miquel Strubell
Hizkuntza eta Kultura Ikasketetako Irakaslea UOC unibertsitatean (Universitat Oberta de Catalunya)
