euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik: mintegiaren hirugarren egunaren kronika

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2012-06-29 / 18:35

Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik: mintegiaren hirugarren egunaren kronika

hiztunetik_hiru.jpg

EHUren Uda Ikastaroen barruko mintegia, 2012ko ekainaren 27tik 29ra.
Zuzendaria: Jone M. Hernández, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko gizarte antropologiako irakaslea.

Argazkian, ezker-eskuin: Ixiar Eizagirre, Jone Miren Hernandez, Iñaki Eizmendi, Joan Pujolar, Karlos Aizpurua, Zigor Etxeburua

Joan Pujolar. Mudanza e hibridación: vínculos entre juventud y lengua

Hizkuntza aniztasuna eta globalizazioa izan ditu bere mintzaldiaren abiapuntu UOCeko Joan Pujolar irakasleak. Estatu-nazioen eta nazionalismoen oinarriak ezarri zirenean, XIX. mendean, hizkuntza izan zen egitura politikoaren antolatzaile nagusietako bat. Globalizazioak estatuen batasun linguistikoa auzitan jartzearekin batera, merkatuak mundu mailara hedatu ditu, ekonomia politikoa ez da nazionala, eta lehen salbuespen edo arazotzat hartzen zen eleaniztasuna, arau bihurtzen ari da.

Pujolarrek eskuartean duen ikerketa baten berri eman du, katalan gazteen hizkuntza zirkulazioan gertatzen diren hibridazioez (hizkuntza kode desberdinak erabiltzea, egoera desberdinetan) eta aldakuntzez (hiztunaren hizkuntza errepertorioak kudeatzeko jokabide aldaketak). Era berean, hizkuntzari buruzko diskurtsoak kartografiatzeko ahalegin bat egin du.

Ikerketa kualitatibo bat da, elkarrizketa sakon eta focus group tekinikak erabiliaz egina. Jatorrizko hizkuntza eta ohizko hizkuntza hartzen ditu aldagaitzat, katalan gazteen artean egiten ari den azterketan.

Soziolinguistika klasikoaren ikuspegiaz aldenduaz, Pujolarrek dio katalanarentzat gauzak ez doazela hain gaizki: gaztelania jatorrizko hizkuntza duten gazteen % 15 aurkitzen da hibridazio prozesu batean; aldiz, hori bera gertatzen zaio bakarrik katalan hiztunen % 5i. Beste horrenbeste, hizkuntza adskripzio subjektiboaz galdetuta, aldakuntzak (edo, Pujolarrek nahiago duen moduan, mudantzak) katalanaren alde doaz. Bereziki unibertsitatera sartzerakoan, lanean hasterakoan eta guraso bihurtzerakoan izaten dira katalanaren aldeko lerratze nabarmenagoak.

Zernahi gisaz, argi da globalizazioaren hizkuntza eragin nagusi bat izan dela erabilera arauak,-noiz zein hizkuntza erabili- aldatzen ari direla, eta, iraganean ez bezala, adibidez Katalunian aise onartzen direla gaur egun elkarrizketa elebidunak, katalanari uko egin nahi ez dioten hiztunen jokabideari esker.

Hizkuntza egoeraren pertzepzioaz, Pujolarren ikerketak erakusten du etorkizunari buruzko jarrerak aski iraunkorrak direla: katalan hiztunek ezkor edo kezkati ikusten dute, oro har, katalanaren etorkizuna; aldiz, gaztelaniazko jatorrizko hiztunek baikor ikusten dute.

Labur esateko, globalizazioak ezarri du norberaren hizkuntza jokabideak aldatu beharra, hiztun berriek malgutasuna behar baitute lan merkatura arrakastaz jalgitzeko. Horrela, hizkuntza hautuak ez du, behinola bezala, identitate huts bat adierazten nahitaez, baina horrek ez du esan nahi hizkuntza aukerak guztiz araugabeak direnik, baizik kudeaketa aldatu egin dela.

Pujolarrek iritzi irmorik azaldu ez badu ere, badirudi hibridazio prozesuak gertatzeko ezinbesteko baldintza direla, alde batetik, hizkuntzak nukleo gogor bat izatea, hiztun gotorrak izatea; eta, bestetik, administrazio publikoek katalanaren alde sortzen duten merkatua.

Hizkuntzen kokatze eta zeregin sozialak birdefinitzen ari dira, globalizazioaren baldintzapenaz, eta harreman interpertsonaletara lerratzen ari dira: gero eta gaitzagoa da bereiztea zergatik gertatzen diren hizkuntza hibridazioak eta mudantzak, interes materialaren eraginez, edo hautu subjektiboen indarrez.

Iñaki Eizmendi. Bizipenen euskara... edo euskara dilisten pare

Azken urteotan Ebete euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta tresnak aholkularitza zerbitzuan izandako esperientzien berri eman du Iñaki Eizmendik.

Aholkularitza zerbitzua ematen die irakasle, guraso eta hezitzaileei, haur eta gazteen artean euskararen erabilera finkatzeko eta hizkuntza jokabideetan eragiteko gaitasuna izan dezaten.

Hezkuntzaren esparruan eta familietan euskararen erabileraz gauza asko ongi egiten direla aitortuta ere, Eizmendiren iritziz sentipenak gehiago hartu behar genituzke kontuan: nola sentitzen da, esate baterako, irakasle bat, ikastetxean haur talde batengana hurbildu eta "egin euskaraz!" esaten dienean? Ziurrenik, ezintasuna eta frustrazioa nagusiko zaizkio. Beste horrenbeste, nola sentitzen dira haurrak, halako agindu bat entzuten dutenean?

Gurasoen kasuan, etxean euskaraz egiten dutenetan, haurren hizkuntza jokabideak beldur edo kezka iturri izan ohi diren bitartean, guraso erdaldunen artean lasaitasuna nagusitzen da, eskolaren esku baitute haurren hizkuntza heziera. Kezka bakarra da, gehienera ere, etxeko lanetan nola lagundu.

Eizmendiren iritziz, eskolak muga kuantitatibo eta kualitatibo argiak ditu, hizkuntza erabileran eragiten duten faktoreen konplexutasunak eskolaren eremua gainditzen duen neurri berean.

Haurren hizkuntza kontzientzia areagotzeko, sentipenen ikusmoldea oso aintzat hartu behar dela uste du Eizmendik: Sestaoko, Elgoibarko edo Leitzako haurrek nondik jasotzen dituzten hizkuntzak (etxetik, kaletik, eskolatik…), zein baliorekin lotzen dituzten (modernitatea, tradizioa, behartasuna, zailtasuna, etorkizuna…), nolako bizipenekin lotzen dituzten hizkuntzak, eta abar. Sentipen horiek kontuan hartu gabe, alferrik izan daiteke estrategia berak erabiltzea denekin. Izan ere, haur bati dilistak ez gustatzea ulergarri izan daitekeen bezala, "euskara ez gustatzea" beti egongo da lotua bizipen ezkorrekin.

Aitzitik, komeni zaigu jakitea nolako euskaldun izan nahi duten gure haur eta gaztetxoek, eta zailtasunen aurrean tresnak eskaini behar dizkiegu, eragileek atseginez joka dezaten, ez frustrazioz. Hezitzaileek, irakasleek eta, batez ere, gurasoek hizkuntza eredu garbiak eskaini behar dituzte, kontraesanik gabeak, haurrei inoiz eskatu gabe berak egiteko prest ez dauden hori.

Ixiar Eizagirre eta Karlos Aizpurua. Etorkizuna bertsotan: gazteen errimatzeko grina

Bertso-eskolek bereziki eta bertsolaritzak, oro har, nerabe eta gazteei euskararen erabileran eta identitatean finkatzeko ematen dizkien bideaz aritu dira Ixiar Eizagirre eta Karlos Aizpurua.

Bertsolaritzak eskaintzen dituen tresnak nabarmendu dituzte, nerabezaroan izan ohi diren kezkak norbere buruaz (gorputzaren aldaketak, harreman beldurrak eta zalantzak, esan beharra), taldeaz (lagun taldearen iritziak balio du, ez gurasoenak) edo gizarteaz (mundua birpentsatu beharra, justizia).

Izan ere, bertsolaritzak oholtza eta mikrofono bat ematen dio gaztetxoari, lotsa eta erakarpena aldi berean eragiten dizkiona; txaloen aitorpena eta berrespena ematen dizkio; hitza ematen dio, esateko aukera, hitzarekiko grina eta jolasgura; musikaren indarra ematen dio; eta, batez ere, talde bat ematen dio, bertso eskolak biltzen duena, euskarazko nukleo gogor bat, iragan partekatu, onartu eta baloratu bat, bizigune bat, zure parekoak bezala idoloak ere aurkitzeko.

Eizagirreren iritziz, nerabezaroaren indarra baliatu daiteke, haurtzaroan hainbestetan saiatu gabe, hizkuntza jokabideak ongi finkatzeko. Bide horretan, bertso eskolak oasi bat dira, lurralde edo kultura desberdineko gaztetxoak elkartzeko, festa-kode batez araututako ingurune edo sare sozial benetako batean.

Karlos AizpuruaK bere ibilbide pertsonalaren arrastoez azaldu nahi izan du bertsolaritzaren garrantzia, euskararen erabilera normalizatzeko. Herriko bertso-eskolan hasi, eskolarteko txapelketaren bidesari ordaindu beharrekoan jarraitu, eta, 18 urterekin, inoiz txapelik irabazi gabe, bertsotarako grina berezirik gabe, jendaurrean kantatzeko larritasunaz, ustekabean herriko bertso-eskolako arduradun eta, geroago, Iparraldean ere bertso-eskolen gidari izatera iritsi arte.

Metodoa berritu beharraz, eskualdeko bertso eskoletan eta, bereziki, Bertsozale Elkartean landutako harreman sareaz, eta ibilbide horretan hartutako hizkuntza kontzientziaz aritu da Aizpurua.


Honi loturik: