euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Hizkuntzak Jerusalemen

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2012-07-18 / 10:09

Hizkuntzak Jerusalemen

10_eskola_arabiarrak_arg_indy_news_israel.jpg

Artikulu honek Bir Zeit-eko Unibertsitatean, Zisjordanian, Wael Abdeen irakasle palestinarrarekin izan nuen elkarrizketa laburbiltzen du. Soziolinguista da Abdeen irakaslea, orain Ingeles Sailean irakaskuntzan diharduena. Ondo ezagutu eta zuzenetik bizi izan du Palestinan arabiera eta hebreera hizkuntzen arteko gatazka, bera jaiotako Jerusalem hirian batik bat. Abdeen irakasleak arabiarrek hebreerarekin duten harremanari buruz hitz egitea erabaki zuen, demografiaren alderdi hauei lotuta: hezkuntza, adina, generoa eta enplegua.

Hezkuntza

Hezkuntza

Jerusalemgo eskola arabiarrek ez dute hebreera irakasten, baina Israelgo gobernua prest dago hebreera irakasgai duten eskolak babesteko. Orokorrean, Palestinako eskolek (misionistak, UNRWA errefuxiatuentzat, pribatuak, eta Palestinako Aginte Nazionala babestutakoak) aurreiritzi negatiboa dute Israelek babestutako eskola horien inguruan, haien helburua honela ikusten baitute: "ezjakintasunaren politika aplikatzea". Hala ere, zenbaitetan, diru funtsen premia bizia duten eskola batzuek hebreera irakasten dute "tapadera zerbitzutzat", ez ordea, nahitaezko irakasgaitzat.

Ikuspegi orokorretik, aldea dago 1948tik israeldarren menpe egondako arabiarren eta 1967ko gerraren ondoren israeldarren okupazioaren pean bizitakoen artean. Lerro Berdearen ekialdean, arabiarrek arrazoi profesionalak direla-eta ikasten dute hebreera; Jerusalemen eta Zisjordanian irakaskuntza maila ona jaso izan duten arabiarrek, ordea, gaitzetsi egin ohi dute hebreera, eta hizkuntzaren alorrean aldaketaren bat sortzen denean, ingeleserakoa da joera.

Enplegua

Jerusalemen, hiriko israeldar sektorean lanean ari diren profesional palestinarrek ez dute hebreera hitz egiten, edota ez dute hebreera hitz egiteko asmorik erakusten. Izan ere, hebreera hitz egiten duen arabiarra peoitzat edo prestakuntza maila handirik ez duen langiletzat hartzen du gizarteak. Eta genero desberdintasuna dela-eta nabarmenagoa da joera hori: gehiago dira hebreera hitz egiten duten gizonezko arabiarrak emakumezkoak baino, hiriko israeldar sektorean gizonezkoak direlako gehiengoa peoien artean.

Adina

Hebreera nerabeen artean modan dagoen hizkuntza bilakatu da prestakuntza handirik ez duten gazte arabiarren artean, israeldar pop kulturaren eta bereziki musikaren ondorioz, eta gero adinarekin galtzen joan ohi da joera hori. Pertsona edadetuek, 1948tik 1967ra arteko Jerusalemgo jordaniar administrazioa gogoratzeko adina direnek, gogoan dute israeldar okupazioarekin diru fluxu nabarmena gertatu zela, baita lanerako aukerak ere, gero, ordea, lehenengo eta bigarren Intifaden ondoren, zabaldu egin zen mesfidantza giroa.

Abdeen irakasleak aditzera ematen digunez, politikan gainartzailea den hebreeraren aldeko joera ez da zertzen, salbu baliabide urriko arabiar nerabeen arteko joera igarokorra eta Hachemita erresumaren menpe Jerusalemen bizitako pobrezia egoera gogoan duten edadetuen aukera ekonomikoaren ikuspegia dutenen artean. Espektroaren bi mutur horietan gertatzen dena, ordea, ingeleserako joera da.

Bir Zeit hiriko muinoaren goialdetik zeru oskarbiko egun batean mendebalderantz begira, Unibertsitateko campusa dagoen lekuan justu, Tel Aviveko etxe orratzak ikusten dira, eta jakina da Yaffa arabiar hiria dagoela pixka bat hegoalderantz, 1948an palestinar gehienak kanporatu zituzten lekua.

Arabiar kantu zahar batek dio «Yaffagatiko betiereko irrika», non «olatuek arabiarrez hitz egiten duten». Hala izan daiteke, beharbada, baina, dena den, Yaffa irrika duten letrek eder bezain duin bihurtzen dute erresistentzia, Jerusalemgo harresiak baino askoz ere gehiago beraz, etorkizunean arabiarrez hitz egiten jarraituko dute horiek.

Wael Abdeen ados dago: esan zidan hebreerak Jerusalemen duen eraginak ez duela bere jaioterria hiri israeldar bihurtuko, eta ziur dagoela ez dela betiko izango, ezin izango duela Jerusalemgo arabiar ondarea suntsitu.


Robert Scarcia
Kazetaria