Albisteak
«Català, a l'atac»

Azentuak gorabehera, hizki berak atzekoz aurrera (edo aurrekoz atzera) josita osatzen dira bi hitz horiek (palindromoa, alegia). Elkarren ondoan jarriz gero, berriz, bururatu zaizun esanahi hori (borrokarako dei hori) behintzat baduen hitz-bikotea osatzen dute (TV3k hizkuntza-gaien dibulgazioa egiteko umorezko 45 espazioen serieak ere izen bera du).
«No cal (ez da behar) ni atacar ni acatar els qui no estan d'acord amb el que creiem. I encara menys (oraindik gutxiago) posar-nos "a l'atac"» paragrafoaren testuinguruan irakurrita, ordea, jabetu zara, hizki eta hitz berak izan arren ("català, a l'atac" alegia), oraingoan esanahia izan dela, agian, atzekoz aurrera (alderantziz) ulertu duzuna (ez dela ez atakatu ez men egin behar).
Hizkiak, hitzak eta pasartea bera 2010. urteko Premi de Civisme "Serra i Moret" saiakera-saria irabazi duen Emili Boix-Fuster soziolinguista kataluniarraren Civisme contra cinisme. Llengües per viure i conviure liburutik ateratakoak dira.
«Aquest és un llibre de llengua, però sobretot de justícia social», esaldiarekin ematen dio hasiera liburuari eta «Si el civisme no esdevé (ez bada bihurtzen) acció, degenera aviat (azkar) en cinisme. El que no es regenera degenera» azken paragrafoan jasoz amaitzen du liburua. Tartean, psiko-sozio-eko-pedago-politikolinguistikari buruzko 205 orrialde.
Hitzaurrean, «És possible un civisme lingüístic?» galdeari erantzun, eta hizkuntza-aniztasunerako bi printzipio hauek aletuz hasten da:
- Ez iezaiezu besteei egin zuri egitea nahi ez duzuna. Zure hizkuntza galarazi, baztertu, gutxietsi, barregarri utzi baldin badute, ez ezazu zuk besteenarekin hori egin (...). Ahularen kartarik onenak beharko lukete izan asertibitateak, imajinazioak, abileziak eta "resilentziak" (norbanako edo sistema sozial batek, bizi-baldintza zailak izan arren, ondo bizitzeko eta garatzeko eta, gainera, horretaz eraldatua eta indartua ateratzeko duen gaitasuna).
- Modu onak praktikatzeak dira besteek ongi har zaitzaten lortzeko artea (...).
Ondorioen azken atalean, hizkuntzek bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko balio izan dezaketen moduan, hizkuntzek min egiteko ere balio izan dezaketela dio. Horren harira, hizkuntza minorizatuko hiztun kontzienteok hizkuntzaz arduratu behar dugula baieztatzen du, nahiz eta errazago gertatuko litzaigukeen hizkuntza "komunagoetara", "eraginkorragoetara", "modernoagoetara"... pasatzea.
Horrexegatik bukatzen du esanez ez garela fidatu behar hizkuntza komunikatzeko soilik dela diotenekin eta, segidan, gurean komunikatzeari utz diezaiogun eskatzen edota exijitzen digutenekin.
Liburua bada gizalegezko hizkuntza-jarduna ("katalanen erara") zer den eta nola egin daitekeen ikasteko bide bat. Bidea, gizalegez, "euskal erara" nola egin nahi dugun, eginkizun dugu.
Iñaki Arruti
Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria
