Albisteak
Euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak hitzarmena sinatu dute, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka antolatzeko.
Bi erakundeen izenean, Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak eta Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskarako zuzendariak sinatu dute. Ekimen aitzindaria dugu hau, ez baita orain arte halakorik egin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak euskaraz bizitzearen alde egiten du; horixe da bere hizkuntza politikaren ildo nagusia. Eta helburu horrekin bat dator Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen egitasmoa: euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen eta eragileen azoka egitea. Gogoan izan behar da, bestalde, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak, Eusko Legebiltzarrak 1998an onartutakoak, helburu zehatzak ezartzen dituela enpresen munduan euskararen erabilera areagotzeko: merkataritza ganbarak, enpresariak, enpresari elkarteak eta sindikatuak hizkuntza politikaren partaide bihurtzea, lantokietan euskararen aldeko proiektuak ezartzeko markoa zehaztea eta giza baliabideak zein ekonomikoak bideratzea. Euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen eta eragileen azoka, beraz, akuilu izan daiteke alor sozio-ekonomia euskalduntzeko prozesuan.
"Gipuzkoako enpresak aitzindariak dira hizkuntza kudeaketarako planak beren ohiko funtzionamenduan txertatzen: Antzuolako Elay, Arrasateko Fagor, Kutxa, Pasaiako Portua edo Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu duten Gipuzkoako 529 erakundeak, adibidez. Bada oraindik zeregina arlo horretan, ordea. Izan ere, euskarak bizitza sozialean aurrera egin dezan, funtsezkoa da alor sozioekonomikoa euskalduntzea, orduen heren bat lanean pasatzen dugu-eta", adierazi du Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak.
Etxeburuak krisi garai honetan Euskal Herriko merkatuan euskaraz jardutea balio erantsia dela adierazi du, "euskaraz lan egiten duten enpresek lehiakortasuna handitzen dutelako". Gipuzkoako Foru Aldundiak alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko traktore lana egiteko asmoa duela gaineratu du Euskara zuzendariak. Alde horretatik, Foru Aldundiarekin lan egiten duten enpresei zerbitzuak euskaraz ere eskaintzea eskatuko zaiela iragarri du. Etxeburuak esan duenez, "erakundeok ere badugu ardura alor sozio-ekonomikoan euskarak nabarmen aurrera egin dezan. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin gaur sinatutako hitzarmenak betebehar horri erantzun nahi dio, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka antolatuta, ideia hori mahai gainean jarri eta sustatu egingo dugulako".
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, duela bi urte, Enpresarean egitasmoa jarri zuen martxan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmena proiektu horren barne txertatu nahi du. Enpresarean egitasmoaren helburua honako hau da: arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile berriak aurkitzea. Hori guztia, baina, euskara elementu komuntzat duten enpresa, elkarte eta entitateen artean. Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariaren hitzetan, azoka honen bidez lortu nahi den helburu nagusia da enpresei negozio-aukerak handitzea eta proiektu berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz. "Horrez gain, euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei erraztasunak eman nahi zaizkie, eta euskarazko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten entitateei salmentarako gune bat eskaini. Hala, enpresei negozio berriak egiteko ateak irekiko zaizkie, proiektu enpresarial berriak sortzeko, euskaratik eta euskaraz. Horrek guztiak, gainera, euskararen prestigio soziala areagotzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzeko balioko du".
Euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka 2012ko azken hiruhilekoan egingo da, Donostian.
