Albisteak
Euskaldun baten ibilerak

Artikulu hau argitaratu zuen Euskarako zuzendari Zigor Etxeburuak uztailaren 1ean Diario Vasco egunkarian.
Izenburu hori jarriko ziokeen, hitz lauz, joan den mendeko ahozko tradizioko euskal idazle batek Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUk egun hauetan Udako Ikastaroetan garatu duten mintegira gerturatzeko aukera izan balu (Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenetan barrena). Izan ere, euskal hiztunen bizipenak eta esperientziak entzun dira bertan, eta, batez ere, penak eta pozak, horiek guztiak izan baitituzte mintzagai Euskal Herriko elkarbizitza linguistiko konplexuarekin interesatuta dauden aditu eta entzuleek.
Pozak, jakina, entzun ditugu, entzun ditugunez. Goraipatu zaigu nola erakutsi dugun euskaldunok euskaraz bizi nahi dugula. Nola antolatu garen gure eskubideak aldarrikatzeko eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko, inertzia historikoak gorabehera, politikak gorabehera, lege asimilazionistak gorabehera. Nola lortu dugun gure hizkuntza bateratzea, euskara estandar bat sortzea, hartara unibertsitatera eta zientziara irits dadin. Nola sortu ditugun ikastolak, euskaltegiak eta komunikabideak, ongi saiatuta eta erruz lan eginda, auzolanaren tradizio eguneratuan, Espainiako eta Frantziako estatuek jarri dizkiguten traba guztien gainetik, erakutsi diguten axolagabetasun guztien azpitik. Nola baitaratu dugun euskara gure nortasunaren ikur den aldetik eta mundu zabalean kokatzen gaituen elementu den aldetik. Nola izan garen leial geure hizkuntzarekiko, eta nola mintzatzen dugun mintzatzeko aukera dugun bakoitzean. Nola lortu dugun euskara bizirik irautea…
Pozak bai, baina penak ere entzun ditugu, entzun ditugunez. Diren traba guztiak jarri dizkigute euskaraz ezin gaitezen bizi; eta ez direnak ere bai. Eskolan hatz puntak gorritu dizkigute, zergatik eta etxean ikasi genuen hizkuntzan hitz egiteagatik. Belaunaldi gehiegi izan dira eskolan euskara ikasteko aukera izan ez dutenak eta, ondorioz, heldutan ikasi behar izan dutenak. Gutxietsi egin gaituzte. Esan digute euskarak ez duela ezertarako balio, eta, harrokeriaren harrokerian, “hábleme en cristiano” egin digute garrasi. Gainera, euskal hiztunen komunitatea eta gaztelaniaren hiztunen komunitatea aurrez aurre egon dira, iraganeko hamarkadetan izan zen bat-bateko migrazio prozesu baten ondorioz. Horrek, eta horrekin batera euskararen herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka politikoak, elkarren kultura ezagutza ezari baino ez dio egin mesede (‘borono’ vs ‘manchurriano’, J. Maia).
Egun, oraindik, badira hamaika traba euskaraz hitz egiteko, herri administrazioetan ere bai, eta oraindik entzun behar ditugu, entzun, “por favor” bat ere aurretik esan gabe, “háblame en castellano” eta antzekoak. Erakundeek ez dute bermatzen pertsona guztiak gai izatea, derrigorrezko hezkuntza amaituta, euskaraz hitz egiteko. Ordezkari politiko gehiegik ez dakite gure hizkuntza, ez dira ikasten ari, eta ez dute inolako asmorik ikasteko; eta egunero eramaten dute bigarren edo hirugarren bazterbidera. Eta guk gure eskubideak aldarrikatzen ditugunean, batzuek “inposizioa” leporatzen digute…
Bestalde, azken urteotan, euskal hiztunen komunitatea aldatu egin da, eta hizkuntza bera ere bai. Egun murriztu egin da euskararen etxeko transmisioa, eta galtzen diren hiztun naturalak irabazten direnak baino gehiago dira. Gainera, batzuek diote euskara estandarizazio zurrunegia ari dela jasaten eta horrek gazteen artean ahuldu egiten duela jada ahula den erabilera (Ahotsak.com; X. Gantzarain). Horregatik, proposatzen da hizkuntza, ondare ez ezik, baliabide erabilgarri den aldetik hartzea (P. Kasares). Ezinbestekoa da iraganeko eskemak ez errepikatzea, eta sustatzea ezen, migratzen duten pertsonak hartzen digunean, euskara elkar hartzeko toki bat izatea, eta komunikazioko eta gizarte kohesioko lanabes bat (Auzoko).
Euskara, Euskal Herriko hizkuntza izanagatik ere, sorterrian minorizatutako hizkuntza bat da. Ez da, horri jarraikiz, nahikoa aztertu egoeraren alderdi psikologikoa. Frustrazioak eta pasioak memoriaren zati dira, eta, hori dela eta, beharrezkoa da jakitea nola sentitzen diren pertsonak. Memoriak komunitatearen izaera definitzeko indarra dauka, zeren eta, subjektiboa bada ere, ezin baita Historia bezala faltsifikatu (J. Rubin). Euskal Herrian asko hitz egin dugu hizkuntza normalizazioaz, baina idazteke dago oraindik euskal hiztunen kontakizuna: euskararekin sufritu dutena eta euskararekin gozatu dutena; haren kontura izan dituzten pozak, nola sentitu diren askotan indargabe haren egoera ikusita…
Normalizazio politikoaren garaia da, eta haren besotik etorri behar du normalizazio linguistikoak ere. Zeren eta ez badator, ez baita normalizazio izango. Izan ere, euskal hiztunen bizitzak ezin du, jada, frustrazioaren bidean barrena jarraitu. Garai berri hauetan, non kontakizunek eta memoria historiak garrantzia baitute, bakarka eta taldean bizi izan ditugun bizipenen berri eman behar dugu euskal hiztunek; eta, horiekin jabetuta, behar adina neurri hartu behar ditugu egun hauetan entzun ditugun bizipen gaiztoak iraganekoak eta iraganekoak soilik izan daitezen. Hitz lauz esanda hau ere, izan gaitezen ibilera horien jakitun, baina egin dezagun lan izan ez daitezen gure egungo eta, zer esanik ez, etorkizuneko ibilera.
Zigor Etxeburua Urbizu
Euskarako zuzendari nagusia
