euskaraz · español · english · français  web map feedback  
You are here:   Kataluniako irakaskuntzari buruzko eztabaida. Hizkuntzaren ordua

News

« Return to Topic    

16/02/2007 - 12:46

Kataluniako irakaskuntzari buruzko eztabaida. Hizkuntzaren ordua

ikasgelan.gif

Badaude galtza nahiz gonarako balio duten eztabaida oso lagungarriak, bai eta ardura sakonago baina desegokiagoen kezko gortina bezala erabiltzen direnak ere. Azken eztabaida horietako bat da, Kataluniako eskola sisteman, gaztelaniako hirugarren orduarekin gertatzen dena. Batzuen esanetan, hiritarrak guztiz elebidunak izango dira ordu horrekin.

Beste zenbaiten iritziz, baina, eskola ordutxo horrek desorekatu egiten du eskolaren gaitasun «normalizatzailea». Inork ez du gaiaren funtsa ikusi: eskola hizkuntza normalizazioaren tren makina ote den oraindik, eta zertaz ari garen XXI. mende betean eskolaz eta hizkuntza normalizazioaz hitz egiten dugunean. Wallace Lambert-ek aspaldi ikertu zituen «elebidunen jokaeran eragina zuten gizarte eraginak eta jokaera horiek gizartean zituzten ondorioak». Lamberten azterketek lotura estua dute oraingo gertaerekin; izan ere, ondorio hauek atera daitezke argi eta garbi lan horietatik: eskolatik kanpoko alderdiek bultzatzen gaituzte hizkuntzak ikasi eta erabiltzera. Politikariek eta intelektualek ageriko alderdi hori ahaztu egiten dutela dirudi. Hain zuzen ere, ingurune sozialak eskolako hizkuntza berresten eta bultzatzen badu, onuragarritzat hartzen da hizkuntza hori ikastea, eta ondorio pedagogikoak azkarragoak izaten dira, nabarmen. Lambertek «bide gehigarria» izena jarri zion. Eta alderantziz. Hizkuntzaren erabilera sozialak eskolako hizkuntza politikak ezeztatzen baditu, hizkuntza politikek denbora, irakasleen energia eta erabilitako baliabideak galtzeko baino ez dute balio. «Politica del matalasser: fer i desfer» da, azken finean. Irlanda da paradigmaren erreferentzia. Euskadik horren bidea hartu du ia gauza gehienetan: «zapaldutako» hizkuntzari balio «sinbolikoa» eman dio hezkuntzan; «zapaltzaileari», berriz, erabilera «funtzionala», arlo erabakigarrietan: ekonomian, politikan eta ikus-entzunezkoetan.

Eskolako motibazioak norbanakoen mende daude. Eskolaz kanpokoak, berriz, gizarte inguru konplexuak menderatzen ditu: ingurunekoak dira; hau da, hezkuntzaren eragina azalekoa da. Hiri inguruko hirigintza eredua edo espazio publikoaren krisia dira, adibidez, hizkuntza komunitatea desegituratzen duten elementuak. Testuinguru horretan, hezkuntzak ezin du hizkuntza tradizionalaren desegituraketa prozesua aldatu, eragile asko baititu; ez ditu beharrezko aingurak bota sare sozial horietan. Hiriko eta industria ondoko gizarteei buruz ari naiz, jakina, eta komunikazio sare konplexuak dituzte gizarte horiek (txip, kable eta satelite geoegonkorrak). Bartzelona da hiri horietako bat. Dinamika ireki eta globalak ditu Bartzelonak, eta kanpoko faktoreek garrantzi handiagoa dute egunetik egunera. Eskolak eragin txikia, eragin sinbolikoa, du gizarte eredu horretan. Hizkuntza aldaketa alderdi sozial eta ekonomikoek bultzatu dute, eta, egoera horretan, ezer gutxi egin dezake irakasleak, erakuslea soilik lagun duela. Aldaketa sakonek izan dute eragina hizkuntza nekazaritza-eremura bueltatzeko prozesuan, eta ez diegu irakasleei leporatu behar horren ardura.

XXI. mendeko eskola ez da jada Manuel Azañak «Errepublikaren ezkutua» deiturikoa, eta ez du Alexandre Galík garai batean ematen zion ahalmena. Azken urteetako egitura aldaketek jokoz kanpo utzi dute, hein handi batean, eta, hori dela-eta, galdu egin du gizartean zuen indarra. Ez bakarrik hizkuntzaren arloan. Bizi garen mundu konplexuan zehar ibiltzeko eskatzen den jakituriak –linguistikoak eta ez linguistikoak– ez du zerikusirik curriculum ofizialekin, ez eta eskolarekin ere. Ulrick Beck-en metaforaren arabera, jada trenik pasatzen ez den «geltoki fantasma» da. Ez dezagun gure burua gehiago engainatu borondate oneko diskurtsoekin. Gaur egungo eskola erakunde ordezkatzailea da, beste erakunde batzuk dira erabakigarriagoak; besteak beste, merkatua eta enpresa korporazioak. Francesc J. Hernández-en esanetan, «eskola zonbia» da. Eskola gizarte kohesioaren berme zen garai batean, baina guztiz aldatu da egoera. Utz diezaiogun, beraz, eskola zaharra oraingo gizartean dauden okerkerien sendagarri bakar gisa erabiltzeari. Ez ditzagun irakasleak gehiegi kargatu; besteak beste, Konstituzioa, historia sakratua eta kondoiaren erabilera azaltzera behartuz. «Gai berriek» argi erakusten dute politikariek hanka sartu zutela diagnostikoan. Konponbidea ez da «eskola berriz pentsatzea", eskolaren eta ingurunearen arteko dikotomia faltsua haustea baizik.

Hizkuntzen mugak desagertu diren bezalaxe desagertu dira eskolako hormak. Azterketak konplexuagoa izan behar du; ez da ordu bat jarri edo kendu bakarrik eztabaidatu behar. Eskola sare zabal bateko korapiloa baino ez da, eta sare horrek hainbat alderdi ditu. Alderdi horiek egunero birsortzen dira maila sozial guztietan. Sareak indarra du, alderdien arteko harremanek ematen baitiote indarra: kultura, industria, hirigintza eta ikus entzunezko politikek. Beste erakunde eta alegiazko sozialak bezala, hizkuntza ez dago eskolaren esku, «arrelament al medi»-ren mende baizik; samintasunez gogoratzen dugun Marta Matak hitz egiten zigun azken horri buruz oraintsu arte. Ingurunera sustraitu behar dugu, ez nostalgiaz gogoratzen dugun gizartera, halako pedagogiara eta jada existitzen ez den herrialdearen bertsio gozatuetara.


Toni Mollá
Kazetaria eta Manual de sociolingüística liburuaren egilea